Pello Urzelai / 2016-02-07 / 808 hitz
Bere unibertsitateak mundu aberatseko garestienak bihurtu eta estudianteak murrizketen biktima eginik, David Cameronek denbora bonba piztu du Britainia Handiko gazteriaren oinetan. Unibertsitateko denboran 60.000 euroko zorrak pilatuko dituzte, askok ezingo dituztenak kitatu gutxienez 50 urte bete arte.
“Ikasleen zorra handitzeak belaunaldi oso bati injustizia sakontzen dio”, idatzi du The Guardian egunkarian Will Hutton Hertford Collegeko zuzendariak. “Gazteei emandako tratu honekin Britainia Handia sortzen ari da estratifikazio handiena, mugikortasun sozial txikiena eta krudelki injustua den gizarte bat”.
2012ko apirilaren 25ean AEBko ikasleek One Trillion Day eguna ospatu zuten, munduan beste inon baino zorpetuago zeudela salatzeko. Ikasleen %67k zorrak eginda amaitu zuten lau urteko karrera. Hiru urte beranduago, britainiarrek ostu diete lehen postua ranking tristean: diplomatu berrien %80tik gora zorpean bizi dira.
Hari horri tiraka unibertsitate ingelesetan ikusi dituenak Parisko Basta! kazetan kontatu ditu Emmanuel Sanseauk: ”Pourquoi les étudiants britanniques croulent sous les dettes”, alegia ikasle britainiarrak zergatik lehertzen diren zorretan itota.
Hasteko bisitatu du Manchesterreko unibertsitatea. Harritu da hain campus ederra aurkituta, txukun mantendua, zuhaitzez betea, hiri kutsatuaren erdian oasi bat legez. Harik eta haragizko unibertsitarioekin egin duen arte topo.
Emmak 21 urte dauzka eta… 27.000 librako zorra (35.000 euro). Estatuak emandako kreditua ordaintzen hasiko da urteko 21.000 libra (29.000 euro) irabazten hasiko den egunean.
Emma: “Aitaren eta amaren soldatak batuta urtean 30.000 libra irabazte dute, sakrifikatzen dira nik ikas dezadan. Ni nola edo hala ateratzen naiz aurrera, atera zaidan ordukako lantxo bati eta eguneroko gastuen kontrolari arreta gehiago jarriz ikasketei baino. Ez naiz kexatzen, nire lagun batek ordezkapenak egiten ditu, hamabi ordu gauez, eta bizi sozial osoa eten behar izan du”. Aldiz, bere unibertsitateko zuzendariak urtean 251.000 libra irabazten omen ditu, hileko 29.000.
Cameronen gobernuak murrizketen gerra hasiz geroztik, unibertsitateek hiru halakotu egin dituzte tasak, 3.000 libratatik 9.000taraino. Beste eskuarekin, Cameronek ikasleentzako poltsa edo beka sistema ezabatu du. Milioi erdi ikasle britainiarrentzako lehen gutxi –urtean gehienez ere 3.387 libra (4.600 euro)–, baina orain batere ez. Ordainetan, kreditu sistema eskaintzen zaie.
Hiru urteko karrera burutu duten diplomadun zorpetuek bataz beste 44.000 librako (63.000 euro) zuloa daukate. Pezetatan hamar kilo pasatxo. Institute for Fiscal Studies erakundeak kalkulatu du gehienak 50 urte beteta ere ordaintzen ariko direla.
Lizentziatu bat iristen denean urtean 21.000 libra irabazten, hortik aurrera Student Loans Company estatuaren kreditu konpainiak %9a deskontatzen dio atzeratutako mailegua kitatu artean. Kenketa hau amaitzen da hasi eta 30 urtera, zorra osorik ordaindua izan edo ez.
Estudianteei denetara urtean 10.000 milioi libra aurreraturik, Estatuak sekulako mailegu meta egin du: gobernuak kalkulatu du 2018a bitartean 100.000 milioi libraren (138.000 milioi euro) muga gainditua izango duela. Konparazio bat egiteko, 2014an erretiroen aurrekontu osoa 103.000 milioi libratakoa izan zen.
