Maite Asensio Lozano / 2016-03-10 / 1.408 hitz
Ia hogei urte egin dituzte farmazia konpainiek ‘emakumeentzako viagraren’ bila. Kezka artean, azaroan merkaturatu zuten Addyi izeneko pilula, depresioaren aurkako botika bat, baina ez du arrakastarik izan. Andreen sexu osasunaren medikalizazioaz eztabaida berpiztu du auziak.
Botika hori ez da segurua, ezta eraginkorra ere». Irmo mintzo da Leonore Tiefer sexologoa, AEB Amerikako Estatu Batuetako New View Campaign egitasmoko burua; sexualitatearen medikalizazioa auzitan jartzea eta bestelako ikuspegi bat zabaltzea du helburu elkarteak, eta, beraz, AEB Amerikako Estatu Batuetan emakumeentzako viagraezizenez ezagututako botikaren aurka ahotsa ozenen altxatu duen erakundeetako bat izan da. Europara ere iritsi da oihartzuna. Eta kezka. «Ez da botika beharrezkoa, andreen arazo sexualak ez direlako pilula baten bidez konpontzeko moduko osasun arazoak», esan du Margarita Lopez Carrillok, Kataluniako Xarxa de Dones per la Salut elkarteko presidenteak. Bat egin du Tieferen diagnostikoarekin: «Abantaila gutxi ditu, eta eragozpen asko; funtsean, depresioaren aurkako botika bat da, egunero hartzekoa, horrek dakarrenarekin».
Addyi izen komertzialaz heldu zen azaroan AEBetako farmazietara, ia hogei urteko bidea egin ostean. Izan ere, farmazia enpresak 1998an hasi ziren emakumeen sexu desioa estimulatuko zuen botika baten bila; hain justu, Pfizer konpainiak Viagra merkaturatu zuenean. Gizonentzako pilularen arrakasta ikusita, andrazkoentzako baliokide baten bila hasi ziren. Konpondu beharreko gaitzari izena ere jarri zioten: emakumeen disfuntzio sexuala. «Baina andreen sexu arazoetarako konponbide farmazeutikoa bilatzen zuten bitartean, disfuntzioaren definizioa zein proposatutako botiken arrakasta irizpideak etengabe aldatu dituzte ikertzaileek, emakumeen gorputzak ez zirelako viagra eredura egokitzen», azaldu du Marta Gonzalez Garcia Oviedoko Unibertsitateko (Espainia) irakasle eta La medicalización del sexo (Sexuaren medikalizazioa) liburuaren egileak.
Izan ere, sexologia medikoak eratutako uste baten gainean abiatu zituzten ikerketak: emakumeen eta gizonen funtzionamendu sexuala berdina zela. Hartara, Viagraren printzipio aktiboa —sildenafil— gizonen erekzioan eragiten zuen hodi-zabaltzailea izaki, andreengan sintoma eta tratamendu antzekoak bilatu zituzten. Eragozpen batekin egin zuten topo: emakumeen eszitazioa neurtzeko zailtasunak. «Erantzun sexuala kuantifikatzea ez zitzaien erraza suertatu: alde esanguratsua zegoen ikertzaileen tresnen bidez neurtutako eszitazioaren eta andreen bizipen subjektiboen artean».
Orduan ohartu ziren ikertzaileak emakumeen sexualitatea ezin zutela soilik ikuspegi fisiologikotik ulertu, eta sexu desioa bera desberdin bizi zutela gizonek eta andreek. Hormona bidezko terapietara egin zuten jauzia: Intrinsa izeneko testosterona partxeak probatzen hasi ziren 2000. urtean. Beste behin, emakumeen desio falta kausa organiko bati egotzi zioten, androgeno faltari, hormona maila normalak zein ziren ebazteko adostasunik ez zegoen arren. Gainera, sintoma kliniko gisara ezarri zituzten beste hainbat gaitzekin nahas zitezkeen arazoak —baita bikotearen barruko edo eguneroko bizitzako gorabeherekin ere—: gogo egoera disforikoa, nekea, libidoa murriztea, hezur masa galtzea…
Entsegu klinikoetan ez zituzten esperotako emaitzak lortu: sei hilabeteko tratamenduaren ondoren, hilean bost sexu harreman asebetegarri lortu zituzten partxeekin, eta lau plazeboarekin —botikaren eraginkortasuna neurtzeko irizpide hori erabiltzeak ere ez ditu kritika gutxi jaso—. Eraginkortasun eskasa eta tratamendu hormonalen arriskua argudio hartuta, Intrinsa atzera bota zuen FDAk, AEBetan botikak baimentzen dituen agentziak. Aldiz, Sendagaien Europako Agentziaren oniritzia jaso zuen 2006an. Porrot egin zuen, ordea: oso gutxi erabili zela eta, merkatutik kendu zuten 2012an.
