Gazteberri / 2016-03-03 / 225 hitz
Davosen landu den txosten baten arabera belaunaldi gazteek 7 ordu inguru ematen dute pantaila baten aurrean
Urtarrilaren amaieran Suitzako Davos herrian burutu den Munduko Foro Ekonomikoaren gai nagusienetako bat hedabide digitalen kontsumoa izan da. Bertan landu den txosten baten arabera, aro digitaleko erabiltzaileek jada denbora gehiago ematen dute pantaila baten aurrean lotan baino. Txostenak azaltzen duenez, sarean denbora gehien ematen dutenak 1981 eta 2000. urte bitartean jaiotakoak dira, hots, ‘Milennial’ belaunaldia izenarekin ezagutzen diren horiek.
Txostena prestatzeko Estatu Batuak, Txina, Brasil, Alemania eta Hego Afrikako 5000 pertsona inguru elkarrizketatu dituzte. Erabiltzaile horien iritziz, hedabide digitalek euren bizitza kalitatea hobetzeko balio dute. Internet, batez ere, mezuak bidaltzeko eta beste pertsonekin harremanetan izateko erabiltzen dute.
Interneten sartzeko gehien erabiltzen diren gailuak ordenagailuak dira (%62). Lehen postua mantendu arren, gero eta jende gutxiagok erabiltzen ditu ordenagailuak eta bestelako gailu eramangarriagoetara jotzeko joera nabarmentzen ari da. Ordenagailua eta gero, telefono adimentsuak dira gehien erabiltzen diren gailuak (%31) eta, ondoren, tabletak (%7).
Interneten aurki daitezkeen zerbitzuak direla eta, ikerketan parte hartu duten erabiltzaile gehienek ez dute horiengatik ordaintzeko prestutasun handirik azaldu. Interneten diren edukiak doakoak izan behar dutela da nagusitzen den ideia. Aisialdirako zerbitzuengatik (Netflix, Spotify…) ordaintzeko prest azaldu diren erabiltzaileen ehunekoa %34koa da. Bere trebakuntza hobetzeko online ikastaroren bat burutuko luketen erabiltzaileak, aldiz, %20 eskasera iristen dira eta hedabideren bateko harpidetza ordaintzeko prest daudenak %13 besterik ez dira. Gezurra badirudi ere, erabiltzaile gazteenak dira edukien truke ordaintzeko prestutasun handiena azaltzen dutenak.