Estibalitz Ezkerra / 2016-03-20 / 731 hitz
Israelen bizi diren arabiarren eguneroko zaila azaltzen du Sayed Kaxua idazleak bere nobeletan, baina baita arabiarren artean dauden tentsioak ere.
Duela bi urte, 2014ko uztailaren 20an zehazki, The Guardian egunkari ingelesean Israeldik behin betiko alde egitea erabaki zuela iragarri zuen Sayed Kaxua idazleak (Tira, 1975). Israelen geratuz gero, familiaren eta bere segurtasuna arriskuan zatekeen. Herritartasunak berak ez lituzke babestuko arabiar kutsua duen oro susmagarritzat jotzen duen estatu horretan. Israelgo Gobernuak arabiarrekin zuen jarrera totalitarioarekin etsita, erbesterako bidea beste aukerarik ez zuela iruditu zitzaion.
Berriak ezustean harrapatu zituen Israelgo liberalak. Kaxuak Haaretz egunkarirako astero idazten zituen zutabeei esker, bazuten Israelen zein okupaturiko lurraldeetan arabiar izate hutsagatik arabiarrek jasan behar dituztenen berri, baina idazlearen umore beltzak ukitu komikoa ematen zion egoerarik surrealenari. Tragediak, komikoa bada, ez dirudi hain tragedia. Horregatik toleratzen zuten Kaxua, barrea pizteko gaitasunagatik, ez zutabeotan esaten zituen egiengatik.
Neurri batean, erbestearen erabakiak ezustean harrapatu zuen Kaxua bera. Azken batean, estatuko batxilergo institutu onenetariko batean onartu zutenez geroztik, gogor saiatu zen Israeleko herritar izaten. Bere ahaleginak, ordea, alferrikakoak izan ziren. Native: Dispatches from an Israeli-Palestinian Life (2016, Sorterrikoa: Mezuak bizitza israeldar-palestinar batetik) 2006 eta 2014 urteen artean idatzitako gogoeta eta istorio bilduman, ilusio galtzearen prozesua azaltzen du.
Israelgo populazioaren %20 arabiarra da jatorriz, Nakba garaian alde egiteari uko egin ziotenen ondorengoak. Israelgo herritartasuna duten aldetik, juduen eskubide berberak dituzte, teorian behintzat. Praktikan, diskriminazio handia pairatzen dute beren arabiartasuna dela eta. Hebreera menperatu arren —batxilergotik hasita, hezkuntza hizkuntza bakarra da—, ez dituzte aukera berak lana aurkitzeko orduan. Kaxuak berak hebreeraz idazten du arabiera ama hizkuntza badu ere —arabieraz idaztea kosta egiten zaio, hezkuntza sistemaren ondorioz—. Kritikak goraipatu egin du haren lana, eta sariak ere eman izan dizkiote. Hala ere, haren izena ez da agertzen hebreeraz idatzitako literaturaren kanonean. Hura Amos Oz, David Grossman, Meir Shalev eta halako egileentzat erreserbaturik dago, hots, askenazi jatorriko azal argiko juduentzat. Dena den, Oz, Grossman eta Shaleven lana Israelgo egoeraren isla da: haietan arabiarrak agertzen badira, bigarren mailan agertzen dira, edo arerioaren rolean. Elias Khoury Libanoko idazlearen hitzetan, «itzal bat» da arabiarra.
Arabiarra itzaletik ateratzeko asmoz hasi zen Kaxua idazten. Bere nobeletan, Israelen bizi diren arabiarren eguneroko zaila azaltzen du, baina baita arabiarren artean dauden tentsioak ere.
Kaxuaren lehen nobelak, Aravim Rokdim (2002, Arabiar dantzariak), mugaren eta nortasunaren artean ibiltzearen —Galilea herri arabiarraren eta Jerusalemen artean, arabieraren eta hebreeraren artean, arabiar eta israeldar izatearen artean—, alde batentzat zein bestarentzat susmagarri izatearen nekeak azaltzen ditu. AEBetako The New York Times egunkariak James Weldon Johnsonen Autobiography of an Ex-Colored Man (1912, Koloredun ohi baten autobiografia) nobelarekin parekatu zuen Aravim Rokdim. Johnsonen nobelak XIX. mende amaiera eta XX. mende hasiera bitartean zuri moduan bizitzea erabakitzen duen gizon beltz baten bizipenak ditu oinarri. Aravim Rokdim-eko protagonistak, ordea, ez du judu moduan bizitzeko asmorik, kontrajarriak diruditen bi nortasun adiskidetzekoa baizik. Bere ahaleginak alferrikakoak direla ikusita, ez bata eta ez bestea ez hautatzea erabakitzen du, eta bere bideari heldu.
Guf sheni yahid (2010, Bigarren pertsona singularra) nobelako Amir gertuago dago Johnsonen nobelako pertsonaiaren egoeratik. Bere buruaz beste egiten saiatu eta huts egitearen ondorioz egoera begetatiboan dagoen Yonatan izeneko judu gazte baten nortasuna hartzen du. Baina Johnsonen koloredun ohiari gertatu bezala, igarotzearekin batera erru sentimendua eramanezina egingo zaio, gezurretan oinarritutako gizarte onarpena lortzearren bere familiari zein lagunei bizkarra eman dielako.
Harreman konplexuak
Vayehi Boker (2006, Ordena zegoen) nobelako protagonistarentzat —Israelgo egunkari batean lanean ari den kazetari arabiarra—, onarpenaren kontua ez da batere erraza. Nobela 2000n dago kokatuta, Al-Aksa intifadaren garaian, eta juduen eta arabiarren arteko harremanen eta arabiarrek elkarrekin dituztenen konplexutasuna azaltzen du. Israelen bizi diren arabiarrek estatu segurtasun neurrien jazarpena jasan behar dute indarkeriazko gertaera bat jazotzen den aldiro. Eraikuntzako langile batek protagonistari esaten dion bezala, «[juduek] ez dute alderik ikusten Israel barruan bizi diren eta Zisjordanian dauden [arabiarren] artean. Arabiar bat arabiarra da haientzat».
Baina, Intifadarekin lotuta Zisjordanian egingo dituen elkarrizketen bidez, kazetaria ohartuko da diskriminazioa ez dela juduen eta arabiarren arteko kontua bakarrik, arabiarren artean ere nagusi dela. Israelgo arabiarrek Zisjordaniako arabiarrak gutxiesten dituzte genero aldetik zalantzagarriak diren ohiturei eusten dietelako, eta legez kanpoko langile moduan esplotatzen dituzte. Bien bitartean, Zisjordaniako arabiarren ustez, Israelgo arabiarrak ez dira benetako arabiarrak, juduen artean bizi direlako. Israelen eta Palestinaren arteko gatazka epe laburrean amaituko dela ez du uste kazetariak, alde baten zein bestearen jarrera itxia dela medio.
Auskalo zeri buruz idatziko duen hemendik aurrera Kaxuak. The New Yorker aldizkariari emandako elkarrizketan dio oraindik ez duela bakerik aurkitu erbestean egonagatik ere. Bien bitartean, etxean, arabiarrak direla sekula ez ahazteko eskatzen die seme-alabei egunero.