Lander Muñagorri Garmendia / 2016-03-01 / 1.312 hitz
Mila kilometroko errepide batean, eguzki izpiak jaso eta energia sortuko duten plakak jarriko dituzte Frantzian. Teknologia, ordea, bideragarria ez izatea leporatzen diote adituek.
Garraiorako azpiegitura izateaz aparte, energia sorburu ere izan daiteke errepidea. Badira zenbait urte ikerlariak ideia hori garatzen hasi zirela, eta, finean, kontzeptu argi batekin egin izan dute lan: errepideetan plaka batzuk jarri, eta eguzki izpiei esker energia garbia sortzea. Baina orain arte ez da halako egitasmorik sekula praktikara eraman. Urte hasieran, ordea, Frantziako Gobernuak jakinarazi zuen mota horretako munduko lehen errepidea martxan jarriko duela. Eta ez edonolakoa. Segolene Royal Ekologia eta Energia ministroak azaldu zuenez, 1.000 kilometro luze den errepidean halako plakak jarriko dituzte. Frantziako Eguzki Energiaren Institutu Nazionalak eta Colas enpresak hartuko dute lanaren ardura, eta datozen bost urteetan gauzatuko dute proiektua. Behin lanak amaituta, bost milioi pertsonari urte osoan energia eskaintzeko moduan legoke azpiegitura hori. Era horretan, herrialdeak erregai fosilekin duen mendekotasuna gutxitu nahi du gobernuak, eta, horren harira, proiektua mugarritzat jarri dute.
Erabiliko duten teknologia berritzailea da, gainera. Wattway sistema erabiliko dute: zazpi milimetro lodi eta energia bildu ahal izateko silizio polikristalinoa daukan plaka. Horiek errepidean kokatu, eta ez dute mantentze lanik beharko, ibilgailuak bere gainetik ibiltzeko adina erresistentzia baduelako, fabrikatzaileak azaldu duenez. Horregatik, gastuak uste direnak baino txikiagoak izango zirela azaldu dute. Proiektua aurrera eraman ahal izateko, bestalde, Royal ministroak esan du igo egingo duela gasolinaren gaineko zerga. Azken boladan erregaiaren prezioak behera egin du nabarmen, eta horregatik erabaki hori «logikoa» dela dio.
Frantzia izango da halako egitasmo bat aurrera eramango duen lehen herrialdea, baina aurretik AEBetan saiakera bat egon da. Interneteko finantzaketa kolektiboko kanpaina baten bidez, Scott eta Julie Brusaw senar-emazteek 2,27 milioi dolar —2 milioi euro— lortu dituzte AEBetan halako errepideak eraiki ahal izateko. Dirua lortu dute, eta lehen probak egiten aritu dira. Emaitzak jasotzen ari dira oraindik, eta positiboak izango balira, teknologia hori errepideetara eramateko prest egongo lirateke. Baita aparkalekuetan, hegazkinek lurreratzeko pistetan edo espaloietan jartzeko ere. Frantziako Gobernua aurreratu egin zaie, ordea, 1.000 kilometroko errepide zatian teknologia hori erabiliko baitu.
Bideragarritasun falta
Gobernuak eta fabrikatzaileak emandako azalpen eta datu horiek ikusita, egitasmoak interesgarria dirudi. Baina proiektuaren aurkako lehen iritziak ere entzun dira. Horien artean dago Alex Lopez Goiener energia berriztagarrien kooperatibako kidea. Egitasmoaren bideragarritasuna bermatuko luketen datuen bilketa egiten saiatu da, eta lortutako zenbakiak proiektuaren aurka doazela esan du: «Errepideak sortuko lukeen energia ekoizpena oso eskasa da panel fotovoltaiko normal batekin alderatzen baldin badugu». Frantziako errepideetan jarri asmo duten panel horiek zenbat energia ekoitziko lukeen adierazten ez dutenez, duela bi urte Herbehereetan frogatutako bidegorri fotovoltaiko baten datuak hartu ditu alderaketa egiteko. Krommenie hirian antzeko sistema darabilen 70 metro bidegorria jarri zuten, eta urtebetean hiru etxeentzako adina argindar lortu. «Batez beste etxe normal batean 3.300 kilowatt inguru kontsumitzen dira urtebetean, beraz, demagun 9.000 kilowatt inguru ekoitzi zituela bidegorri horrek». Kalkuluak egiten hasi, eta lurrean jarritako panel horietako metro karratu bakoitzak urtean 70 kilowatt sortu zituela ematen du; aldiz, «plaka fotovoltaiko arrunt batek, metro karratuko, urtean 1.500 kilowatt ematen ditu». Alde handia dago bi sistemen arteko ekoizpenen artean, eta, horregatik, «arraro» egiten zaio sistema horrekin hainbeste kilometro eraikitzea, «proba bat izan beharko baitzuen».
