«Lurrean zizelkatua da bizia, herriaren historia, gure zeluletan DNA bezala»

Nora Arbelbide Lete / 2016-02-21 / 1.275

Trikuharri eta harrespilek ez dute gehiago sekreturik arkeologia kontuetan erreferentzia bihurtua denarentzat; 60.000tik gora kilometro eginak ditu oinez 50 urtez, iraganeko aztarnak zerrendatu, ikertu eta hedatzeko gogoz.

Lapurdi eta Zuberoa arteko mendiak, artzainen mundua eta protohistoria. Gune, jende eta une horiek ditu bereak Jacques Blotek (Aljer, Aljeria, 1933). Trikuharriak agertu garaiak abiapuntu (4.000 K.a.), harrespilekin segituz (2.000 K.a.), zero urteraino, baita urrunago ere: XV. menderaino, monumentu protohistorikoak aurki baitaitezke. Horra koadroa.

Eta barne horretan, harrien gibelean gorde gizona du bilatu arkeologoak. «Jadanik euskaldunak diren euskaldunak». Aita-amak biarnes jatorrikoak ditu; aita, militar medikua. Aljerren kasualitatez sortu zela dio, eta «biziaren gorabeherek» egin zutela Lot-et-Garonan handitzea ere. Kasualitatez iritsi zen ere Donibane Lohizunera (Lapurdi), mediku bat ordezkatu behar zuela eta. Baina ez da kasualitatez gelditu Euskal Herrian, ordea: «Herriak berehala konkistatu ninduen». Barandiaranen obra ere kasualitatez ezagutu zuen hasiera batean. Baina, geroztik, maisu egina du. Blot bera arkeologia munduan erreferentzia da aspaldian.

«Jadanik euskaldunak ziren euskaldunak» zure ikergai?

Ikertzen dudan mendia euskaraz mintzo da jada. Monumentuak egin dituzten jendeak euskaldunak dira, kasik euskara den hori mintzo dutenak. Lekuen toponimiak erakusten digu hori. Adibide bat emateko: bada lepo bat Hilarreko lepoa deitzen dena. Bertan hilobiak daude. Monumentu horiek eraiki zituzten garaitik dator izena. Leku hori jadanik Hilarreko lepoa deitzen zuten 2.000 K.a.

Ofizioz mediku, 1967an hasi zenuen monumentu protohistoriakoen azterketa; zerk bultzatu zintuen horretara?

Aitak eman zidan prehistoriaren gustua. Hona iritsitakoan, Euskal Herriko prehistoriaz zer zegoen eginik bilatzen hasi nintzen. Ez zela gauza handirik ihardetsi zidaten. Izatekotan, bazela euskal apez baten —Barandiaran!— liburu bat: El hombre primitivo en el País Vasco (Euskal Herriko gizon primitiboa). Interesatua nintzenez —Nolaz ez!—, Buenos Airestik ekarrarazi nuen liburua. Ez baitzen eskuragarri, ez Espainian, ez Frantzian, frankistengatik. Liburua gida moduan hartu, eta mendira joan nintzen. Deskribatzen zituen monumentuak ikusten nituen, eta pasioa hazten hasi zitzaidan. Nuen egun libre bakoitz joaten nintzen mendira. Batzuetan, goizeko seietatik gaueko hamarrak arte. Erritmo horretan laster egiten dituzu, bai, 60.000 kilometro, baita gehiago ere.

Barandiaranen liburua osatzen hasi zinen orduan?

Mendira gero eta gehiago joan, eta orduan eta monumentu gehiago ikusten nituen, Barandiaranek zehaztu ez zituenak. Jean Haritxelar kontaktatu nuen orduan. Garai hartan Euskal Erakustokiko zuzendaria zen. Aurkitzen nituen monumentu ezezagunak Euskal Erakustokiaren agerkarian publikatuko zizkidala erran zidan. Euskal Herriko ondarearen ezagutza aberastuko zela horrela. Eta hori egin nuen. 1971tik gaur egun arte egin aurkikuntzak agerkarian argitaratu ditut. Eta segitzen dut. Oraindik aurkitzen ditut gauzak.

