Iñaki Lasa Etura / 2016-03-13 / 1.610 hitz
1970eko hamarkada hasieran distantzia erdiko korrikalari handia izan zen Fuentes; hogei urte daramatza Uliako Gimnastikako haurrak entrenatzen eta hezten.
Jertse berde batekin eta lasterka egiteko galtzekin atera da Anoetako belodromotik Coro Fuentes (Iruñea, 1951). Estadio txikira jo du, eta oraindik ere sasoiko dagoela erakutsi du argazki saioan. Hainbat omenaldi egin dizkiote azken hilabetean; azkena, Gipuzkoako Foru Aldundiak astelehenean eman zion Carmen Adarraga saria. «Izugarri pozik» dago azken omenaldiekin, baina kanpora doa elkarrizketaren hurrengo egunean; «deskonektatzera».
Zure ibilbidea aitortu berri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Zer moduz hartu duzu omenaldia?
Amets batean bezala nago. Gimnasioan egon naiz oraintxe, eta denek esan didate zerbait. Ezin sinetsi nabil. Omenaldi guztiak batera iritsi dira, eta oso pozik nago.
Iruñean jaio zinen, Donostian bizi zara 6 urte zenituenetik, Madrilen egonaldiak egin izan dituzu kirolagatik. Zein hiritan egon zara erosoen?
Sanferminak nire nortasunaren zati bat dira, baina donostiarra naiz. Europako hiririk ederrenean bizi naizela uste dut. Egunero egin behar dut Zurriola, Kontxa eta Ondarretako ibilbidea, itsasoa ikusi behar dut. Donostiaz maiteminduta nago, oso hiri erosoa da, eta denetarik daukagu.
Atletismoari lotutako ibilbidea izan duzun arren, ez zen zure lehen aukera izan.
Garai hartan, Anoetaren kirol hiria zegoen hemen. Denetarik genuen; atal gehien zituen kirol elkartea ginen: hockeya, saskibaloia, igeriketa… Igeriketan hasi nintzen, baina gutxira aipatu zidaten kroseko talderako pertsona bat behar zutela, Gipuzkoako Txapelketan parte hartu ahal izateko. Haiekin joan, eta lasterketa irabazi nuen. Gaitasunen bat nuen seinale. Egoak bete egiten zaitu, eta, atletismoan igeriketan baino hobea nintzela ikusita, jarraitu egin nuen.
Zerk erakarri zizun hainbeste atletismoarekin gelditzeko?
Hainbeste bidaia egin ahal izateak; txapelketa asko izaten genituen. Atletismoan hasi eta urte eta erdira Espainiako selekzioan nintzen, hemen baino denbora gehiago pasatzen nuen Madrilen. Bidaiatzeaz gain, gero eta marka hobeak lortzeak ere izugarri motibatzen zaitu. Europako Txapelketarako gutxieneko denbora egiten duzu, hiruko txapelketetan parte hartzen duzu… Hirugarren urterako Espainiako hiru errekor nituen: 400, 800 eta 1.500 metroetakoak. Horrek bete egiten zaitu, baina baita entrenatzera eta hobetzera behartu ere. Gero eta marka hobeak lortu, orduan eta gogorragoak ziren entrenamenduak. Helsinkirako [Europako Txapelketa, 1971] goizez eta arratsaldez entrenatzen nintzen.
Emakume izateagatik bazterketarik edo oztoporik izan al zenuen zure kirol ibilbidean?
