Iker Tubia / 2016-03-11 / 1.206 hitz
Nafarroako egunkarietako azaletan. Albistegien hasieran. Ehunka nafar urratsei segika ikus daitezke egun hauetan. Xabierraldi garaia da. Kirolariak, jende ezaguna, eskuineko politikariren bat… denak gaztelura bidean. Batzuk gurutzea eskuetan, baina fedea aspaldi alboratu zuten asko ere batu dira. Gehienek ez dakite nondik heldu den tradizioa. Kendu egin dute lehengo eduki politiko eta erlijiosoa. Orain, nafar izateko modua adierazten dute erromesek. Zama handia dute azken urteetan sortu diren sinboloek.
Ivan Gimenez kazetariak martxo hasierako erromesaldiez idatzi du El corralito foral (Etxalde forala) liburuan. Gaur egun hedabideek aurkezten dituzten Xabierraldiak kirol erronkak direla dio. «Politikatik kanpo eta ia-ia erlijiotik kanpo geratzen da», zehaztu du. «Ohitura erabat nafarra da, eztabaida politikotik kanpo geratzen dena, eta nafarrak nolakoak garen edo nolakoak izan behar garen markatzen duena. Nafar guzien kohesio soziala mantentzeko tresna».
Frantzisko Xabierkoa da Nafarroako patroia 1621ean Nafarroako Erresumako Diputazioak horrela erabaki zuenetik. Urte gutxiren buruan, San Fermin ere izendatu zuten patroi. Gaur egun, Nafarroako eskuinak bere egin duen sinboloetako bat da. Baina, era berean, Frantzisko Xabierkoaren eguna da euskararen nazioarteko eguna: abenduaren 3a.
Bi interpretazio daudela dio Fernando Mikelarena historialariak: «San Frantzisko nafar unibertsalarena, eta, bertzalde, kontrajarritako irudia, euskalduna. Eztabaida horrek bere hartan dirau». Familia agaramontarra zuen patroiak, eta Nafarroaren alde borrokatu zen familia, gaztelarren aurka. Horregatik, hura patroi egiteko erabakia patriotismo adierazpena izan zela diote batzuek.
Baina UPNk interpretazio «espainolista» egiten duela azaldu du historialariak, eta antzeko adibide bat paratu du: Nafarroako bandera. Izan ere, gaur egun eraikin ofizialetan dagoen banderaren diseinua bi euskarok egin zuten, Julio Altadill militarrarekin batera: Arturo Campionek eta Hermilio de Olorizek. «Nabarrismo espainolistak trebezia erakutsi du Nafarroako ikur eta sinbolo batzuk bere aldera manipulatzen: Frantzisko Xabierkoa, bandera…». Balantza orekatu nahian ibili dira euskaldunak. «Euskaltzaleak beti ibili dira bere kontrainterpretazioa egiten, baina ez dute hainbeste eraginik izan».
Xabierraldiaren bide iluna
36ko gerrari loturik dago Xabierraldia. 1940an sortutako tradizioa da Xabierko gaztelurainoko erromesaldia. Urte hartan, Gurutzeko Zaldun Boluntarioen Ermandadeak antolatu zuen, frankistek gerra irabazi zutela ospatzeko, eta, nola ez, Frantzisko Xabierkoari garaipenarengatik eskerrak emateko. Lehenagotik, bi erromesaldi egin ziren gaztelura: lehenbizikoa 1886an, kolera izurriteari aurre egiten laguntzeagatik patroiari eskerrak emateko. Santiago Martinez NUPeko irakasle eta antropologian doktoreak bigarren erromesaldia aipatu zuen: 1896an «iraina kitatzeko» eta Kubako gerra bukatzeko eskatzeko abiatu ziren Xabierrera.
