Amagoia Mujika Tolaretxipi / 2016-02-16 / 1.183 hitz
El Salvadorko emakume gehienen lanbidea ehungintzan dago, baina giza eskubideak era latzean urratzen zaizkie, atzerriko enpresen aberastasuna bermatzeko. Mujeres Transformando taldeak eskubideak aldarrikatzen eta kontzientziatzen lan egiten du 2003tik, borroka etengabean.
Jostuna izan da Cecilia Campos hemezortzi urtean (San Miguel, El Salvador, 1973). Gau eta egun aritu da, etxeko bakardadean, artelan konplexu eta korapilatsuak brodatzen, AEBetan salduko diren soineko dotore eta garestietan itsasteko. Aitarik ez duten hiru seme-alaba nekez atera ditu aurrera, bizirik irauteko makina bat izerdi botaz. Baina MT Mujeres Transformando talde feministak eman dio beste bizitza bat egiteko aukera. «Montserrat [Arevalo] etorri zitzaigun gure egoera zein zen azaltzera. Beldurtu egin ginen hasieran, pentsatzen genuelako gauza horietan sartuta lana gal genezakeela». Barrez gogoratu ditu une haiek. Arevalo MTko zuzendaria da, eta haren bidez sartu zen taldean. Orain, 2012tik, nekazaritza guneetan bizi diren emakumeekin egiten du lan Camposek, MTren izenean, haiekin egonez, kontzientziatzen eta borrokatzen.
Donostiara etorri da Moly Sanchez abokatuarekin (La libertad, 1978) eta Ingrid Palacios MTko bozeramailearekin (San Salvador, 1988). Etxeko brodatzaileen eta maquiletako langileen egoeraren berri emateko gonbidatu ditu Setem Hego Haizeak elkarteak, eta horretan ari dira, bai hemen eta bai beren herrian, «El Salvadorko esklabotza modernoa» deritzotena salatzen.
Balio handiko brodatuak erakutsi ditu Camposek, harro. «Tarteka aritzen naiz josten; asko gustatzen zait». Baina ez du batere nostalgiarik sentitzen brodatzaile garaiez. «Lanean egin ditudan hemezortzi urteetan ez naiz medikuarengana joan ere egin, ez dugulako ez asegururik, ez ezer. Lankideak dauzkat 20-22 urte lanean, pentsiorik gabe, abandonatuak. Herrian bertan ere ez dakite brodatzaileak daudela». Bi dolar jasotzen dituzte piezako (1,78 euro), eta pieza bat egitea hamasei ordu kostatzen zaie. Bi dolar horietatik kenketak dauzkate langileek. 1,80-1,90 jasotzen dute. Oso lan zaila da, zehaztasun handikoa. Piezok maquiletako langileek egiten dituzten soinekoetan txertatzen dituzte, oso baldintza txarretan emakume horiek ere, eta, behin produktua amaituta, esportatu egiten dituzte: 118-120 dolarrean saltzen dira.
Astebetean hogei pieza egiteraino iritsi zen Campos. Maquiletan hasi zen lanean brodatzen hasi aurretik, baina, beste hamaika emakumek bezala, lehen umea jaio bezain laster utzi behar izan zuen, umea zaintzeko inor ez zuelako. «Umeak zortzi bat hilabete zeuzkala, ni bizi naizen kantonamendura enpresa bateko burua iritsi zen emakume batekin, eta hark erakutsi zigun brodatzen. Etxez etxe ibili zen emakumea, galdetuz nork ikasi nahi zuen. Oso polita jarri zigun dena. ‘Begira, zuen bila nabil, brodatzen ikas dezazuen. Zuen etxean egongo zarete, zuen umeak zaintzen, senarra, etxeko gauzak egiten… eta lantxo honekin diru saritxo bat izango duzue’. Gu oso pozik jarri ginen, benetako beharrak baitauzkagu. Hasi nintzenean indar gehiago nuen; gaztea nintzen». Baina urteek aurrera egin ahala, nekatuz joan zen, zehaztasuna galduz, eta ume gehiago ere izan zituen; etxeko lan guztiak bere gain zituen.
Pobrezia betikotzen
Brodatzeko martxari ezin eutsita eta apur bat gehiago irabazi nahian jartzen dituzte emakumeok etxeko guztiak lanean, umeen lana ere badelako brodatzaileena, neskena batez ere, eta kate batean sartzen dira. Ingrid Palaciosen arabera, «enpresa buruen ordezkoak oso pozik daude horregatik, ikusten dutelako amak jada berea eman duenean, ez duenean lehen bezainbeste produzitzen, ordezkoak badituztela. Ume horiek ez dira eskolara joaten, eta egoera errepikatzen da».
Emakumeek, batez beste, 40 urterekin lana utzi behar izaten dute. «Ezinduak geratzen dira beste ezertarako; ez dute asegururik, gizarte laguntzarik». MTk egindako azterketetan, ikusi ahal izan dute lesio asko dauzkatela, hezur, gihar eta ikusmen arazoak, horrenbeste josteagatik, baita psikologikoak ere, bakardadean presio handia jasaten dutelako. Ikerketok «oso baliogarriak» direla uste du, «lanbidea oso ezezaguna delako. Hirietatik urrun daude gehienak, nekazaritza guneetan. Enpresak emakumeen profilak erakarririk joaten dira hara: ez dute ikasketarik, pobreak dira, gazteak, eta, maiz, umeak bakarrik hezten dituztenak».
