Iker Markinez / 2016-03-19 /209 hitz
OSAGAIAK
4 LAGUNENTZAT
Kilo bat txekor masail.
Porru bat.
Bi tipula.
Bi azenario.
Lau baratxuri ale.
200 gramo onddo.
100 gramo arroz.
Piper beltz ale batzuk.
3/4 litro ardo beltz.
Porto basokada bat.
Oliba olioa.
Gatza.
1
Lapiko handi bat su bizian berotzen jarri. Txekor masailak bertan jarri, eta oliba olio zorrotada bat bota, baita gatz pitin bat ere.
2
Su bizian mantendu lau minutuz alde batetik, eta, gorritzean, beste aldetik beste lau minutuz.
3
Bitartean, porru, tipula, azenarioa, eta baratxuri aleak, garbitu, zuritu eta pusketatan moztu. Masailak ondo gorrituta dauzkagunean, barazki guztiak lapikora gehitu, sua moteldu, eta hamabost minutuz erregosi.
4
Porto basokada bat gehitu, eta ardo beltza ere bai. Horrekin batera, piper beltz aleak gehitu eta sua bizitu. Ardoak duen alkohol soberakina guztiz lurrintzeko, gutxi gorabehera hogei bat minutuz irakiten mantendu, lapikoko salda kantitatea erdira murriztu arte.
5
Ura gehitu lapikora, masailak estali arte. Ordubete inguru irakiten eduki masailaren samurtasunaren arabera.
6
Masailak lapikotik erretilu batera atera. Lapikoan duguna txinotik pasatu, eta gatzez nola dagoen dastatu.
7
Onddoak xaflatan moztu, eta lapiko batean oliba olio zorrotada batekin bost bat minutuz erregosi.
8
Arroza gehitu, eta urez estali. Gatza bota. Hamabost bat minutuz egosi. Masailak eta saltsa bertara gehitu. Bost bat minutuz irakin ondoren, prest izango dugu jaki goxo eta osoa, plater nagusi zein bigarren platera delako.