Mikel Garcia Idiakez / 2016-04-25 / 268 hitz
Hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea 16 urtera jaistea proposatu du ERCk Espainiako parlamentuan: proposamena eztabaidatzearen kontra agertu dira PP eta Ciudadanos, eta abstenitu egin da EAJ. Lan egiteko, zergak ordaintzeko, juridikoki zigortuak izateko… adina aitortzen bazaie, zergatik ez bozkatzekoa? Zeren beldur dira alderdiok?
Ezezkoaren eta abstentzioaren alderdietatik argudio pobreak nagusitu dira, tekniko-burokratikoak, baina ez diote mamiari heldu. Zergatik ez dute gustuko gazteenek ere erabaki ahal izatea, atzean jarrera paternalista ala hauteskunde-kalkuluak daude? Ziurrenik, bietatik: bere garaian, emakumeen botoaren aurkariek ere heldugabeak, infantilak, menpekoak zirela argudiatu zuten, baina 18 urterekin bezain buruaski eta buruargiak dira 16 urtekoak. Eta hauteskundeen ikuspegitik, boto aurrerakoi eta apurtzaileagorako joera izan dezaketen gazteak joko-zelaitik kanpo nahiko dituzte statu quoa mantendu nahi dutenek.
Baina helduen betebehar eta erantzukizunak izan ditzakeenak, helduen eskubideak ere izan beharko lituzke. Gainera, 16 urteetatik bozkatu ahal izateak haize freskoa ekarriko luke: gazteek aukeratutako zerrendek pisu handiagoa lukete gobernuen eraketan eta haien eskaera politiko, sozial eta ekonomikoak kontuan hartuko lirateke. Ikasteko, lana bilatzeko eta gurasoen etxetik joan ahal izateko zailtasun handiak dituzten garaiotan, gazteen aspaldiko aldarria da: “Bozkatu ahalko bagenu, politikariek gehiago pentsatuko lukete gugan”.
Kalitate demokratikoa
Proposamena kalitate demokratikoa hobetzeko egin duela adierazi du ERCk, baita parte-hartze eta erabakimen politikoan gazteak diskriminatuta geratu ez daitezen, egungo demografiak boto-emaileen balantza helduenen aldera desorekatzen duelako. PSOEk, Podemosek eta Talde Mistoak baietz esan diote ekimena eztabaidatzeari, eta parlamentuak bizi duen egoeran proposamena ezerezean geratuko bada ere, aurrera begira alderdi bakoitzak duen jarrera ezagutzeko balio izan du.
Europako Batzordeak boto eskubidea 16 urtetan jartzea gomendatu zien Europar Batasuneko kideei 2011n. Munduko herrialde gehienetan 18 urtetan dago muga, baina Austria, Norvegia, Eslovenia, Hungaria, Ekuador, Argentina edota Brasil bezalako lekuetan herritarrek 16 urtetik aurrera bozkatu dezakete.