Lander Muñagorri Garmendia / 2016-03-09 / 521 hitz
Infografia dibulgaziorako tresna da, Baptistaren ustez. Komikiaren kontatzeko moduarekin zerikusia dauka, baina hori lortzeko informazioa behar du. Bere jardunaren erdia ikertzen ematen du.
Artea eta zientzia, biak uztartzen ditu Fernando Baptistak (Bilbo, 1965). National Geographic aldizkarian aritzen da infografiak egiten, eta bi arloak lantzen ditu. Ikerketa zientifikoa egiten du gai bat lantzen duen bakoitzeko, eta horiek irakurleek grafikoki uler ditzaten ilustrazioak egiten ditu ostera. Bilbon izan berri da, Artea eta zientzia elkartzen hitzaldia ematen.
Arte Ederren ikasketak egin zituen bat zientzia egiten. Hori ez al da intrusismoa?
[Barreak] Ez; bi diziplinak ondo uztartzen dira. Gauza askorentzat behar duzu babes grafikoa, eta, horretarako, artista bat behar duzu. Azken finean, helburua argia da: transmititu nahi dena irakurleari ahalik eta errazen ulertaraztea. Horretarako ikertu, eta zerorrek ulertu behar duzu. Gauza bat artea da, eta bestea, infografia. Infografian garrantzitsuena informazioa bera da.
Hortik dator infografia izena ere, informaziotik.
Bai, hasieran ordenagailuz egindako edozeri deitzen zitzaion. Nire ustez, infografia istorio bat kontatzea da, euskarri grafiko batekin.
Nola orekatzen da infografiaren funtzio artistikoa informazioarekin?
Ni istorioak kontatzen saiatzen naiz. Denbora asko pasatzen dut ikertzen, eta horrek bidaiatzeko aukera ere ematen dit. Lekura joaten naiz, eta ikertzaile bat izaten dut bertan, informazioa eman diezadan. Bulegora itzultzean hasten naiz grafikoa pentsatzen. Probatzen hasten naiz, eta kontsultak egiten ditut zuzendaritza batzordearekin eta ikertzaileekin. Hilabeteak pasa ditzaket infografia bat egiten. Gutxienez, lau edo bost hilabete behar ditut infografia bat egiteko.
Infografistaren lan hori fakultateetan erakusten denaren antzekoa da. Gutxitan ikusten da halako kasurik erredakzioetan…
Bai, tira. Nik hamalau urte egin nituen egunkari batean, eta aldea izugarria da, bai. Egunkarian lubakiko lana egiten da. Egun batetik bestera egiten duzu infografia, baina egunkari hori ere bota egiten da. Aldizkaria gordetzeko ohitura ere badago, eta, horregatik, zorrotzagoa izan behar da. Hala ere, askotan egunkariko lanaren falta sumatzen dut, lan bat hasi eta amaitu egiten duzulako. Aldizkarian, ordea, hainbeste hilabete gai baten inguruan bueltaka ibiltzeak nekatu egiten du.
Internet eta beste euskarriak azaldu izanak infografiak ulertzeko modua aldatu du?
Bai. Ni 2007an hasi nintzenean aldizkaria papereko ediziora bideratuta zegoen, eta gero eta gehiago ari gara digitalean pentsatzen. Paperean zerbait egiten duzunean, digitalerako ere balio dezakeela pentsatzen ari zara. Bideoak erabil daitezke, elkarreragina bultzatu…
Marrazkigintzan komikien bidez sartu zinen. Infografiak asko edan du genero horretatik ere, ala?
Bai; ni horregatik hasi nintzen marrazten, komiki asko irakurtzen nituelako. Asko ikasi dut horiei esker. Infografietan irakurketa ordena bat badago, eta egia da komiki bat izan daitekeela. Hala ere, komikigilea izan nahi nuen nik.
Komikigile izan nahian hasi, eta infografista bihurtu. Badago aldea.
Bai, nire lanean asko ikertu behar dut, komikietan ez bezala. Ez bada kazetaritzan oinarritutako komiki bat. Infografia batean denak ongi egon behar duela bermatu behar duzu, eta askatasun txikiagoa dago edukien aldetik, baina arlo artistikoan askeago ibili nahi izaten dut. Irakurleari irudi bat iristen zaio, eta horri esker irakurriko du infografia ala ez. Azkenean, bi elementuek elkarrekin bizi behar dute. Nik nire denboraren erdia ikertzen pasatzen dut.
Istorio denak konta daitezke infografia bidez?
Uste dut baietz, baina, horretarako, informazioa behar da. Istorio bat kontatu behar dugunean, informazioa behar da. 60 proiektu inguru egin ditut National Geographic-en, eta beti dago bide bat zerbait kontatu ahal izateko.