Ikerketa batzuek erakutsi dutenez balitekeela %45era iristea zorra kitatu ezingo duten diplomatuen kopurua, Erresuma Batuan hasi dira entzuten alarma deiak, denbora bonba bat dagoelako lehertzeko abiarazia. Finantza ministerioak berak kalkulatu du %48,6ra iristen badira ordaintzen ez dutenak, Estatuari garestiago aterako zaiola oraingo sistema lehen berak desmuntatu duena baino. Estatua argaltzeko aitzakiarekin, zor publikoa handituko du sistemak.
Gurasoen pentsioak haurrek ikasteko
Ordaindu ezinik dabiltzan ikasle askok bere burua aurkitu du Interneteko mailegu-emaile lukurreruen hatzaparretan. Internetez aurkezten dituzte interes tasa lotsagarrizko zerbitzuak PiggyBank bezalako putreek: 300 libra atoan emango dizkizute… sei hilabeteren buruan 582 itzultzekotan.
Urtero 30.000 ikaslek jotzen dute tipo horretako payday loan maileguetara. Ordaindu ezinak ezbeharrik eragin du. 2013an Manchester ondoko Ashton-under-Lynen bere buruaz beste eginda aurkitu zuten etxean Kane Sparham- Price. Zorra itzuli ezinak ez zizkion hobetu lehendik zekartzan gorabehera psikologikoak. Suizidatu baino ordu batzuk lehenago payday loanetan liderra den Wonga konpainiak hustu zizkion bankuan zeuzkan diru guztiak, beti ere lege barruan.
Emmanuel Sanseauk kontatu duenez, hedabide ingelesek sarritan erakutsi dituzte txirotasunean bizi diren estudianteak, xentimorik gabe bizirauten, apartamentu hondatuetan, kalefakziorik gabe. Badirudi jendea ohitu egin dela normaltasun berri horretara. Bizirauteko, ikasle britainiarren hiru laurdenek lan egin beharra daukate.
Lan prekarioetan, prefosta, zero orduko kontratuekin, hilabetea txukun amaitzeko bermerik gabe. Beste batzuek karitatezko elkarteetara jo beharra daukate, elikagai bankuetara eta abar. Unibertsitate batzuk hasi dira aztertzen beren jangela sozialak antolatzea. “Horra Cameronen gobernuaren –dio Sanseauk– balantze sozial harrigarria. Erresuma Batuan ekonomia berpizten hasi dela aldarrikatzen du harro, zirkinik gabe legitimatzen du miseria esanez diploma lortzeak baimenduko diela gehiago irabaztea, baina gero estatistikek erakusten dute diplomatuen %60 dagokien kualifikazioaren azpiko lanpostuetan ari direla beharrean”.
Will Hutton unibertsitateko zuzendariak idatzi duenez, Cameronen politikek ondorio latzak utziko dizkiete familiei. Batetik herentzien gaineko zergak arinduz gurasoek beren pentsioa oparitu diezazkieten haurrei, eta bestetik beka sistema suntsituz, aberatsak gai izango dira seme-alaben zorrak arintzeko, baina estuago dabiltzanak hondoratu egingo dira, daukaten guztia atzeratutako zorrak kitatzeko erabili beharragatik.
Unibertsitateak elkarren arteko lehian sartu dira, ikasle berriak erakartzeko marketina erabiliz, merkatuan soldata onenak lortuko dituztela iragartzen diren karreretan berezituz, beren izaera itxuraldatuz -dio Huttonek- irakaskuntza akademiko sendo batetik gama altuko enpleguetarako ikasketetara.
Horiek denak Britainia Handian gertatzen dira. Baina gure inguruan? La Directan Gloria Mbillak informatu du PPren gobernuan José Ignacio Wertek ezarritako politikarekin Madrilgo autonomi erkidegoan 70.000 gazte aurkitu direla unibertsitateko ikasketei uko egitera behartuta. Zor eta frustrazioak ez dira gutxiago izanen Madrilen adostu ezinean ari diren gobernu berria hasiko denean Europak agindutako 12.000 milioiko murrizketak aplikatzen.