Ni ez naiz inoiz diskriminatua sentitu; kontrara, oso ondo hartu naute beti. Gizonezkoak konturatu ziren beste kide bat nintzela, zentzu guztietan. Entrenatzaile bilakatu nintzenean, berdin, oso ondo hartu ninduten. Ondo hartu nindutela esatean zera esan nahi dut: ez zegoela inongo desberdintasunik nire eta beste entrenatzaileen artean. Akaso, nire lan egiteko eragatik izan da, nire taldean mutilak eta neskak nahastu ditut beti, oso talde batua lortuz. Nire esku izan ditudan neskak eta mutilak elkarrekin lehiatzen dira, elkarrekin entrenatu, ez da bereizketarik egin, eta ez da inongo inbidiarik egon. Burlaren bat egon bada, batez ere sexista zenean, errotik moztu dut. Hezkuntza oinarrizkoa da, berdintasuna txikitatik landu behar da, heziketaren oinarritik. Emakume izateagatik nabaritu dudan alde bakarra ordainsariena izan da.
Nolakoa zen hain gazterik Europa osotik bidaiatzea?
Garai hartan, ez zegoen orain dagoen bidaiatzeko erraztasuna. Herrialde askotan egoteko aukera izan nuen: Austria, Turkia, Grezia… Atenasen, 40.000 pertsonako estadio batean irabazi nuen, 19 urterekin. Ez dago une horretan jasotako txaloaldia bezalakorik; podiumera igotzea eta domina Greziako Kirol ministroak jartzea zerua ukitzea bezala da. Horrek ere jarraitzera bultzatzen zaitu. Zorroagako aldapan gora eta behera aritzean, entrenamendu batean baino gehiagotan lokaztutako zapatilak bota egiten nituen, eta ez nintzela itzuliko esaten nuen. Atenaskoak bezalakoek jarraitzeko gogoa pizten dizute.
Hainbat diziplinatan aritu zara: 400, 800 eta 1.500 metroetan eta krosean bereziki. Non sentitzen zinen erosoen?
Hiru urtez jarraian izan nintzen kroseko txapelduna. Pistan hasi nintzen gero; oso eroso sentitzen nintzen 800 metrotan; krosa luze egiten zitzaidan. Garai hartan, garrantzi handia zuen emakumeen 1.500 metroko probak, eta, sasoiz ondo nengoenez, Espainiako Federazioak parte hartzeko esaten zidan. 400eko, 800eko eta 1.500eko Espainiako errekorra ondu nuen urte berean. Baina, gogokoena pista estaliko 800 metrokoa zen, gozatu egiten nuen, oso taktikoa zen. Amaiera ona ez nuenez, lasterketak hasieratik hausten nituen, oso oldarkorra nintzen. «Lehertuko da», pentsatzen zuten Aurkariek, baina nik ez nuen erritmoa jaisten.
Lasterketa azkarrak beraz, hasieratik apurtuak.
Gogoan dut 16 urterekin Valentzian korritu nuen Espainiako Txapelketa. Garai hartan Carmela Torres galiziarrak aise irabazten zuen, hiru urtez jarraian. Ni gogor hasi nintzenean, entrenatzaileak oihu egin zion: «Utz ezazu, nekatuko da!»; baina helmugara lehenengo iritsi nintzenean, nire entrenatzaileak «azkenean ez da nekatu, ba» erantzun zion. Ez ninduten ezagutzen, eta nire aurkezpen txartela zakar samarra izan zen [barrez].
Krosa ez zen zure lasterketa kutunena, baina garrantzi handia zuen Euskal Herrian, Lasartekoak eta Mugerzakoak bereziki.
Lasarte erromeria modukoa zen, Gipuzkoa osoko jendea joaten zen. Gainera, Kenyako eta beste herrialdeetako profesionalak etortzen hasi ziren, lokatzaren gainean hegan egiten zutenak. Krosaren ikurra izan da Lasarte 25 urtez, ikuserraza eta jendetsua. Nik ere korrika egin izan dut. Lehenengo urtean ondo aritu nintzen, baina bigarrengoan hankek ez zidaten erantzun, eta oinez amaitu nuen lasterketa. Vienatik iritsi nintzen bezperan, hainbat lasterketatan parte hartzetik, eta leher eginda nengoen.