Baina frankisten garaipena ospatzea zen helburua 1940an. Javier Garisoain karlistak Arbil aldizkarian esan zuen duela hamar urte: «Argi dago [1936ko] altxamendurik gabe 1940an ez zela Xabierraldien ideia sortuko». Artikulu berean azaldu zuen ekitaldiaren garapena: «Hurrengo urteetan Iruñeko beste instituzio eta elizbarruti anitz batu ziren erromesaldi berri horretara, baina duela milaka urtekoa, jatorrizkoa, eta benetakoa zirudien». Hala ere, Mikelarenak uste du 1960. urtetik aurrera esanahi hori desagertzen hasi zela, nahiz eta ordura arte esanahi frankista «oso argia» izan. «Nik hogei urte nituenean [1962koa da] aipatzen zen Zangozan ligatzeko joaten zela jendea Xabierraldira». Xabierraldian parte hartzen dutenen artean, zenbat dira sinestun amorratuak? Zenbat doaz igandero mezetara?
«Nafar izateko moduaren ikurra da. Nafar guziok harro egon behar dugu Xabierrera noizbait edo urtero joateagatik, Osasuna zaleak izateagatik, sanfermin zaleak izateagatik, eta foruzale amorratuak izateagatik», azaldu du Gimenezek. «Nabarrismoak hori zabaldu eta kudeatu du urte luzez, eta orain ez dakit desmuntatu behar den, baina atzean dagoen esanahi ezkutua azaleratu behar da».
Identitate horren sorrera lan luze, sakon eta nekeza da. Ez da gauetik egunera egiten. Hamarkadaz hamarkadaz josi dute iruditeria guzia. Irrazional bihurtzeraino sinbolo horien defentsa. «Zenbatek dakigu zer diren foruak? Baina Saloura bagoaz oporretan, eta Logroñoko batek esaten badu foruen aurka dagoela, oldartu egiten gara», esan du kazetari iruindarrak. «Esanahia ezkutatuta edo gaizki azalduta egon arren, barnetik oldartzera bultzatzen gaituena da ikurra, identitate baten alde egiteko oharkabean».
Sinbolo horiek kate motzean nahi dituzte, eta haien hegemoniari eutsi nahi dio Nafarroako eskuinak. Izan ere, jende gehienak bere egiten duen ikur bat hautu politiko baten alde erabiltzen bada, adibidez, hauteskundeak irabazten ahal ditu alderdi batek. «Ikurrak gureganatzea lasterketa politiko bat irabazteko lehen mugarria da», borobildu du Gimenezek.
Xabier vs Aralar
Ezin orokortu liteke. Xabierraldietara denetariko jendea joaten da: batzuk arrazoi erlijiosoengatik, eta beste batzuk kirola egitera. Baina, Gimenezek aipatu du Nafarroan beti egon direla Xabier zaleak eta Aralar zaleak. Ideologiaren araberako banaketa ikusten du: «Xabier zalea izateko modu bat —klixe bat da, errealitatea murrizten ari naiz— gauzak dauden moduan uzteko aukera da, kontserbadorea izatea. Aralar zaleak beti izan dira euskaldunak eta ezkertiarragoak. Banaketa arbitrarioa da, baina iradokitzailea ere». Egon badaude, dena den, euskal abertzale Xabier zaleak, eta kontserbadore espainiar Aralar zaleak. Dena den, Gimenezek esaera berri bat izan daitekeena utzi du liburuan: «Esadazu non ezkontzen zaren [Xabierren edo Aralarren], eta esanen dizut zer motatako nafarra zaren».
Nafarroa eta Xabierren arteko batuketa askotan egin izan da. Xabier eta San Fermin eztabaidaezinak dira. «Zorionez, Nafarroa Xabier baino askoz ere gehiago dela uste dut», dio kazetari iruindarrak. Kontserbadoreek sinbolo hori erabili zuten Espainiako II. Errepublikaren garaian. Mikelarenak jaso du 1931n gertatutakoa. Diputazioko batzorde kudeatzailean sozialistak eta errepublikazaleak ziren gehiengo, eta abenduaren 3an Frantzisko Xabierkoaren omenezko ekitaldi erlijiosoetan ez parte hartzea deliberatu zuten, Errepublikaren balio laikoei jarraiki.
