Itziar Itz / 2016-04-13 / 263 hitz
D eredua zigor bihurtzen denean (dutenean), ikasleak altxatu egiten dira; hala gertatu da Lizarran. D ereduko batxilergoko ikasleak ikastetxearen atean kateatu dira. Eta ez da harritzekoa, euskara ikasteak erraztasunak baino zailtasunak sortzen baititu sarri.
Azaldu dutenez, badirudi, D eredua aukeratzea zigortzen dutela: 280 ordu gehiago ematen dituzte, selektibitatean azterketa bat gehiago egiten dute (baina berdin balio du) eta herrietako jendeak etxera bueltako garraioa ordaindu behar du. Lodosa jarri dute adibidetzat, izan ere, bertako ikasleek Ibaialde Ikastolan Lehen Hezkuntza bukatu arte euskara ikasteko aukera badute ere, hortik aurrerako ikas-prozesua Lizarran egin behar dute; eta honek urteko 500-600 euroko gastua suposatzen dio ikasle bakoitzari.
Ez da Nafarroa hegoaldetik kexaka dabiltzan lehen aldia, baina gobernuak orain artean entzungor egin du. Horregatik, eta egoeraz nazkatuta, D ereduko batxilergoko ikaleak ikastetxeko atean kateatu dira. Ekintza sinboliko eta baketsua izan da, helburu argiarekin: A ereduko ikasleak, D ereduko presio eta sentsazio hori izatea, 15:15ak arte kateatuta egon beharko balira bezala.
Kontua ez da ordea nahi bezala bukatu, polizia etorri eta indetifikatzeaz gain modu zakarrean jokatu dutela salatu dute ikasleek.
Arazoa identifikatzea garrantzitsua izaten da, baina are gehiago konponbideak proposatzea, eta hori ere argi daukate: D eredukoen egoera aldatzea eta A eredukoen parekoa izatea nahi dute; Nafar Gobernuarekin hitz egin nahi dute; herrietako jendeari garraioetarako subentzioak erraztea nahi dute; eta klase orduan murriztea edo bestela esfortzu horrek aitortza bat izatea nahi dute, esaterako, euskara titulu bat.
Bestalde, Geroa Bai zorrotz kritikatu dute, izan ere, UPNk emandako argudio bera erabiltzea leporatu diote: Ez dutela subentziorik behar, egoera ekonomikoa ona delako eta batxilergoa ez delako derrigorrezkoa. Eta modu berean babesa adierazi diete zentroko irakasleei.