Bi milioi eskola-ume inguruk jasaten dute jazarpena Espainiako Estatuan, eta horietatik, 100.000 eta 200.000 artean izango dira intentsitate handiko jazarpenaren biktima. Carmen Cabestanyk emandako datua da. Irakaslea da bera, eta No al Acoso Escolar (NACE) elkarteko idazkaria (Eskola Jazarpenik Ez), eta azpimarratzen du arazo hori handitzen ari dela eta gero eta adin txikiagoetan agertzen dela. Administrazioek eta ikastetxeek egiazko inplikaziorik ez dutela salatzen du; tabutzat hartzen dutela dio, eta ezkutatu egin nahi izaten dutela. Haren iritziz, borondatez eta zentzuz jokatuta, ez litzateke zaila arazoari aurre egitea, indarrak prebentzioan eta antzemateko moduetan jarrita eta adingabeei entzunda eta haiek babestuta.
Ba al dago profil jakinik tratu txarrak hartzen eta ematen dituztenen artean?
Jomugan jartzen diren kolektiboak daude: Asperger-en sindromea dutenak; LGTBen taldekoak (lesbianak, gay-ak, transexualak eta bisexualak); Gaitasun Intelektual Handiak dituztenak (gaindotazioa, talentua eta adimen-goiztiartasuna; eta abar. Dena den, edozein jazar dezakete, adibidez, ikasgelako lider ezkorrak begitan hartu duelako. Erasotzaileari dagokionez, era askotakoak daude: betiko txantxazalea izan daiteke bat, besteei mina emanez gozatzen duena beste bat, edo inguruan indarkeria jasan eta bere mina besteengana itzultzen duena.
Zenbat kasu gertatzen dira Espainiako Estatuan?
Bi milioi ikaslek jasaten dute era bateko edo besteko jazarpena (eskola adinean dauden haurren %26k). Horietatik, 100.000 eta 200.000 artean izango dira intentsitate handiko jazarpena jasaten dutenak. Ez da jazarpen fisikoa bakarrik; askotan hitzen bidezkoa izaten da kaltegarriena (iraintzea, norbaiten gaineko zurrumurruak zabaltzea, eta abar) edo bazterketa bidezkoa (jolasten ez uztea, taldetik baztertzea, eta abar). Azken hori egunero gertatzen da eta oharkabean gelditzen da.
Zein adinetan hasten da jazarpena?
Gero eta adin txikiagoetan. Gehienak Lehen Hezkuntzako azken ikasturteetan, nahiz eta Bigarren Hezkuntzan gogorragoa izaten den. Zenbaitetan biktimak zortzi edo hamar urtez jasaten du jazarpena. Horregatik da garrantzitsua azkar antzematea eta gelditzea, eta irmotasunez egitea. Ez dira “haurren gauzak”.
Ugaritu egin al dira kasuak?
Elkarte gisa, ugaritu egin direla antzeman dugu eta gero eta adin txikiagoetan. Zaila da zifrak ematea, azken datu ofizialak 2006-2007koak direlako, nahiz eta zenbait erkidegok badituzten datu berriagoak ere: Euskal Autonomia Erkidegoak, adibidez, 2012. urtekoak. Jazarpena beti izan da, baina orain landuagoa da, sotilagoa. Gaur egun, gainera, Internetek ere sustatu egiten du, txatek, eta abar, eta horiek min handia egiten dute.
Zergatik ugaritu da?
Faktore bat baino gehiago aipa litezke: familiako inguru batzuetan haurrak ez dira balioetan hezten, eskolan ez dago heziketa emozionalik, bortizkeria ageri da haurraren inguru hurbilenetan… Baketu egin behar lirateke inguru horiek, arreta berezia jarrita ikasgelari, eta erakutsi egin behar litzateke eskolako jazarpena ez dela txantxa bat; min handia egiten du.
Zer egiten dute ikastetxeek?
Oro har, ez dute deus egiten edo gaizki egiten dute. Jazarpena ia eskola guztietan dago, baina gehien-gehienek ezetz esaten dute. Tabu bat da, eta agertu ere ez da egiten ia ezein Tutoretza Planetan, eta landu ere ez da egiten tutoretza saioetan. Ikastetxeak gehiago kezkatzen dira beren izen onaz adingabeak babesteaz baino. Ikastetxeek, ordea, gizarte erantzukizuna dute eta bermatu egin behar dute haien segurtasuna.
Eta administrazio publikoek?
Seriotan hartu behar lukete eta neurri eraginkorrak aktibatu, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeekin bezala. Hezkuntza administrazioak formazioa antolatu behar luke irakasleentzat, gaia Irakasle Eskolako curriculumean sartu, gurasoei hitzaldiak eskaini, erasotzaileei zigor eredugarriak jarri, ikuskariei eskatu sakon ikertu dezatela eta, batez ere, prebentzio programak instituzionalizatu, Berdinen arteko Tutoretzak bezalakoak.
Espainiako Hezkuntza Ministerioak Eskola Bizikidetzako Plan Estrategikoaren zirriborroa aurkeztu du. Izan al liteke aurrerapen bat?
Izan liteke, baldin eta hori lantzeko orduan espezialistek eta pertsona independenteek parte hartuko balute, gaiaren ertz guztiak ezagutzen dituztenek. Eta egiaz ezartzen badute itzalean dagoen gizarteko gaitz hau bukatzeko eta ez estaltzeko, protokoloekin gertatzen den bezala.
Beste herrialde batzuetan baino jazarpen handiagoa al dago Espainian?
Mexiko eta Txile daude guztien buruan. Espainia laugarrena da Europan, baina ez dago berriki egindako estatistikarik.
Nola antzematen da kasu bat?
Ez da erraza, haurrek ez baitiete kontatzen gurasoei eta irakasleei, baina lortu dezakegu hiru arau kontuan hartuta: Aldaketak, Kanpaiak eta Gorputza. Aldaketak gertatzen dira emaitza akademikoetan, izaeran -triste egoten dira edo oldarkor bihurtzen dira-, lagunartean, ibilbideetan, eta abar. Ez dute nahi izaten eskolara joan, gaixo daudelako itxurak egiten dituzte edo egiaz gaixotzen dira, sarritan somatizatu egiten dutelako. Gorputzean ere aldaketak gertatzen dira, sorbaldak bilduta ibiltzen dira, begiratua tristea eta lurrera begirakoa izaten dute, eta oharkabean pasatu nahi izaten dute.
Zer egin behar da antzematen denean?
Haurrarekin eseri, lasaitasun eta pazientzia handia izan hitz egin dezan, ez kendu garrantzia eta ez izan zalantzarik haurrari buruz, ez sentiarazi errudun. Ondoren, eskolara joan eta, lasai eta irmo, neurriak eskatu. Lehenbizikoa, segurtasun eremu bat ezar dezatela. Egiten ez badute, gertatu dena xehetasunez idatzi eta ikastetxeko Erregistrora eraman behar da eta hezkuntzako Ikuskaritzaren erregistrora ere bai. Edozein zalantza izanez gero, jarri gurekin harremanetan: info@noalacoso.org.
Zer-nolako neurriak behar lirateke arazo honen aurka egiteko?
Batez ere, borondatea eta zentzua. Gizarte guztiaren inplikazioa behar dugu, bene-benetakoa, eta argitara atera. Ez zaio garrantzirik kendu behar, oso larria baita. Eta sekula ez izan zalantzarik haurrari buruz, gehien-gehienek egia esaten dute eta.