Oier Lakuntza / 2016-03-23 / 653 hitz
Gaurko sarrera honetan, Nature aldizkariaren web orrian ikusi dudan artikulu batekin natorkizue. Sarreraren izenburutik ondoriozta dezakezuen bezala, oroimenarekin loturiko lana da, eta bitxia iruditu zaidan heinean, zuekin partekatzea pentsatu dut. Psikologia eta neurologiarekin lotutako zerbait den heinean, argi dago ni ez naizela honetaz azalpenak emateko pertsonarik aproposena, baina zientzia esparru honetan erabiltzen diren ikerketa metodoetarako hurbilketa bat izan daiteke.
Sarritan gertatu izan zaigu gauzak ahaztu nahi izatea. Gure bizitzan bizi izandako momentu gogorrak gogoratzeak min ematen digu askotan, eta nahiago izaten dugu oroitzapen mingarri horiek burutik kentzea. Duela urte batzuk egindako ikerketa batean frogatu zenez, pertsona batzuk duela gutxi gertatutako gauzak nahita ahazteko gaitasuna daukate. Gaitasun horren oinarrian legoke garuneko hipoeremuaren eta hegaleko esparru prefrontalaren arteko konexio indarra.
Gaitasun hori ez daukagunok aldiz, berau isilarazteko ahalegina egiten dugu. Alegia, gogoratu arren, nahiago dugu oroitzapen hori hitzez ez azaldu, horrek hein batean gogoratzeak dakarren mina txikituko duen itxaropenez. Baina Naturen argitaratutako artikuluan azaltzen den bezala, honek ondorio kaltegarriak izan ditzake gure memoriarako.
Funtsean, oroitzapen berriak sortu eta berauek gure buruan egonkortzeak, hipoeremuaren aktibitatea eskatzen du. Hala, oroitzapen bat isilarazteak, hipoeremu horretako odol zirkulazioa txikitzea dakar. Baina aipaturiko lan honetan frogatu ahal izan zenez, inhibizio honek hipoeremuaren beste funtzio batzuei ere eragiten die. Izan ere, oroitzapen bat isildu edo erreprimitzeak, une horretan sortzen eta egonkortzen ari ziren memorien geroko berreskuratzea ere zaildu egiten du.
Hau hobeto ulertuko dugu adibide konkretu baten laguntzaz. Zerbait irakurtzen ari garelarik, oroitu nahi ez dugun zerbaitez oroitzen bagara, honek irakurketako hurrengo ideiak lausotzea eragin dezake. Alegia, oroitu berri duguna burutik kentzeko ahalegin horrek, hipoeremuaren beste funtzio batzuk oztopatzen ditu, datorrenaren gaineko memoria zailduz.
Ondorio hauek pertsona talde batekin egindako esperimentu baten laguntzaz lortu zituzten. Bertan, lehenik eta behin hitz pare batzuk eman zitzaizkien guztiei, buruz ikas zitzaten. Gero, hitz bikote horietako lehen hitza esanez, beraiek zegokion bikotea gogoratu behar zuten. Parte-hartzaileek ordea, kasu batzuetan bigarren hitz hori esan egin behar zuten, eta beste batzuetan memoria ori erreprimitu, bigarren hitza isildu edo beren baitan gordez. Hitzen artean, leku jakin batean zegoen zerbaiten irudi bat erakusten zitzaien, eta beraiek irudi hori esaldi bihurtu behar zuten, aldiuneko memoria baten sorrera ahalbidetuz. Irudi horretan, ez zegoen ageriko loturarik lekuaren eta objektuaren artean. Esate baterako, atzean kotxez betetako parking bat zeukan lehoi baten irudia izan zitekeen, eta parte-hartzaileek, “lehoia parking batean dago” moduko esaldia ahoskatu behar zuten.
Azkenean, behin irudi guztiak kokatu eta gogoratze/isiltze ariketa guztiak bukatuta, leku bat aipatzen zitzaien parte-hartzaileei, eta beraiek leku horretan agertzen zen irudia aipatu behar zuten.
Ikusi ahal izan zutenez, irudiaren aurretik eta ondoren oroitzapen baten isiltzea gertatzen zenean, irudi horren memoria errazago ahazten zitzaien. Aldiz, irudiaren aurretik eta ondoren, hitz bikoteko bigarren hitza esaten zutenean, irudiaren gaineko memoria ere handiagoa izaten zen.
Esperimentu honek erakutsiko luke, beren bizitzan trauma bat bizi izan duten pertsonek, trauma hori izandako unean nolabaiteko hutsune bat izatea. Alegia, oroitzapen txar bat ahaztu nahi izateak, une horretan gertatu denaren gaineko oroitzapenak lausotu ditzake. Berdin du sortzen ari zen memoriak traumarekin zerikusirik duen ala ez, denboran kointziditze hutsa nahikoa izan daiteke memoria berri horiek galtzeko.
Beraz, guzti honetatik ikasgai edo gomendio bat atera beharko bagenu, oroitzapenak itotzea kaltegarria izan litekeela da. Alegia, garai batean gertatu zena mingarria edo ezatsegina izanik ere, ez du merezi berau ahazten saiatzea. Izan ere, oso posible da horrelako gaitasunik ez izatea, eta kasu horretan, gure garunaren funtzionamendu egokia oztopa dezakegu. Hobe dugu gertatu zenari zuzenean begietara begiratu, eta oroitzapen hori norbaitekin konpartitzea. Azken batean, sarritan esaten den bezala, ihes egiteak ez du gainditzen laguntzen. Aldiz, gure barrenak askatu eta norbaiti horretaz hitz egiten badiogu, gainetik zama astun bat kentzeaz gain, Natureko artikulu horretan aipatzen den bezala, gure garuneko hipoeremuaren funtzionamendu egokia erraztuko dugu.
Ba hauxe izan da guztia gaurkoz. Ez dakit interesgarria iruditu zaizuen edo ez, baina beno, ikasitakoa praktikan jartzeko balio dezala behintzat ! Uneren batean sarrera honetaz gogoratzen bazarete, ez ahazten ahalegindu, zerbaitegatik oroituko zineten eta! Hausnartu noizbait gauzak ahazteari buruz irakurri zenuten sarreraz, eta bide batez, zaindu zuen oroimena!!