Nagore Etxeberria / 2016-02-27 / 1028 hitz
Egunak 24 ordu ditu denentzat; guztiek, baina, ez dituzte modu berean erabiltzen eguneko minutuak eta orduak. Egoera pertsonalak, adinak, gizarte ereduak, baldintza sozioekonomikoak eta beste hainbat faktorek eragin zuzena dute denboraren kudeaketan.
Hegan doa denbora; oharkabean igarotzen da. Eta denborarekin, ohiturak aldatu egiten dira, eta bizitzeko modua, baita bizitza ikusteko modua ere.
Egunak 24 ordu baino ez ditu, batzuk gehiago nahiko lituzketen arren. Eta 24 ordu horietatik asko lanean pasatzen dituzte batzuek, aisialdian beste batzuek eta ikasten beste askok. Adinaren, egoeraren eta bizitzeko moduaren arabera, asko aldatzen da eguneko orduak igarotzeko modua.
Euskal Herriko Unibertsitateak denboraren gaineko ikerketa sakona egin du berriki, Eustat estatistika institutuarekin lankidetzan. 1993tik 2013ra bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoan izan den gizarte aldaketa aztertu dute, denboraren erabilera oinarritzat hartuta. Emaitza esanguratsuak eman ditu ikerketak. Horren arabera, egun orain dela hogei urte baino denbora gehiago eskaintzen zaio zaintza pertsonalari, aisialdiari eta senideak zaintzeari, eta denbora gutxiago etxeko lanak egiteari, eta 2008tik, baita lan egiteari eta ikasketei ere.
Maria Jesus Monteagudo Deustuko Unibertsitateko Aisialdiko katedraren zuzendariaren aburuz, geroz eta garrantzi handiagoa ematen dio jendeak aisialdiari: «Aisiaren inguruko kontzientzia handiagoa du jendeak, eta, lehen ez bezala, denbora librea izatea eskubidetzat dugu». Eta hala izan behar du, gainera, ongi pasatzeko baino zerbait gehiagorako baita aisialdia, Monteagudoren hitzetan: «Aisialdia balio bat da; ongi egoteko eta ongi sentitzeko gakoetako bat. Azken batean, aberastasun pertsonalerako iturria da, garapen pertsonal eta sozialerako iturria, eta garatzen eta hazten laguntzen gaituen jarduera».
Deustuko Unibertsitatean maiz egin izan dituzte aisialdiaren gaineko azterketak, eta lortutako emaitzetatik ondorioztatu izan dute «aisialdiak bizitzako hainbat egoera gainditzen laguntzen duela», gaineratu du Aisialdiko katedraren zuzendariak. Aisialdiak balio erantsi hori duenez, «ezinbestekoa da» txikitatik lantzea eta jorratzea, haren ustez.
Izan ere, zahartzaroan denbora libre gehiago du jendeak, eta, beraz, denbora gehiago eskaintzen dio aisialdiari. «Bere garaian aisialdia ez lantzeak eragina izan dezake aisialdiaz gozatzeko denbora gehiago duten garaian. Izan ere, gerra ostean hazi ziren gizon-emakumeak dira orain erretiratuak daudenak, eta, beraz, denbora libre gehien dutenak. Bere garaian, baina, ez zuten aukerarik izan denbora librearekin zer egin nahi zuten erabakitzeko, eta, orain, maiz ekimena falta zaie gauza berriak ezagutzeko eta probatzeko; asko galduak sentitzen dira, zer egin ez dakitela», zehaztu du Monteagudok.
Adinak denboraren banaketarekin zerikusia duela islatzen dute EHUko ikerketako emaitzek ere. Hala, gaztaroan denbora gehiago eskaintzen zaie ikasketei eta formakuntzari; helduaroan, lan ordainduari; eta zahartzaroan, aisiari eta gizarte bizitzari.
Ekintzak aukeratzeko garaian ere pisua du adinak. Gazteek, adibidez, teknologia berriei askoz ere asti gehiago eskaintzen diete helduek baino.
Teknologia berrien eragina
Teknologia berrien gizartea bihurtu da egungo gizartea, eta, beraz, IKTek gero eta garrantzi handiagoa dute eguneroko bizitzan. Lan eta ikasketa tresna gisa erabiltzen dira maiz ordenagailuak; ez da harritzekoa, beraz, gero eta jende gehiagok pasatzea denbora ordenagailuarekin.
«Aisialdi aktiboko beste jarduerekin konparatuta, Interneti emandako batez besteko denbora nabarmen handitu da, urteak pasatu ahala; hirukoiztu egin da 2003tik», azpimarratu du Lucia Merinok, Soziologia Saileko doktoretza ondoko ikerlariak. «Gizonak, 16 eta 34 urte artekoak, unibertsitate ikasketak dituztenak eta ikasleak dira Interneti asti gehien eskaintzen diotenak», gaineratu du.
Oro har, lanerako eta ikasketetarako erabiltzen dute ordenagailua gehien, aisialdiko tresna gisa bideo jokoei emandako batez besteko denbora «oso txikia» baita, Merinok kontatu duenez.
