Juanma Gallego / 2016-03-20 / 487 hitz
Mintzairaren arazoak ikertu eta ikasketa metodo berri eta eraginkorrak garatzeko, funtsezkoa da hizkuntzalaritza, Donostiako BCBLko ikertzaile Mancinik asteon hitzaldi batean esan duenez.
Mintzairaren ulermena ikertzen duzu. Zertan datza?
Bereziki perpausen barruan diren harremanak ikertzen ditut. Esaldi bat entzutean, irakurleek edo entzuleek hitzen arteko erlazioak identifikatu behar dituzte, ekintza nork egiten duen ulertu ahal izateko edota adjektibo bat izen bati edo beste bati ote dagokion identifikatzeko. Hizkuntza bakoitzak estruktura bat dauka, baina arrazoi pragmatikoen arabera alda daiteke estruktura hori. Adibidez, enfasia puntu batean jartzeko.
Hizkuntza guztietan al dago malgutasun hori?
Batzuk hertsiagoak dira alderdi horretan: ingelesa, adibidez. Gaztelaniak eta euskarak, ordea, aberastasun morfologiko handiagoa dute. Substantiboak, artikuluak, aditzak… Elementu horiek guztiek forma asko har ditzakete: singularra eta plurala, edota lehen, bigarren edo hirugarren pertsona, esaterako. Ingelesak ez du aberastasun hori, eta horrek baldintzatzen du hitzen ordena aldatzeko gaitasuna.
Hizkuntza familiek eraginik ba al dute horretan?
Neurri batean bai, baina hau ez da beti horrela. Adibidez, gaztelania eta frantsesa hizkuntza erromantzeak dira, eta antzeko aberastasun morfologikoa dute, baina, hala ere, gaztelaniaz hablo esan daiteke yo hablo esan ordez. Frantsesez, baina, ez dago parle esaterik; je parle esan beharra dago ezinbestean.
Psikologian erabilitako teknikak erabiltzen al dituzue zuek ere?
Bai. Batetik, teknika konduktualak erabiltzen dira. Adibidez, ikerketa batean parte hartzen dutenei galdetzen diegu ea esaldi bat egokia ikusten ote duten ala ez. Esaldi batzuk irakurtzen ematen den denbora neurtzen dugu eta begiaren mugimenduak aztertzen ditugu. Baina neuroirudiari lotutako teknikak ere erabiltzen dira; teknika osagarriak dira.
Eta zuen ikerketak ondoriorik al du eguneroko bizitzan?
Bai, noski. Burmuinak mintzaira nola ekoizten duen jakitea beharrezkoa da mintzairan izan daitezkeen arazoak ikertzeko. Elebakarren eta elebidunen hizkuntza ulermena eta ekoizpena aztertzea ere lagungarria da ikasketa metodologia arrakastatsuagoak garatzeko.
Garunaren eta mintzairaren oinarri unibertsalen arteko erlazioaz hitz egin duzu Burmuinaren Astean…
Mintzairaren gaitasuna gizakiena baino ez dela azpimarratu dut. Baina, hala ere, nolabaiteko kontraesana dago, zeren unibertsala den gaitasun hau milaka hizkuntzatan azalarazten baita. Mundu osoko gramatikak parean jarri dituzten ikerketek ondorioztatu dutenez, mugak daude hizkuntzek duten aldaera honetan. Bada aukera zabal bat, baina parametro horiek ezin dira aldatu modu arbitrarioan. Perpaus guztiek, esaterako, subjektu bat izan behar dute ezinbestean. Era esplizitu ala inplizituan izango da, baina egon behar dute.
Zaila da hizkuntzen etorkizuna igartzea, baina, zure ustez, etorkizunik ba al dute hizkuntza gutxituek? Esaten duten moduan, spanglish-a sortuko da?
Hizkuntza gutxituak sustatzeko ahal den guztia egin behar da. Bestalde, spanglish-en moduko fenomenoak komunitate ezberdinen arteko ondorioa dira, eta oso zaila da horiek saihestea. Hizkuntzalari modura ez dut arazorik ikusten hizkuntzen batuketa horretan. Berez, ez da arriskutsua, betiere hizkuntza gutxituak bizirik mantentzeko egitasmoak badaude. Izan ere, hizkuntzak eboluzionatzen duten entitate biziak dira, eta hor ez dago ezer egiterik, baina haien heriotza bai, eragotz daiteke.