Proiektuaren inguruko datu gutxi argitaratu ditu Frantziako Gobernuak, eta «ez dute bideragarritasun ekonomikoaren inguruko txostenen berri eman». Colas enpresaren webgunean dago proiektuaren inguruko datu bakarra. Panel horiek sortzen duten watt bakoitzak duen ekoizpen kostuari dagokiona da. Enpresaren arabera, sei euro balioko luke errepideko sistemak, eta «plaka fotovoltaiko normal baten kasuan, 1,5 eurokoa da», dio Lopezek. Eskuratutako datu gutxi horiek begiratuta, beraz, proiektuari errentagarria izateko zailtasunak ikusten dizkio. Izan ere, argindar gutxiago sortuko luke errepide horrek, eta garestiago, gainera.
Egitasmo handizale honekin egunkari ugaritako lerroburuak lortu ditu Royalek. Eta espresuki hori bilatu duela uste du Aitor Urresti EHUko energia berriztagarrien ingeniaritza graduko irakasleak: «Hori ez bada horrela, ez dauka zentzurik 1.000 kilometro eraikitzea sistema honekin». Distantzia horretan guztian jarriko diren panel horiek, gainera, ez lirateke eguzkiaren izpiak jasotzeko euskarririk onenean jarriko, haren ustez. «Panel bat jartzen denean, panel horren barruan dauden bi zelulen artean itzal txiki bat baldin badago, litekeena da elektrizitaterik ez sortzea». Eta errepide batean, itzalak sortzea ohikoa da, autoak gainetik igarotzen direlako. Panelek daukaten funtzionamendu horregatik, beraz, itzalik gabeko tarteak hobetsi behar direla nabarmendu du, «eta, kasu honetan, ez da euskarririk egokiena».
Lopezek, bestalde, beste elementu bat gehitu dio Urrestiren kezkari. Panel fotovoltaikoak ahal bezainbeste eguzki izpi erakartzeko inklinatuta jartzen dira. «Ezinbestekoa izaten da hori, energia gehiago lortzea horren araberakoa baita». Errepidean jarriko liratekeen plaka horiek gainazalean kokatuta joango direnez, eguzki izpiak jasotzeko erraztasun txikiagoa izango lukete. Eta, horretaz aparte, panelak garbiak egotea ere beharrezkoa izaten da panel fotovoltaikoetan, «hilean behin garbitu behar dira». Ibilgailuen joan-etorriaren ondorioz, zoruan kokatutako plakak ere maiztasun handiarekin zikinduko direla uste du Lopezek, eta, horren eraginez, eraginkortasuna galduko luketela. Horregatik guztiagatik, Frantziako Gobernuak halako proiektu bat abiatu izanak harridura eta zalantzak sortzen dizkio.
Energia lortzeko euskarri izateaz aparte, errepidea garraiorako sistema bat ere bada, ordea. Horregatik, «errepide batean beste elementu bat sartzen denean, errepideak dituen gutxieneko propietateak hobetu beharko lituzke gutxienez». Hala azaldu du Gorka Usabiaga Ekilor enpresako kideak. «Horrek beharko luke lehen baldintza, eta oraindik ez da probarik egin euskarri horren segurtasunaren inguruan». AEBetako egitasmoa abiatzeko Brusaw senar-emazteek Interneten argitaratutako bideo batean azaltzen denez, argi izpiak jasotzeko prest leudeken plaka horiek 110 tonako pisuari eusteko sendotasuna badaukate. Zenbait ibilgailu gainetik igarotzen ageri dira, baina, hortik aurrera, ezer gutxi. Wattway sistemarekin landutako plakek, bestalde, itxura lakatza daukate, eta,, ekoizlearen arabera gainetik igarotzen diren ibilgailuen gurpilek itsaspen hobea izango lukete plakak dauden errepideetan. Sarean, ordea, asko dira puntu hori zalantzan jartzen dutenak, baita Usabiagak ere: «Zer gertatzen da euria egiten duenean?».