Zifra adierazgarri batzuek azal dezakete egin duzun lana. Zerrenda bat bada…

Galdera hori eginen zenidala aurreikusia nuen… Beti aldatzen baitira, hemen ditut 2013koak. [paper bat hartu du]. Hauek ere goititu dira. Beraz: 233 trikuharri, 367 tumulu-harrespil, 403 harrespil, 108 monolito eta 1.060 bizileku ziren muinoak.

Eta zenbaki horien gibelean hamaika bizi. Ea bi hitzez mundu hori azaltzen ahal diguzun: monolito horiek zer dituzu?

Monolitoak iruinarri edo menhirrak dira. Hemen, artzainen mugarriak ziren. Auzoen arteko hitzarmenetarako erabiltzen zituzten, iturri edo bazkaleku partekatzeentzat. Geroztik ere izan ziren mugarri horiek, fazeria gisa. Lizuniako mugarria, adibidez, hango monolitoaren maila berean jarri zuten. Monolitoa gorago da, antzinako bideetan. Mahaia egin zutenek bazekiten hori. Hauek beherago egin zuten, beren garaiko bideen heinean. Baina errituala segituz. Iraganak eta orainak bat egiten dute.

Beste bi hitz trikuharriz eta harrespilez?

Ikertu arau, ohartu nintzen ez zirela nonahi jarriak. Trikuharriak mendien erditsutan dira. Ekialdera begira dira. Bizia goizero berriz sortzen zaie haien aitzinean. Laborantza asmatzearen garai berekoak dira. Gari bihia ereiten duzularik, galburu bat ematen dizu. Garia birsortzen da nolazpait. Hila lurperatzean birsortu daitekeela pentsa zezaketen. Gorputzak osorik lurperatzen zituzten. Eskaintza anitz egiten zizkieten, eta altzariak ere osorik sartzen zituzten. Gaur egun ez da gehiago deus trikuharrietan. Baina nik ikusi izan ditut oraino hunki gabeak. Altzari aberatsak aurkitu ditugu.

Harrespilak, aldiz?

Harrespilak anitzez gorago dira. Lepo edo mendi gainei lerrokatuak. Hor errausten zituzten gorpuak. Pertsona bakarrarentzat zen hilobi bakoitza —trikuharria behin baino gehiagotan erabiltzen zuten—. Harrespilean gorpuaren puska bat bakarrik jartzen zuten. Baita eskaintzen, altzarien puska bat ere. Zatiak osoaren balioa zuen. Dena sinbolikoa zen. Keinu sinboliko anitz ere baziren. Gaur egun, hilobi gainera loreak botatzen diren bezala, orduan harriak ziren botatzen, adibidez. Erritualek gutarik biziki hurbil egiten dituzte jende horiek. Dolua, emozioa, laguntasuna… dena hor da.

Estetika handiko lekuak dira monumentuen lekuak.

Hor puntu garrantzitsu bat hunkitzen duzu. Estetikak izugarri hunkitzen nau. Hilobiak jartzeko hautatu lekuen estetikak. Okabe, adibidez, liluragarria da. Zerumugari begira, Orhi parean. Bista liluragarriak dituzu beti. Monumentuak eraiki zituztenak estetikaren sena bazuten.

Monumentuak berak indar estetiko handikoak ere badira, ezta?

Bai, bai. Biziki ederrak dira. Eta guretzat ederrak badira, haientzat ere bai. Trikuharri eta harrespilen artean, berriz, ezberdintasun handia dago. Trikuharria ikusia izan zedin egiten zuten. Harrespila eraiki berririk biziki ederra zen, baina gero lurrez estaltzen zuten monumentu nagusia gordetzeko. Ez zen hori garrantzitsua. Sinbolikoa zen garrantzitsua. Borobilarena. Zergatik borobil hori galdeginen didazu?

Bai, zergatik?

Ilargiaren borobila ote? Hil argia… Hori zioen Oteizak. Nik ez dut hainbeste sinisten horretan. Nire ustez, borobilak hilak bizidunen eraginetatik babesteko ziren. Bizidunak ere babesten zituen txarra izan zitekeen hilen eraginetatik. Gero, harrespil erdian tumulu bat dagoelarik, lurra atxikitzeko teknika bat ere izan daiteke. Eta, dena dela, borobilaren sinbologia mundu osoan dugu aurkitzen. Unibertsala eta betikoa da.

