Sustatu / 2016-03-09/ x hitz
Gogoratzen 2001: Espazioko Odisea filmeko Hal 9000 ordenagailua? Gero eta gertuago dago, uste baino beranduago bada ere. Amazon Echo Dot mahai gainean edukiko dugun aparteko gailua da. Galdera eta eskaerak egin diezazkiokegu ahotsez…
2014 amaieran aurkeztu zuen Amazonek bere Echo gailua. Gailu honek Alexa izeneko laguntzaile birtual moduko bat dauka, Androidetako Google Now edota Applen Siri bezalakoa. Baina mugikorraren funtzio gehigarri bat izan beharrean mahai gainean edukiko dugun aparteko gailua da. Galdera eta eskaerak egin diezazkiokegu: zer eguraldi egingo duen gaur, zeintzuk dira egunkari jakin baten albiste nagusiak, Amazonen bertan eskari bat errepikatzea edota Uber bidez auto bat eskatzea. Ahoz eman behar dizkiogu aginduak Amazon Echo-ari, “Alexa, egizu hau” moduko esaldiekin. Gainera bozgorailu moduan ere badabil.
Orain Amazonek gailu berriak iragarri ditu esparru berean. Batetik, laguntzailearen bertsio txikiagoa atera du, Amazon Echo Dot. Musika jogailu moduan ere erabil daiteke, baina bozgorailu batekin konektatu beharra dago kable edo Bluetooth bidez. Beheko bideoan ikus dezakegu zer nolakoa den. Bitxikeria moduan, Amazon Echo Dot bat erosi nahi dutenek Alexa laguntzailea erabiltzen egin beharra daukate.
Bestetik, bertsio eramangarria asmatu dute, etxetik kanpo gurekin eraman ahal izateko balio duena: Amazon Tap. Gailu honen helburu nagusia bozgorailu moduan erabiltzea da. Amazon Echo Dotaren kasuan bezala kable zein Bluetooth bidez gailura musika bidali ahal izango dugu. Bederatzi orduko autonomia dauka gailuak. Alexa laguntzailea integratua dauka baita ere, baina erabili ahal izateko Internetera konektatuta egon behar da, WiFi bidez edota gure mugikorrarekin. Badauka, ordea, desberdintasun bat Amazon Echo Dotarekiko. Amazon Tap bozgorailuaren Alexa laguntzailea ez dago denbora guztian esaten duguna entzuten, teorian. Botoi bat sakatu behar dugu Alexa laguntzaileari aginduak eman eta galderak egiteko.
Eta hortxe dago gailu hauek sortzen duten kezka, pribatutasunarena. Etengabe entzuten dihardute? Entzuten duten hori gailuan bertan geratzen da edota zerbitzu zentral batean gordetzen dute? Zentzu horretan, gomendagarria da Gorka Juliok asteburuan kontatutako esperientzia irakurtzea.