Komunikabideen arloan teknologia berriek eragin duten aldaketa ere «oso nabaria» izan da. «Aldaketa global nabarmenena izan duen sektorea prentsa idatzia da», azpimarratu du Merinok. Hala, erdira jaitsi da idatzizko hedabideen kontsumoa azken hogei urteetan. «Idatziz komunikatzeko forma berriak prentsa tradizionalaren gainetik nagusitzen ari direla pentsatzera bultzatzen gaitu horrek», ondorioztatu du Merinok.
Irratia entzuteari eskaintzen zaion denboran ere nabaria da aldea: 1993an, ordubete eta hamar minutu pasatzen zen; 2013an, 29 minutu baino ez.
«Irratiaren kontsumoa beti izan da beste jarduera nagusi batzuekin gauzatutako bigarren mailako jarduera. Irratiaren kontsumoa nabarmen murriztu da EAEn, eta ia desagertu egin da aisialdiko jarduera nagusi gisa», nabarmendu du Merinok.
Oro har, «gizonak, 60 urtetik gorako pertsonak eta erretiratuak dira batez beste denbora gehien eskaintzen dietenak prentsa idatziaren, telebistaren eta irratiaren kontsumoari, jarduera nagusi gisa», gaineratu du. Emakumeak dira, aldiz, telebista eta irratia gehien ikusi eta entzuten dutenak.
Teknologia berriek ez ezik, gizarteko egoerak ere eragin zuzena du bizitzaren arlo askotan; baita denbora kudeatzeko moduan ere. Azken urteetan, krisialdiak gogor astindu du gizartea, eta horrek zuzenean eragin du jendearen bizitzeko moduan eta bizi mailan. Lanik eduki ezean, denbora libre gehiago du jendeak, eta beste hainbat ekintza egiteko baliatzen ditu lanari eman beharreko orduak: formakuntzari eta aisialdiari, kasurako. EHUko ikerketan, lanari eskainitako denbora nabarmen jaitsi da 2008tik hona.
Zaintza lanak areagotu
Biztanleria ere zahartzen ari da, eta jaiotze tasak gora egin du. Zaindu beharreko jendearen kopurua handitu egin da, beraz. Zentzuzkoa da, horrenbestez, senideak, haurrak eta familiako kideak zaintzen denbora gehiago pasatzea gaur egun duela hogei urte baino.
«Haurrak eta etxekoak zaintzen pasatzen den denbora neurtzea oso zaila da, ordea, jendea zaintzea ez baita ekintza fisiko bat soilik; ekintza emozionala eta psikologikoa ere bada. Hala, maiz beste zerbait egiten aritu arren, zaintzen ari garen pertsonen beharrak antolatzen eta kudeatzen aritzen gara», adierazi zu Gisela Bianchik, ATH-ELE Bizkaiko Etxeko Langileen elkarteko kide eta EHUko ikertzaileak.
Neurri handi batean, oraindik ere emakumeak dira zaintza lanak bere gain hartzen dituztenak. «Adina, lan merkatuarekin duten harremana eta heziketa kontuan hartu gabe, oro har, emakumezkoek gizonezkoek baino denbora gehiago eskaintzen diote zaintzari», kontatu du Bianchik.
«Emakumezkoak lan merkatuan gero eta gehiago integratu diren arren, gizonezkoak ez dira proportzio berean sartu etxeko zaintza lanetan», gehitu du Bizkaiko Etxeko Langileen elkarteko kideak.
«Zaintza lanak emakumeen ardura nagusia direnez oraindik, etxean zein etxetik kanpo lanpetuak jarraitzen dute, eta, beraz, aukera gutxiago dute euren lanbide profesionaletan garatzeko eta bizimodu sozial eta politikoan modu aktiboan parte hartzeko», dio Bianchik.
Adinean aurrera joanagatik, emakumeek zaintza lanak egiten jarraitzen dute, eta, beraz, «emakumezkoek aisialdiko ekintzak egiteko oztopo gehiago dituzte gizonezkoek baino, eta aisialdia lantzeko aukera gutxiago dute», gogoratu du Monteagudok.
Azken urteetan, baina, izan da aldaketarik arlo horretan. Bianchik dioenez, lehen, 16 eta 34 urte bitarteko gazteak ziren haurrak zaintzen denbora gehien ematen zutenak; gaur egun, ordea, adin tartea aldatu egin da, eta 35-59 urte bitartekoak arduratzen dira gehien lan horiez. Era berean, nabarmentzekoa da erruz handitu dela 60 urtetik gorako jendeak haurrak zaintzen ematen duen denbora ere. «Gaur egun aitona-amonek kontziliazioan eta biloben zaintzan betetzen duten rol garrantzitsuaren ispilu dira datu horiek», azpimarratzen du.
Denbora aurrera doa; ez du atzera bueltarik. Eta, denborarekin, gizartea aldatuz doa, ohiturak berrituz, gizartea eraldatuz.