Kasik 50 urte ari zarela protohistoria arakatzen, nola laburbildu zenezake aurkitu duzuna?

Bizia, herriaren historia lurrean zizelkatua da, bere monumentu, bere hizkuntzaren bidez, gure zeluletan DNA zizelkatua den bezala. Lurra euskalduna da, mila detaile hor daude froga gisa. Bizileku ziren muinoen ondoan etxolak daude. Lekuak beti berriz erabiliak dira. Ohiz kanpoko jarraipena bada iragana eta orainaren artean.

Mendian ibiltzen zarelarik, oraina ikusteaz gain, iragan hori ikusten duzu, hortaz?

Ikusten duzuna zer den dakizularik, bere milaka urteetako historia lurrean zizelkatua duen herri batean zaude. Iragana eta oraina bat egiten ikusten ditut.

Hasieratik zorroztasun handiz egin duzu azterketa lana.

Mendi bakoitza IGN kartetan notatzen nuen. Kartetan ageri ziren bidexkak hartzen nituen. Artzainen bidexkak baitira, bidexka prehistorikoak berriz hartzen dituztenak. Eta, mendiz mendi, Zuberoara iritsi naiz itsasbazterretik.

Eta halako batean, arkeologo bihurtu zara.

Egun batez, ezagutzen nuen gune bat desegiten ari ziren makinen aitzinean gertatu nintzen. Errozaten zen. Geldiarazi nituen, eta Bordele abisatu.

Bordele?

Euskal Museoko agerkariko nire argitalpenak Bordeleko Akitaniako antzinaroko obra historikoen zuzendaritzara iritsi ziren. Deitu ninduten ea haien Euskal Herriko ordezkaria izan ote nahi nuen. Ez nindutela ordainduko gehituz. Baina edozein gisaz ez nintzen horrentzat ari. Nire lana molde ofizialean segitzeko aukera ematen zidan horrek. Makina haiek ikusi nituelarik, segituan deitu nituen, beraz.

Prospekzioaren mugak erakutsiz?

Orduan, indusketa lan baten egitea galdegin zidaten. Nik, ezetz, medikua nintzela eta ez arkeologoa. Arkeologo batekin harremanetan jarri ninduten orduan. Hark gauzak nola egiten diren irakatsi zidan. Lagun batzuei irakatsi nien nik ondotik, eta horrela talde bat osatu nuen. Monumentu bat mehatxatua zen aldi oroz elkartzen ginen, eta indusketa lanak hasten genituen. Indusketak ezin ofizialagoak ziren. Baimen guztiak nituen. Hori dena egiten nuen monumentua ahal bezain gutxi hondatzeko.

Baina indusketekin berez andeatzen dira bazterrak, ez?

Indusketa lana irakurtzen ari garen liburuko orri bakoitza irakurri bezain laster suntsitzea bezala dela. Horregatik da inportantea, zulatu arau, lur azpira jautsi arau, argazki, idatzi eta marrazkiak egitea, notak ongi hartzea.

Zergatik garrantzitsua da lan hori guztia? Zer den harrespil bat jakitea? Zure ustez, herritar orok menperatu beharko lukeen gaia da arkeologia?

Herriko jendeei beren herriaren iragana hobeki ezagutzeko aukera eman diete lan horiek. Bere antzinatasuna, bere garrantzia. Indusketa horietan aurkitu denaren hedapenak bi helmuga ditu: bata, Bordele eta gisa bereko egitura ofizialak; eta bestea, herriko biztanleak. Horretarako egiten dira, Euskara jendea bezalako filmak. Filmean 20 minutu irauten duen nire solas bat dago. Pasarazi nahi dudan mezua da: euskaldunak, ohar zaitezte zuen ondarearen aberastasunaz. Ez utzi hondoratzera. Eta har ezazue zuen gogoetetako oinarri gisa.

Zergatik behar litzateke gogoetetako oinarri?

Ez ote duzu uste hobeki ulertuko duzula zer den euskaldun izatea baldin badakizu gutxienez azken 6.000 urte hauetan zure bizilekua euskalduna dela? Eta ordukoek beren tradizioak transmititu dituztela? Arbasoak hobeki ezagutuz, zeuen burua hobeki ezagutuko duzue euskaldunek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.