Zalantza ekonomikoari, beraz, segurtasunarena gehitu zaio. Horregatik guztiagatik, lan horiek azkarregi bideratu izana eta informazio gutxi izatea salatu du Lopezek.
Sortzen den lekuan erabili
Errepide energetiko horren albisteak erreakzio soka luzea ekarri du, eta bere eraginkortasuna zalantzan jarri dute hainbatek. Urrestik ere zalantzak ditu sistema horren inguruan, baina alde onik ere ikusten dio. Hain zuzen, albisteak herritarrak kontzientziatzeko balio dezakeela uste baitu: «Pentsamolde aldaketa bat egiten ari dira erakundeak, eta beste bide bat zabaltzen ari dira». Ez du errepidean aukera onena ikusten, eta, beste aukera baten alde egingo balu ere, kontzientzia sortzeko garaian erakundeek lehen urratsa egin behar dutela azpimarratu du Urrestik: «Jendeak ikusten badu 1.000 kilometro egin behar dituztela teknologia honekin, badirudi sistema errentagarri bat dela, eta herritarrak eguzki energia ekoiztera eta kontsumitzera bultza ditzake». Eta hori da, haren ustez, Frantziaren erabakiaren alderik onena.
Eguzki plakekin lan egiten du Usabiagak, eta hark ere harriduraz hartu du errepide horren albistea, «beste sistema eraginkorrago batzuk badaudelako». Aitortu du errepideek lurzoruaren zati handi bat hartzen dutela, eta energia sortzen den lekutik kontsumitu behar den puntura eramateko azpiegiturak egin beharko liratekeela gogoratu du. Alegia, lanak uste direnak baino handiagoak izango liratekeela. «Energia garraiatzeko garaian, gainera, %5eko galera egoten da, eta, horregatik, egokiena sortzen den lekuan bertan kontsumitzea izaten da». Horregatik dio inbertsio bat egiten hasita errentagarriagoak diren sistemetara bideratu beharko liratekeela. Esaterako, eguzki plakak energia kontsumitzen den lekuetan bertan jartzea. «Nor da energia erabiltzaile nagusia? Industria. Bada, jar ditzagun panelak pabiloietako teilatuetan, enpresa berak energia hori erabil dezan».
Etxeetako teilatuetan jartzea ere interesgarria dela dio. Horretarako, Usabiagak berriz aipatu du erakunde publikoek hartzen dituzten neurri eredugarriek asko lagundu dezaketela. Eta, gaur egun, Espainiako Gobernuak indarrean jarri zuen autokontsumo legea kaltegarria dela uste du. Sortzen zen kilowatt bakoitzeko zerga bat ordaindu behar da, eta horrek eguzki plakak jartzea oztopatzen du. «Bestela ere plaka bat jartzeko egin den inbertsioari buelta emateko denbora asko behar baldin bada, egoera horretan are gehiago». Egitasmo hori, ordea, laster atzera botako dutelakoan da, eta autokontsumoak berriz ere indarra hartuko duela espero du.
Garbi dago energia berriztagarrietan aritzen diren adituek ez dutela oso garbi ikusten Frantziako Gobernuak hartutako neurria. «Nik azken neurri gisa hartuko nuke egin duten aukera», dio Urrestik. «Baina energia errepidean sortzea baldin bada helburua, tunel artifizialak sortu eta horien sabaian eguzki plakak jar daitezke, esaterako». Ekonomikoki errentagarriagoak izango liratekeela uste du, eta gastu aldetik ere merkeagoa izango litzatekeela. Aukera bat ala bestea izan, ordea, energia berdearen gaiak aktualitatera salto egin du.