Anekdota bat ere baduzu. Mamo Waldek —Mugerzako krosean parte hartu zuen Afrikako lehen atletak— zure zapatilekin korritu zuen behin.
Oso anekdota polita da. Elgoibarko krosa ortu artean korritzen zen lehen, baina bazegoen salto handi bat, harri artean erortzen zinena. Oinutsik laster egiten zuen Waldek, baina antolatzaileek ezinezkoa zela esan zioten, oinak zaurituko zituela. Oso garaia zen, baina oin txikiak zituen, 37 zenbakikoak; gainontzeko gizonek 40tik gorakoak zituzten. Nik lasterketa amaitua nuen, eta nire zenbakiagatik galdetu zidaten: 37a. Waldek lokaztutako oinetakoak jantzi, eta ondo zituela esan zidan keinuen bitartez. Lasterketa irabazi zuen, nik bezala. Besarkadak eman zizkidan amaitzean. Zapatila horiek Gipuzkoako Federazioan izan dituzte urte askoz.
Ez zinen Gipuzkoako emakumezko korrikalari bakarra: Aranzazu Vega eta Belen Azpeitia ere ordukoak dira. Maila handia zegoen Gipuzkoan.
Gipuzkoarrak nagusi ginen garai hartan, emakumeetan eta gizonetan; krosean, batez ere. Joaten ginen txapelketa guztiak irabazten genituen, hankaperatu egiten genituen besteak. Ni ez nintzen hain kros zalea, baina nire ondoren hasi zen Belen Azpeitiak oso gogoko zituen. Gipuzkoan errotuta zegoen krosa, ia larunbatero zegoen lasterketaren bat.
Emakumeen kirolak indar handia izan du Donostian, hainbat diziplinatan: hockeya, atletismoa, eskubaloia, saskibaloia…
Eta futbola! Oiartzunen eta Añorgaren arteko lehia ikusgarria zen garai batean. Aitzindariak izan gara, maila gorenekoak.
Eta zergatik izan daiteke hori? Zergatik hainbesteko indarra?
Kirolaren filosofia sakonagoa izan dugu Donostian. Muga hain gertu izateak abantaila ugari eman dizkigu: kulturan, modan, musikan, kirolean… Mugaldeko hiriak irekiagoak dira zentzu orotan. Horri Gipuzkoan matriarkatuak izandako garrantzia gehitu behar diogu; eragin handia izan du, nire ustez. Emakumeek gobernatzen zituzten baserriak. Baliteke gu etxean geratzea gizona lanean zegoen bitartean, baina etxeko ekonomia guk kudeatzen genuen.
Rioko Olinpiar Jokoak dira aurten, Munich 72ko Jokoetarako aurre hautatu zintuzten, baina azkenean ez zenuen parte hartu. Zer gertatu zen?
Mediterraneoko Jokoetan, Turkian, 1971n, lau probatan parte hartu nuen. Goizean, eguerdian eta arratsaldean entrenatzen nintzen. 1.500 metroko lasterketara txikituta iritsi nintzen. «Erreta» esaten dugu atletismoan. Lehen aldiz nabaritu nuen atletismoak erre egin ninduela, gehiegi zela. Blokeatuta nituen hankak, paralizatuta nengoen, akituta. Madrilera bueltatzean, aitak nire bila joan behar izan zuen: ezin nintzen mugitu.
Bihotzean duzu arantza hori?
Noski! Atletismoan egiten nuen guztia proiektu baten barruan zegoen, Olinpiar Jokoak. Hori da pena handiena: prozesua egin izana eta Olinpiar Jokoetan parte hartu gabe geratzea.
Hiru seme-alaben ama zara, nola uztartu zenituen kirola eta amatasuna?
