Kameraren atzean / 2016-02-14 / 684 hitz
Eliza katolikoak bizitzan jarraitu beharreko bidea irakatsi dio mendebaldeko gizarteari mendeetan zehar; sakrifizioa, laguntasuna, ongia… balore gizatiarren arabera ekitearen garrantzia. Baina zer gertatzen da erakunde horretako partaideak oinarrizko diskurtso horri bizkarra eman eta ekintza basatienak gauzatzen dituztenean? Boston Globe egunkariko kazetari talde batek eliza-pedofilia kasuekin topo egin eta progresiboki geroz eta handiagoa bilakatzen den arazo ezkutua aurkezten du Tom McCarthyk Spotlight filmean. Zuzendariak istorioa 2003an Pulitzer saria jaso zuen izen bereko lantaldearen ikerketa jardunean oinarritu eta AEBetako pedofilia kasuetatik abiatu arren, mundu zabala mehatxatzen duen jardun higuingarria esploratzen du azkenerako.
Bortizkeria esplizitua alboratu eta kazetaritza jardunean xehetasunez emandako pausuetan jartzen du fokua filmak. Ikerketaren lehen fasean euren esperientziak konta diezazkiekeen pertsonekin elkartzen da protagonista taldea. Testigantzen segida dinamismo handia du, bereziki, sentimenduz beteriko diskurtso izugarri bisualek ikuslea gertaera horiek irudimenean marraztera bultzatzen dutelako, plano bakoitza intentzio dramatiko hori indartzen duen elementuz betetzerakoan. Parkean biktima homosexualak bere bizipenak kontatzen dituen bitartean emakume bat haurra paseatzen edota bikote heterosexuala lasaitasunez belarrean eserita barre egiten erakusteak ildo berbera indartzen du, gizartearen estandarren arabera bizi direnen erraztasunen eta kontrakorrontean doazenek bizi duten sufrikarioaren arteko pitzadura. Hasierako sekuentzia hau zinez interesgarria da, filmean zehar garaturiko egoeretan behin eta berriz oihartzuna izatea lortzen duten esaldiak mahaigaineratzen dituelako. Esanguratsuena kazetari taldeari kasua aurkezten dien gizon etsituarena da, zeinak kontatzen dien nola apaizek jainkotasuna eta izpiritualtasuna aitzakiatzat hartuta, gazteen arima eta bizi gogoa zurrupatzen dituzten euren interes gaixoen alde, gehiegikeriak egiterako orduan biktimek onartzea beste aukerarik izan ez dezaten.
Bestalde, filmak botere mekanismoen ustelkeria sistemikoa ere lantzen du. Ildo honetan interesgarriena da eliteetako botere ekonomiko eta politikoetara zuzenean jo ordez erantzukizunaren diagnosi eskalonatua egitea, hau da, gizarteko maila ezberdinetan arazo hau jakina zela eta denek onartzen zutela proportzio handiago edo txikiagoan, eta bazirela sare izugarri koordinatua eraldatu edo iraultzea ezinezkoa zenez, bertatik etekin pertsonala lortzea ere bilatzen zutenak. Ikerketak aurrera egin eta ustelkeria eta zorigaitz zantzuak areagotu ahala kazetari taldeak sentitzen duen ezintasun eta bertigo sentsazioa indar handiz harrapatzen ditu filmak, hondar gainean eraikitako dorreak desegingo balira bezala da. Zentzu honetan, esanguratsua da Rachel McAdamsek antzezturiko Sacha Pfeiffer ustezko bortxatzaile Father Paquin apaiz erretiratuaren etxera hurbildu eta zuzen-zuzenean ekintzaren inguruan galdetzen dioneko unea, apaizaren ahotik bortxaketen onarpena normaltasun osoz entzuteaz gain espero gabekoa konfesioa jasotzean sare ustel eta koordinatuaren indarra zenbaterainokoa den ohartu eta zulo beltzera bideratzen duen espirala are sakonagoa bilakatzen delako.
Spotlighten meritu nagusietako bat hain sonatua izandako pedofilia kasua salatzetik haratago joan eta gizartearen oinarrian dauden printzipio moralak zalantzan jartzeko duen gaitasuna da. Hau argien islatzen da Mark Ruffalok haurtzaroan eliza utzi baina gerora itzultzeko itxaropena zuela esaten duen eszenan. Eliza eta sinismena, gizarte osoaren euskarri morala izan dira mendeetan zehar eta askorentzat paper hori jokatzen du oraindik ere; oso errotuta dago garai ilunetan itxaropen bila elizara jotzea. Zoritxarrez, kanpora begira halako balore gizatiarrak defendatu baina praktikan sustraietaraino ankerrak izan eta gizartearen usteltzea hobesten duten jokaerak babesten dituen instituzioa zer den ezagutzean, euskarri moral hori hankaz gora geratzen da., erlijioarekiko itxaropena galtzeak bizitzen jarraitzeko hutsunea areagotzen baitu. Hipokresia eta gordintasun horrek dimentsio berri bat hartzen du Irailak 11ko erasoen ostean Eliza Katolikoko aurpegi boteretsuenak giza baloreen alde jendaurrean hizketan azaltzen direnean.
Protagonistek egia bilatu nahian kasuan sakondu ahala, terrorea areagotu egiten da, eurek izan ezik beste inork arazo sistemikoari aurre egiteko benetako asmorik ez duela ohartzen direlako. Establishmentaren botere makinaren aurrean kazetari talde txiki baten gaitasuna zein murritza den adimenez islatzen du McCarthyk, elizaren presio espektralaz gain, erredakzio barnean ere istorioa plazaratzeko saiakeran hainbat oztopo topatzen dituztelako. Horregatik zinez interesgarria da pelikulak amaiera aldera Michael Keatonen Robby Robinson pertsonaiaren bitartez erantzukizun kolektiboaren argumentua berreskuratzea. Modu batean, filmean azaltzen diren pertsonaiek bezala, ikusleok ere luzaroan jakin dugulako halako kasuak ematen direla, eta uneotan bertan gertatzen egon litezkeela, baina horren aurrean nahiago dugu bestaldera begiratu.
Hainbesteko gaurkotasuna duten gaiak esploratzean Spotlightek bertigo sentsazioa eragiten du, zinema aretotik irtetean irauten duen inpaktua. Pedofilia, ordea, ez da Bostonera mugatzen, mundu osoan zabaldu den birusa da. Hollywoodeko Akademiak Tom McCarthyren filma saritzea esanguratsua izango litzateke, karga soziopolitiko handia duelako, normalean koroatu ohi diren biopic edota injustizia historikoak lantzen dituzten istorio errazen oso bestelakoa.