Edu Lartzanguren / 2016-02-16 / 563 hitz
Martin Scorseseren eta Mick Jaggerren ‘Vinyl’ telesaila estreinatu berri du HBO AEBetako kateak. New Yorkeko 1970eko hamarkadako musika eta droga munduan girotuta dago.
Baina zer da hau? 1970eko hamarkadako rock-and-roll munduan giroturiko telesail bat, eta protagonistak, musikariak izan beharrean, diskoaren industriako exekutiboak dira?». Galdera hori egingo zioten igande gauean ikusle askok euren buruei Vinyl telesailaren probako atala ikustean. Martin Scorsese zinema zuzendariak eta Mick Jagger Rolling Stones taldeko abeslariak sortu dute Vinyl, eta HBO katean estreinatu zuten.
Jagger eta Scorseseren apustuak badu logika: rockaren izarren inguruko filmak egitea jende guztiaren erdeinua irabazteko modu segurua da. Izarron zale ez direnek mitomanian erortzea leporatu ohi diete zinemagileei. Eta zaleek ez diete inoiz barkatzen euren idoloak hilkor arrunt bilakatzea. Beraz, Michael Winterbottomek 24 Hour Party People filmean arrakastaz egin zuen bezala, apusturik seguruena Scorsesek eta Jaggerrek egin dutena da: musika industria ustelaren exekutibo baten bitartez kontatu, eta rock izarrak atrezzoren parte izatera kondenatu.
Duela hogei urte izan zuten ideia zinemagileak eta musikariak. Biek gertutik ezagutu zuten 1970eko hamarkadako New York; hiria leku zikin, drogazale, gaizto eta interesgarria zen garaia.
1970eko hamarkada «ikuspegi artistikotik izugarri interesgarria» izan zela adierazi du Jaggerrek. «Niretzat, garai izugarria izan zen». «Rockaren munduko istorioak kontatzen dituzunean, alde bitxiena hau da: benetako gertakizunak asma nitzakeenak baino eroagoak dira», esan du Terence Winter ekoizleak, «eta askotan esaten diozu zeure buruari: inork ez du hau sinetsiko».
Telesaila sortzeko prozesuan ibili diren gehienak giro hura zuzenean bizitakoak dira. Eta, halere, igandeko bi orduko atalean anakronismo ugari topatu dituzte ikusleek, besteak beste, New Yorkeko metroko aulki garaikideak.
‘Mad Men’ gogora
Vinyl telesailaren istorioa 1973. urtean hasi da: Richie Finestra protagonista (Bobby Cannavale aktoreak antzeztua) autoan dago. American Century izeneko disko konpainiako burua da, baina porrot egitera doa. Etsita, mozkortzen ari da autoan, eta kokaina erosten saiatzen ari da, hiriko kale ilun batean.
Scorseseren ukitua da telesaileko droga, sexu eta ustelkeria giroa. Mad Men-ekin parekatu dute askok, baina haren zorroztasun psikologiko eta dotoreziarik gabekoa da. «Jendea izerditan eta elkarri garrasika 11 orduz», horrela deskribatu du Vinyl New Yorkeko QC moda eta kultura hilabetekariko Maggie Lange zutabegileak.
Lehen atalaren gailurra kontzertu areto batean gertatzen da. Kokaina lortu ondoren, gazte batzuen atzetik haraino iritsi da Finestra, eta, han, punkaren aitzindarietako bat —New York Dolls— deskubritu du exekutiboak. Bere diskoetxea salbatzeko bidearen errebelazioa izango du orduan, kontzertu aretoa hondoratzen denean. Egiazko bi gertaera nahastu dituzte hor gidoilariek: taldeak 1973an argitaratu zuen lehen diskoa, eta eraikin hori benetan erori zen, nahiz eta ez gertatu kontzertu baten erdian.
Nola ez, musika oso garrantzitsua da telesailean. Lehenengo atalean, gutxienez hemezortzi talde edo musikariren doinuak entzun dira; tartean, The Stooges, The Arcs, Royal Blood… Atal bakoitzeko kantuekin disko bana argitaratu nahi dute.
Agertzen diren rock izarren «karikatura» salatu dute kritikariek, besteak beste, Robert Plantena, eta telesaila finago dabilela fikziozko musikariak asmatzen dituenean: lehen atalean, The Nasty Bits. Horko abeslariarena James Jaggerrek egiten du, Mick Jaggerren semeak. «Hori da rock-and-rolla: azkarra, zikina, buruan jotzen zaitu!», esaten die Finestrak diskoetxeko lankideei, aro berriaren ebanjelistarena egiten.
HBO etxeak Game of Thrones eta bestelako telesailetan arrakasta handiz ustiatu dituen osagaiak ditu Vinyl-ek: odolaren eta borroken lekua, drogek eta kontzertuek hartzen dute, eta sexua zein gorpu biluziak ezinbesteko apaingarri gisa erabiltzen dituzte honetan ere. Garaiaren «gehiegikeriak fideltasun handiz irudikatu dugu, ezer bigundu gabe», esan du Scorsesek. Hark zuzendu du lehen atala. Lehen sasoiak hamar atal izango ditu, eta beste atal batzuk zuzentzeko asmoa duela adierazi du Scorsesek.