Eskuineko prentsak eta ideologia horretako politikari askok ekitaldi haietan parte hartzeko deia egin zuten, «iraina kitatzeko» modua zelakoan. Deialdi horren alde agertu ziren alkateei isuna jarriko ziela esan zuen Ramon Bandres gobernadore zibilak, eta horrek mezu bat hauspotu zuen: diputazioko batzorde kudeatzaileak Nafarroan errotuen dauden tradizio eta sinboloen aurka egiten zuela. EAJko kideak ere joan ziren ekitaldietara, tradizionalista, kontserbadore eta dinastikoekin batera. 1916ko tradizioa hautsi zen 1931n.
Tradizioen defentsa
Nafarroan errotuen dauden tradizio eta sinboloen aurka aritzea. Errepublika garaiko akusazio hori gaur egun ere aditu liteke oposizioan dauden alderdien ahotan. Batik bat, UPNren ahotan. Tradizioen aurka jotzea egotzi dio Iruñeko Udalari alkatea mezetara ez joateagatik, adibidez. Batasunaren Pribilegioaren egunean, udalak ez zuen ekitaldi erlijiosorik antolatu. Betiereko tradizioen aurka egin izana leporatu zioten Asironi. Tradizio hori ere frankismoan sortu zen. 1960ra arte iraun zuen, eta 1990ean berreskuratu zuen Javier Chorraut alkateak. Duela gutxi berriz ekin zioten diskurtso horri: San Blaseko ekitaldi erlijiosoan ez zuen parte hartu Asironek, eta UPNk zera esan zuen: «Gure hirian errotuen dauden ohiturak hutsaren hurrengotzat hartzen ditu».
Mikelarenak dio beti izan dela erlijioaren eta tradizioen inguruko dinamika hori Nafarroan, eta Euskal Herrian ere. «Ematen du badirela zenbait gauza ezin aldatuzkoak. Tradizio guziak garai batean sortu ziren, eta izaera immobilistak ez du inolako zentzurik. Ez dut uste gaur egun hiritar askok tradizioa eta erlijioa elkartzen dituenik». Dena den, erlijioa tresna bat baizik ez dela uste du Gimenezek. «Ahal dituzten ikur guztiak erabiltzen dituzte».
Gogora ekarri du Armando Cuenca Aranzadiko zinegotzia prozesioan kaleko jantzita joateagatik sortu zuten kalapita. «Erlijioa tresna gisa erabiltzen dutela uste dut. Gobernua higatzen badu, erabiltzen dute. Baina badaude beste tresna batzuk, adibidez, PAI». Abel Azkonaren erakusketaren aurka ere mobilizatu zituzten hainbat lagun gurutzeen atzetik. «Ez dakit emaitza lortu duten edo ez, baina eskura duten guztia erabiliko dute».
Sinboloak berebizikoak dira, beraz, Nafarroako eremu politikoan. Frantzisko Xabierkoaren irudia erabili zuten errepublikazaletasunaren aurka, eta orain, hamarkadaz hamarkada sortutako eta errotutako sinbologia erabiliko dute aldaketaren gobernuaren aurka. Esaterako, Osasunaren aldeko legea. «’Legearen aurka egiten baduzue, Osasuna desagerrarazi nahi duzue’, hori izan zen haien mezua», azaldu du kazetari iruindarrak. Sanferminetan ere, mezara ez joatea betiko tradizioen aurka egitea da eskuinarendako.
Osasuna, foruak, sanferminak eta patroiak. Ukiezinak. Eztabaida guzietatik kanpo. Horren aurka dagoena ez da nafarra. Besteak dira. Kanpokoak. Nahiz eta Nafarroan jaioak izan, edo bertan bizi. Haien gaineko kontrola berebizikoa denez, urte luzez Nafarroan agindu dutenek sinbolo horiek guziak kate motzean loturik nahi dituzte aurrerantzean ere.