Eraginkortasun apala
Aurreko hipotesien emaitza antzua antzemanda, teoria berri bati ekin zioten ikertzaileek 2007an: emakumeen sexualitatea «burmuinean» zegoela, eta desio arazoen iturria neurotransmisoreetan zela. Aldi hartan agertu zen flibanserina: depresioaren aurkako botika gisa probatzen ari ziren, eta sexu disfuntzioan eragin txiki bat antzeman zioten. Entsegu klinikoek berretsi egin zuten eraginaren tamaina: hilean sexu harreman asebetegarri bakarraren berri ematen zuten andreek.
Baina eraginkortasuna ez, segurtasuna izan zen FDAren kezka nagusia, 2010ean eta 2013an flibanserina ez baimentzea erabaki zuenean. Izan ere, entseguetan parte hartzen ari ziren andreen %15ek tratamendua utzi zuten, bigarren mailako efektuengatik.
Halere, agentziak iritzia aldatu zuen iazko abuztuan, eta aurretik birritan baztertutako botikari baimena eman zion. Baina zergatik orduan, eta ez aurretik? Galdera beste modu batera egin du Leonore Tieferrek: «Nola heldu da hain urrun burmuinean diharduen botika bat, pentsatuta dagoena andreek egunero hartzeko, nahasmendu aldagarri eta zehaztugabe bat tratatzeko?». Publizitatean aurkitu du erantzuna: «Presio politikorako kanpaina baten ondorio izan zen».
Presio sozialak lagunduta
Sprout konpainiak —botikaren jabeak— 2014an abiatutako Even The Score (Berdin dezagun markagailua) kanpainaz ari da Tiefer. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren «mozorroa» erabili zuela azaldu du Marta Gonzalez Garciak: «Iritzi publikoaren aurrean salatu zuen sexu disfuntzio maskulinoa tratatzeko 26 botika zeudela merkatuan, eta femeninorako bat ere ez; hartara, emakumeen desio arazoei behingoz konponbide farmakologiko bat emateko eskatu zion FDAri».
Kanpainak sare sozialetan lortutako babes zabala giltzarri izan zela uste dute eragileek. «Emakume elkarteen zein kongresisten atxikimendua lortu zuen, FDAri buruzko informazio okerra zabalduz; estrategia onartezina izan zen, baina ondo atera zitzaien», gogoratu du Tieferek. «Aktibismo tranpatiaren arriskuez» ohartarazi du Gonzalezek: «Itxura feministako kanpaina sexista batekin presio soziala eginez lortu zuten eraginkortasun eta segurtasun eskaseko botika bat onartzea».
Addyiren onarpen prozesuak irakaspen gazi-gozoa utzi duela uste du Oviedoko Unibertsitateko irakasleak. Batetik, andreen sexualitateari buruzko «ezagutza baliotsua» lortu dela uste du, baina, bestetik, ondorio kezkagarriak antzeman ditu: «Farmazia industriak bizitzako esparru guztietan bere logika inposatzeko daukan gaitasuna erakusten du. Gure bizimoduetan eragin negatiboa du pilula magikoak eta adabaki teknologikoak erabiltzeak bestelako irtenbideak dauzkaten auzietarako: arazoak aztertzeko eta kudeatzeko gaitasuna murrizten digu, eta gizartea anestesiatzen du».
Bat dator Margarita Lopez Carrillo. Gogora ekarri du FDAk berak kezka agertu duela flibanserinaren albo ondorioen inguruan: «Hainbesteko kezka badute, jakin nahi nuke zergatik onartu duten. Egun industriak duen botere latzaren erakusgarri da, eta agentzia erregulatzaileek presioen aurrean duten ahuldadearena».
Kataluniako adituaren ustez, emakumeen osasunaren medikalizazioaren paradigma da Addyi: «Osasuna negozio bihurtu da; 1990eko hamarkadatik ikerketa biomediko eta farmakologikoaren xede nagusia izan da botikak sortzea existitzen ez diren edo bestelako tratamendua duten osasun arazoetarako. Hori da medikalizazioa: beharrezkoa ez den esku hartze medikoa, eta prozesu naturalak eritasun bihurtzea». Alde horretatin, andreak «mauka» direla erantsi du, ugalketa osasun konplexua dutelako. «Etapa guztiak medikalizatu dizkigute: hilekoa, haurdunaldia, erditzea, menopausia… Eta orain sexualitatearen txanda da».
