Juanma Gallego / 2016-03-13 / 516 hitz
Japoniako ikertzaile talde batek identifikatutako mikroorganismo bat hondakinak kudeatzeko eta kutsatutako eremuak garbitzeko zinetan erabilgarria izan daitekeen esperantza azaldu dute adituek.
Eguneroko bizitzan guztiz txertatuta dago polietilen tereftalato (PET) izeneko plastikoa. Gizakiak ekoitzitako produktu horren abantailak jakinak dira, baina ingurumenean sortzen dituen kalteek ere kezka sortzen dute. Japoniako ikertzaile zenbaitek egindako ikerketa bati esker, ordea, ur botiletan ohikoa den plastiko mota hori kudeatzea errazagoa izan daiteke etorkizunean.
Izan ere, PET plastikoa degradatzeko ahalmena dauka zientzialariek topatu berri duten Ideonella sakaiensis izeneko bakterioak. Science aldizkarian asteon argitaratu duten artikulu batean eman dituzte ikerketaren xehetasunak. Eta oihartzuna izan dute.
Plastiko horrek kutsatutako 250 lagin hartu zituzten ikerketa abiatzeko, eta bertako mikroorganismoak aztertzeari ekin diote. Horietako lagin batean orain arte ezagutzen ez zen Ideonella generoko bakterio bat topatu dute. Mikroorganismo hori, gainera, plastikoaren degradazioaren jatorria izan dela egiaztatu dute. Egin dituzten kalkuluen arabera, material horrekin osatutako xafla mehe bat txikitzeko gaitasuna dauka bakterioak; sei astean.
Aurkikuntza plastikozko hondakinak kudeatzeko baliagarria izango dela uste dute zientzialariek. Batetik, biodegradazio estrategietan erabiltzeko, hau da, bide organikoak erabilita, kutsadurari aurre egiteko lanetan baliatzeko. Baina birziklatze sistemetan txertatzeko aukera ere ikusten dute, tratatzeko zaila ohi den material horren kudeaketa errazteko.
«Orain arte pentsatu izan da zenbait onddotara mugatuta zegoela PET plastikoa entzimen bitartez degradatzeko gaitasuna, eta, horregatik, biodegradazioa ez da hartu erremediazio edo birziklatze estrategia modura», azaldu du Keioko Unibertsitateko (Kanagawa, Japonia) Biozientzia eta Informatika Saileko ikertzaile Kenji Miyamotok.
Osakan (Japonian) dagoen Sakai hiriko birziklatze gunean zegoen PET botila batean aurkitu dute bakterioa, eta hortik datorkio sakaiensis izena. Baina mikroorganismoa identifikatzeaz gain, haren metabolismoa arakatu dute, plastikoz elikatzeko duen ahalmena ulertu nahian.
«Petasa eta Mhetasa izeneko entzimek degradazio prozesuan parte hartzen dutela ikusi dugu», zehaztu du Miyamotok. Energia eta karbonoa eskuratzeko prozesuan, entzima horiek plastikoa eraldatzen dute, horren ondorioz ingurumenarentzat kaltegarriak ez diren monomeroak sortuz.
Hurrengo pausoa entzima horien inguruan ezagutza gehiago eskuratzea izango da. «Petasa eta Mhetasaren estruktura hiru dimentsiotan zehazten saiatuko gara eta, horrela, erreakzionatzeko duten mekanismoak ezagutu ahal izango ditugu», aurreratu du Miyamotok.
Eboluzio azkarra
Greifswald Unibertsitateko (Alemania) Uwe Bornscheuer mikrobiologoak Science aldizkarian azpimarratu duenez, aurkikuntzak entzimen eboluzioaren inguruko galdera berriak eragiten ditu. Izan ere, PET plastikoak 70 urte baino ez daramatza ingurumenean, baina, hala ere, ikertzaile japoniarrek aurkitutako bakterioa gai da bertatik karbonoa eskuratzeko. Bornscheuerrek prozesu hori eboluzio azkar baten ondorioa ote den galdetzen dio bere buruari. Horrelako fenomenoen adibideak «urriak» direla aitortu du, baina antzeko kasu bat ekarri du gogora: Atrazine deritzon herbizida batez profitatzeko gai den beste entzima bat ezagutzen da, Atrazine Klorohidrolasa izenekoa.
Naturan barreiatutako plastikoa garbitzeko erabiltzeaz gain, beste abantaila bat ikusten du adituak. Bakterioak degradazio prozesuan sortzen duen azido tereptalikoaren sintesia lortuz gero, petrolioan oinarritzen ez diren polimero berriak sortzeko aukera proposatu du Bornscheuerrek.
Munduko Foro Ekonomikoaren arabera, 2014an 311 milioi tona plastiko ekoitzi ziren. 1964an sortu ziren hamabost tonekin alderatuz, ekoizpena hogei aldiz handitu da. Eta hazten segituko du. 2050ean kopurua 1.124 milioi tonara helduko dela aurreikusten dute adituek.
Gaur egun sortzen den plastikoaren %18 PET motakoa da. Baina ur botiletan eta bestelako ontzi arinetan erabiltzen den konposatu horren birziklatze tasa ez da %15era heltzen. Material horren degradazioa oso geldoa denez, ingurumenean sortzen den eragina nabarmena da.