Elixabete Garmendia Lasa / 2016-04-27 / 440 hitz
Halako batean, estatistikak gorpuztu egiten dira: zenbaki abstraktuen tokian, izen bat: Ane Mujika (haren aurpegia, haren martxa, haren istorioak…).
Ane Mujika okina eta gozogilea zen. Ogi askotarikoak egiten zituen: ekologikoa, gabatxoa, arto irinezkoa… oso goxoak denak, eta ez ordu batzuetan iraungitzen diren horietakoak. Sortzailea zen bere lanean; Udalak eskatuta, herriko ezaugarriren bat erakutsiko zuen pastela asmatu zuen: harri goxoa (harrikalariak gara ormaiztegiarrok gaitzizenez).
Azkena berarekin egon ginenean, gozorik gabeko pastelak erakutsi zizkigun: «bikini operaziorako aproposak», oso arrakastatsuak izaten ari zirenak Ormaiztegiko emakumeen artean.
Labetik zetorren usain gozoan bilduta, Aneren okindegi-gozotegia kafetegi ere bazen: egunkariek lagundutako gosari oparoak goizean, baxoerdi banaka batzuk eguerdian, egonaldi luzeko meriendak arratsaldean… Paretan jarrita, Gorka eta Ion Izagirreren argazkiak eta kamiseta dedikatuak: Ane Txirrindulari Elkarteko laguntzailea zen. Horretan bezala, herriko beste jarduera batzuetan ere hartzen zuen parte: festetan gosari elegantea eskaini, Zumalakarregi Museoak antolatutako tailerretan jardun…
Gogoratzen duzue Lasse Halströmen Chocolat (2000) filma? Ba, distantziak distantzia, Juliette Binochek Lansquenet izeneko herri txiki hartan jokatzen zuen papera zeukan Anek gure herriko bizitzan.
Orain dela urtebete, eta Kaleratzeak Stop Desahucios elkartearen laguntzarekin, gainean zeukan enkante mehatxua gelditzea lortu zuen. Izan ere, orduan zabaldutako informazioaren arabera, 2006an okindegia irekitzeko 500.000 euroko mailegua jaso zuen banku batetik; haren ordainketari aurre egin ezinik, okindegia bera, bere etxe propioa eta berme modura jarritako beste bi etxebizitza —senitartekoenak— enkantera ateratzera zihoan bankua iazko maiatzaren 8an. Desjabetzeak nahikoa ez, eta 100.000 euroko ordainketa eskatzen zion gainera.
Enkantea zintzilik geratu zen orduan, baina presioak hor jarraitzen zuen, eta —Kaleratzeak Stopek dioen bezala— «bankuen traumak eragindako osasun arazoak gainditzeko indarrik gabe», krak egin zion gorputzak Aneri apirilaren 15eko goizean, lantokian: garun isuri batek eraman zuen ordu gutxiren buruan.
2009an Nazio Batuek iragarri zuten krisi finantzario eta ekonomikoek ondorio bereziak dituztela generoaren baitan eta zama eramanezina bihurtzen direla emakumeentzat. Etxeratzeak Stopek esana dauka krisiak hurrenkera honetan erasan dituela gizataldeak: lehenik, etorkinak; gero, iraupen luzeko langabeak; azkenik, klase ertainak eta autonomoak.
Ane autonomoa zen, emakumea, bi seme-alaben ama… Ekintzailea, inondik ere!
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop elkarteek eginda daukaten desjabetzeen, pobreziaren eta berdintasunik ezaren kontrako dekalogoaren barruan, puntu hauxe jasotzen dute: praktika onen kodigo bat ezartzea bankuei, zordunei bigarren aukera bat emateko. Begi bistan dago oinarrizkoa dela proposamena, dekalogoko gainerako puntuak bezala. EAJk, PPk eta UPDk ez dute, ordea, onartzen.
Bitartean, enpresa-ekimenetarako ekintzailetza erabiliko dute ahotan agintari politiko eta finantzarioek. Ze ekintzailetza mota? Ez al da hor sartzen bere profesionaltasuna herri txiki bateko biztanleen mesedetan jartzen duen emakumea?
Ane Mujika ito duen banku horrek 110 milioi euroko mozkin garbiak izan zituen iaz, eta berankortasun-tasa 7,4ra jaistea lortu zuen, sektoreko batez bestekoa baino hiru puntu gutxiago. Balantze horri oin-ohar bat gehitu behar zaio orain. Zorraren zutabean gehitu ere: emakume ekintzaile baten heriotza.