Addyiren puxika, baina, airea galtzen hasi zen merkatura heldu eta berehala. Botika saltzeko baldintza gogorrak jarri zituen FDAk —medikuek zein farmaziek baimen berezi bat behar dute—. Emaitzak agerikoak izan ziren: AEBetan salgai izandako lehen bi asteetan 227 aldiz baino ez zuten errezetatu. «Uste dut osagileak zein hartzaileak zuhur ibili direla, Addyirekin batera alkohola edateko debekuagatik batik batik», azaldu du Tieferek. Berriki, gainera, pilulari eraginkortasun gehiago kentzen dion ikerketa bat azaldu da: sexu harreman asebetegarri bat egozten dio bi hilean behin.
«Porrota» dute ahotan adituek. Zalantzan dute zenbat denbora iraungo duen merkatuan. Europara iritsiko den ere dudan dago. Oraingoz, Valeant konpainiak —Sprouti erosi zion botika, 1.000 milioi dolarren truke— ez dio baimenik eskatu Sendagaien Europako Agentziari. «Ez dut uste halakorik gertatuko denik, AEBetan izandako arrakasta eskasa eta jasotako kritikak ikusita», adierazi du Gonzalezek.
Gaitza «asmakizun»
Baina andreen disfuntzio sexuala existitzen al da? «Inola ere ez. Asmakizun bat da», erantzun du Lopez Carrillok. «Laborategiek sortu zuten kontzeptua, Viagra nola egokitu pentsatzen hasi zirenean: euren ikerketa justifikatuko zuen sindrome bat behar zuten». Ez dator guztiz bat Gonzalez: «Sufrimendua erreala bada, existitzen da. Baina etiketa horren pean zein nahasmendu sar daitekeen eztabaidatu behar da». Izan ere, kontzeptua definitzean farmazia konpainiek erabiltzen duten logika kritikatzen dute biek. Lopez Carrillo: «Haientzat, sexualitatea gorputzaren prozesu bat da, digestioa edo odol zirkulazioa bezala; hortaz, arazorik badago, zerbaitek ez du funtzionatzenorganismoan».
Konpainia horiek mezu «sinplifikatuak» igortzen dituztela gaineratu du Tieferek: «Mitoak sustatzen dituzte; esaterako, sexu desioa eta plazera unibertsalak direla, eta norbaitek halakorik ez badu medikuarengana joan behar duela; edo sexualitatea berezkoa dela». Alde horretatik, normaltasuna birdefinitzearen alde agertu da Lopez Carrillo: «Desio handia, txikia edo erdibidekoa izatea normala da. Bizitzan zehar andreek —gizonek bezalaxe— askotariko garaiak izaten dituzte, biologiarekin, bizipenekin, lanarekin eta abarrekin lotuta; ez dituzte beti desio berdinak. Eta dena da normala. Halere, egia da sarri gure sexu desioa murrizten dela gure bizimoduek edo harremanek ez digutelako pizten».
Berdin gertatzen zaie gizonei; baina pilula urdinak euren sexualitatea bizitzeko modua eraldatu du. «Gure kulturak gizonei esaten die sexu harremanetarako gai izan behar dutela, eta hor aliatu bat izan da Viagra eurentzat», azaldu du Lopez Carrillok. «Funtzionatu du, gizonengan gehien baloratzen dena ahalbidetzen duelako: erekzioa mantentzea».
Harago joan da Gonzalez; sexualitatea ulertzeko modua bera eraldatzea ekarri du botikak: «Gizonen sexu errendimendunormalari buruzko irizpideak aldatu ditu: estandarrak igo ditu. Hortaz, zahartzearen ondorioz errendimendua jaistea —lehen normala zena—, disfuntzio edo patologia gisa hartzen da». Sexu erlazioetako dinamikak ere aldatu dituela erantsi du: «Erlazioak sarketan zentratu ditu».
Hori dela eta, adituok bat datoz: sexualitateari eta sexu arazoei buruzko ikuspegia zabaldu behar da, biomedikalizaziotik aldentzeko. Tiefer: «Gizarte ingurumari zabal baten barruan ulertu behar da, eragina dutelako kulturak, erlijioak, familiak, sexu heziketak, gorputzari buruzko mezuak eta sexismoak». Lopez Carrillo: «Sexu arazoek lotura handiagoa dute pertsona bakoitzaren istorio pertsonal, afektibo eta kulturalarekin, arazo fisikoekin baino. Sen onak esaten digu sexualitatea organo baten funtzioa baino askoz gehiago dela, eta horrekin lotutako gorabeherak ezin direla pilula batekin konpondu».