Nire gorenean utzi nuen atletismoa, ezkontzeko, 1973an. Garai hartan, oso goiz ezkontzen ginen. Ez naiz damutzen, nire bizitzaren beste etapa bat izan delako, eta gogo handia nuelako. Gehiegizko entrenamenduak salbu, oso maila ona eman nuen atletismoan, errekor handiak egin nituen. Pena ematen zion entrenatzaileari, bizpahiru urtetan itzultzeko gaitasun handia nuela esaten zidan, hurrengo Olinpiar Jokoetarako itzul nintekeela. Posible zen, atseden hartu ondoren gorputza bere onera itzuli zitzaidalako. Baina ez nuen burua hor; hain nengoen nekatua, zortzi urtez ez nuela ezer jakin nahi izan atletismoaren inguruan. Beste proiektu bat hasi nuen, gimnasio bat ireki nuen. Kirolarekin lotura estua izan dut beti, baina fase desberdinetan.
Hogei urte daramatzazu oraingo fasearekin: Uliako Gimnastikako teknikaria zara. Zer eman dizu entrenatzaile izateak?
Asko, bizipen ugari. Eskolan ez duzu haurrekin lan egiten soilik, gurasoak tartean sartu behar dituzu. Beti iruditu zait ezinbestekoa familia handi bat sortzea, haurra ez dadin bakarrik senti. Izugarrizko garrantzia eman diot kanpaleku kontzeptuari. Lehiaketa batera joaten garen bakoitzean kanpaleku bat egiten dugu, eta haur bakoitzak badaki nora joan behar duen. Talde trinkoa osatu dugu. Beste talde batzuetan ikusten duzu aitak bere seme-alaba ekarri duela, eta etxera eraman duela haurrak lasterketa amaitu bezain pronto. Ia-ia ez dakizu zein taldekoa den haurra.
Gurasoak oso ondo integratu dira gurean. Urtero taldeko bazkaria egiten dugu, aurten 140 atleta eta guraso etorri dira. Gizartearen zutabe nagusietako bat da familia kiroletik heztea, haurrak jakitea kirol elkartea familia bat dela. Hogei urtean seme-alaba ugari —seme-alaba deitzen diet elkarteko haurrei— izan ditut nirekin. Kalean geratzen naute askok, begikotasun handiz beti. Hori guztia kirol arloa baztertu gabe: Euskadiko txapeldunak izan ditugu, eta neguan podium askotara igo gara. Eliteko kirolariak izatea oso zaila da, azken urrats hori egiteko oso laguntza gutxi daudelako. Egunean bost orduz entrenatzea, laguntzarik gabe…
Alde horretatik, aldaketarik nabaritu duzu zure garaitik hona?
Pertsona oso konkretuei ematen dizkieten laguntzak salbu —eta badago jendea txapelketak irabazten eta inongo diru laguntzarik gabe—, gutxi aldatu dela uste dut. Iristen da momentu bat haserretzen zarena, eta pentsatzen duzuna: «Zertaz biziko naiz?». Ez nabil 18 urteko jendeari buruz hizketan, 30 urtekoez baizik.
Pena ematen al dizu horrek?
Atletak sortzeko gaitasun handia daukagu, baina ez diogu jarraipenik ematen. Gazteetan eta promesetan oso kirolari onak ditugu: hesietan, abiaduran, pertikan… Potentzia izaten jarraitzen dugu, baina laguntza gutxi daude.
Zer sentitzen duzu Anoeta hain gutxi erabilia ikusten duzun bakoitzean?
Mina sentitzen dut hainbesteko kostua izan zuen azpiegitura hondatzen ikustean. Oso pista azkarra zen, eta bizpahiru aldiz erabili dute soilik. Ez dut esango futbolik ez zegoen astebururo erabili behar zenik, baina azpiegitura aprobetxatu egin behar zen, harribitxia zen pista hori. Argazki polita ateratzeko izan al zen soilik? Halako harribitxi bat museorako izatea, hondatzen uztea eta kendu behar izatea zentzugabekeria handia iruditzen zait. Zein interes dago hor? Hori da benetako galdera, airean igeri geldituko dena.