Zazpi enpresa ikertu ditu MTk dagoeneko. Horietarik bi dira handienak, umeen arropetan espezializatuak: Hardworks S.A. eta Jacobi S.A., eta 32 marka komertzializatzen dituzte, besteak beste Zuccini, Sweet Dreams eta Posh Pickle. «Ez dute batere prestaziorik eskaintzen, ez dute zergarik ordaintzen, eta azkenaldian egin ditugu hainbat saiakera Lan Ministerioak ikuska ditzan, baina ez dugu erantzunik jaso».
Ehun pertsona erregistratu dituzte brodatzaile langile gisa gutxieneko eskubideak izan ditzaten, «baina hori oso kopuru txikia da. Milioika dolarren irabaziez ari gara».
Maquilak
Zona frankoez baliatzen dira enpresok, atzerriko inbertsioak erakartzeko inportazio eta beste zerga mota batzuetatik salbuetsiak dauden guneez. 257 ehungintza enpresa daude El Salvadorren, denak gune horietan.
Maquiletan aritzen diren emakumeek, berriz, brodatzaileek baino soldata hobeak dituzte, baina horiek ere batere duinak ez, eta era guztietako tratu txarrak jasaten dituzte: fisikoak, psikologikoak eta sexualak: 210,9 dolar jasotzen dute batez beste hilean (188,4 euro). 80.000 langile inguru dituzte, eta %90 emakumeak dira, 18 urtetik 40 urte bitartekoak.
Moly Sanchez abokatuak ondotxo ezagutzen du emakumeon egoera, bederatzi urte daramatza-eta askori aholkularitza ematen. «Giza eta lan eskubideen urraketak etengabe gertatzen dira. Lan jazarpena izugarria da. Moduluetako ikuskatzaileek eta arduradunek langileak zigortzen dituzte, eta jazarri egiten diete; komunera joateagatik bandera bat jartzen diete kolore hori edo laranjakoa, gainerako emakumeek ikus dezaten nor ari den lana atzeratzen». Izan ere, katean egiten dute lana, eta arazoak izaten dituzte ezarritako helburuetara iristeko. Ekoizpena handitzeko sistemaren bidez, langileak bata bestearen kontra jartzen dira, eta elkar salatzen dute, inork katea ez dezan atzeratu. «Lan egiteko modu berria da, baina langileen buruan sartu dute».
Medikuarengana joatea edo bost minutu atzeratzea nahikoa da egun hori ez ordaintzeko, edo igandea ez kobratzeko. «Askotan, pentsio poltsatik egiten diete deskontua, eta deskontu hori ez da asegururako izaten, baizik eta enpresen jabeen poltsikoetarako». Mujeres Transformando taldean bidea egin duten emakumeek kontatzen dutenez, egunerokoak dira sexu erasoak, baina ohikotzat jotzen dira. «Salatzea zientzia fikzioa da».
Lege proposamena
Lanaren Legea aldatzeko proposamena bideratu du Mujeres Transformando taldeak legebiltzarrean, eta martxorako espero dute proposamena eztabaidatzea. Batetik, brodatzaileen eskubideak arlo pribatuko edozein langileren eskubideekin berdintzea eskatu dute, eta, bestetik, gutxiengo soldataz ere hitz egiten ari dira, besteak beste, maquiletako soldatak igotzeko. Hiru urtean jarri nahi dute martxan. «Guk gure proposamena egin genuen 350 dolarrera igo zedin gutxieneko soldata. Kontuan hartu dugu oinarrizko beharrak asetzeko behar dena… eta Gutxiengo Soldataren Kontseilu Nazionalarekin ere hitz egin dugu». Komunikabideetan kanpaina egiten hasita daude. Ingrid Palacios da kanpainaren arduraduna. «Irratietan espotak jarri ditugu, eta komunikabideetan beste hainbat ekinaldi bultzatu ditugu, elkarrizketak eta mahai inguruak. Sinadurak biltzen ere ari gara». MTn dauden emakumeak ere ari dira kanpainan parte hartzen buru-belarri.
Ez da erraza izaten emakumeok erakartzea, Cecilia Camposek bere esperientzian oinarrituta kontatu duenez: «Informazioa eskuratzen dute, baina gero errealitatearekin egiten dute topo, eta lan handia egin behar da hitzaldien bitartez-eta beren buruaren jabetzaz ohar daitezen. Matxismo handia dago. Batzuek senarrarekin istiluak izaten dituzte bileratara joate hutsagatik. ‘Zertara zoaz? Burua jango dizute. Ez altxa ahotsa; horretarako joaten zara bileretara?’ eta horrelakoak. Lan eskubideengatik bai, baina pertsona gisa ditugun eskubideengatik ere borrokatzen gara».
MTren lanetako bat horixe izaten da, Palaciosek dioenez: «Ahalduntzeaz arduratzen gara: emakume eta langile gisa dituzten eskubideen berri ematen diegu; eztabaida eskola feministak dauzkagu; pertsonalki sendotzeko bitartekoak. Emakumeok badakite zer eskubide dituzten, baina beren autoestimua eta autonomia sendotzen lagundu behar diegu, ongi senti daitezen, indartsu, eta beren eskubideak eska ditzaten». Eskubideen berri izateak ez baitie ematen hitz egiteko behar duten adorea. 350 bat emakume mugitzen dira MTn.
Etorkizunerako erronka batean ere sartuta dabiltza: «Enpresa bat sortzen ari gara. Egitasmo bat daukagu, berritzailea, eta oso pozik gaude horrekin. Enpresa solidario bat osatu dugu, eta nahi dugu soineko guztiak egitea, ez piezak bakarrik». Prozesu guztia emakumeek egitea da asmoa, hasi eta buka: diseinua, soinekoak, marka eta enpresa, eta erosle arduratsuak aurkitzea, esklabotzatik atera eta emakume libreak izateko.