Ion Orzaiz / 2016-04-19 / 994 hitz
Laborantzan eta lorezaintzan gehien saltzen den herbizidaren lizentzia berritzekotan da Brusela. Zazpi urteko luzapena proposatu du Europako Parlamentuak, ezkerreko alderdien eta ekologisten kontrako iritziarekin. Minbizia eragin dezaketen substantzien zerrendan sartu zuen OMEk iaz.
Ez da belar-hiltzaile kimikorik toxikoena, baina bai gehien hedatuta dagoena. Laborantza intentsiboan erabiltzen da, baina hirietako belardietan eta errepideetako ezpondetan ere bai. Ia edonon dago, eta, belar txarrak hiltzeaz gainera, negozio iturri agortezin bihurtu da pestiziden sektoreko multinazionalentzat. Glifosatoa da: substantzia segurua eta kaltegabea, zenbaitentzat; pozoi arriskutsua, beste askoren aburuz.
Iragan den asteazkenean, herbizida hori saldu ahal izateko lizentzia zazpi urtez luzatzearen aldeko iritzia eman zuen Europako Legebiltzarrak. Europako Batzordearena izanen da azken erabakia —maiatzaren 18 edo 19ko bilkuran eztabaidatuko dute gaia—, baina litekeena da batzordea parlamentuak emandako gomendioaren aldera lerratzea, eta, beraz, glifosatoa Europa osoko landa guneetan erabiltzen segitzeko eskaerari baiezkoa ematea. Gutxienez, 2023. urtera arte.
Europako Parlamentuaren erabakia gogor kritikatu dute talde ekologistek nahiz ezkerreko alderdiek, eta glifosatoaren toxikotasunaren aurrean «ezikusiarena» egin izana leporatu diete europarlamentari kontserbadoreei eta liberalei. «Europako herritarren borondatearen kontra jo du legebiltzarrak, glifosatoaren baimena zazpi urtez luzatuta. Badakigu erabakia ez dela bete beharrekoa eta pilota Europako Batzordearen teilatuan dagoela orain, baina kolpe latza da, hala ere», azaldu zuen Berdeen taldeko presidenteorde Michele Rivasik, bozketaren egunean.
Eztabaida, ordea, ez da berria. Transgenikoei lotuta sortu zen glifosatoa, eta patentea Monsanto multinazionalaren esku egon zen, 2000. urtean eskubideak iraungi ziren arte. Lehen urte horietan, pakete berean saltzen zituen Monsantok glifosatoa —Roundup markako herbizidetan— eta haren eraginetik immunizatuta zeuden hazi transgenikoak.
Transgenikoen inguruko eztabaidaz harago, baina, iaz egin zuen eztanda glifosatoaren gaineko polemikak, OME Osasunaren Mundu Erakundeak kartzinogenoen sailkapenean sartu zuenean. Zehazki, 2A kategorian sailkatu zuen: «ziur asko» minbizia eragin dezaketen substantzien taldean, alegia.
Landa gunetik hirietara
Nekazaritza sektoreko profesionalentzako baliabide gisa sortu zen glifosatoa, baina azkenaldian haren erabilera esparru ugaritara zabaldu da. Ohiko produktu bihurtu da lorezaintzan eta landare exotiko inbaditzaileen erauzketan. Teorian, ikastaro bat gainditu eta titulu bat eduki behar da hura aplikatzeko, baina, praktikan, edozein dendatan eros daiteke.
«Ia labore mota guztietan erabiltzen da glifosatoa, baina batez ere nekazaritza industrialean: batetik, hazia erein aurretik belar txarrak hiltzeko, eta, bestetik, laborearen azken fasean, landareak lehortzeko eta uzta lehenago bildu ahal izateko», azaldu du Greenpeaceko nekazaritza saileko arduradun Luis Ferreirimek. Haren esanetan, bigarren erabilera hori da arriskutsuena: «Kasu horretan, landareak edo fruituak hazita daudenean fumigatzen dira, kontsumitzaileengana iritsi baino lehentxeago. Beraz, fumigatutako produktua bera da jaten duguna».
Herbizida ez-selektiboa da glifosatoa. Alegia, ez dio landare espezie jakin bati bakarrik erasaten; hainbat espezieri eraso egiten die. Haren eragina sistemikoa da, gainera. Hau da: nahiz eta landarearen atal batek soilik xurgatu substantzia, landare osoak pairatzen du eragina. Beharrezko dituen aminoazidoen sintesia galarazten du, lehenik nekrosia sortu eta azkenik heriotza eragin arte.
Europa osoan, Austria da landareak lehortzeko glifosatoaren erabilera debekatu duen herrialde bakarra. Beste hainbat tokitan, debekua ezarri beharrean, mugatu egin dute herbizidaren salmenta eta erabilera, arriskuak murrizteko xedez.
Izan ere, minbizia eragin dezaketen substantzien zerrenda beltzean azaltzeaz gainera, glifosatoa «disruptore endokrinoa» dela diote hainbat ikerketek. «Horrek esan nahi du gizakien eta animalien hormonetan aldaketak eragiteko gai dela», azaldu du Ekologistak Martxan-eko aditu Kristiñe Garciak. «Gaur egungo osasun arazo asko disruptore endokrinoek sortuak dira. Hormona naturalen antza handia dute gai kimiko horiek, eta metabolismoa aldarazten dute. Horrek eragin berezia izan dezake haurdunaldian, fetuaren garuna eta beste organo guztiak garatze prozesu betean direnean».
Eztabaida zientifikoa
Glifosatoa Europako Batasuneko herrialdeetan saltzeko lizentzia 2012an bukatu zen, eta ordutik, behin-behineko baimenak eman ditu Bruselak, substantziaren inguruko ebaluazio prozesua amaitu gabe zegoela argudiatuta. Iazko azaroan, baina, EFSA Elikagaien Segurtasunerako Europako Agentziak argitara eman zuen glifosatoaren inguruko ebazpena: baimena hamabost urtez berritzeko eskaera egin zion Europako Batzordeari, «mehatxu kartzinogenorik» ikusten ez zuela argudiatuta. Nola liteke, baina, OME eta EFSA ondorio kontrajarrietara iritsi izana, glifosatoaren arriskuen gainean?
«Hori da iturri ezberdinetako ikerketak aintzat hartu dituztelako», dio Ferreirimek. «OMEk, adibidez, orain arte argitaratutako ikerketa independenteak soilik erabili ditu. EFSAk, kontrara, sektorearen barruko enpresek sustatutako ikerlanak hartu ditu abiapuntutzat, eta hara non, ikerketa horiek ez daude eskuragai, ez baitira argitaratu. Egia esan, opakutasuna izugarria izan da prozesu osoan».
Bestalde, EFSAk glifosato puruaren toxikotasuna soilik neurtu du bere txostenean, eta OMEk, berriz, glifosatoan oinarria duten herbizida komertzialak aztertu ditu. «Horietan, glifosatoa beste gai kimiko askorekin nahastuta azaltzen da, eta, beraz, arrisku handiagoa dauka».
Komunitate zientifikoaren barruan ere iritzi kontrajarriak daude glifosatoaren eraginen inguruan. Oro har, gizakientzat toxikotasun lausoa duela diote hainbatek, baina baieztapen hori zalantzan jarri dute beste zientzialari askok. Iaz, glifosatoaren lizentzia berritzearen aurkako agiria sinatu zuten Europa osoko 94 zientzialarik, eta «segurtasun printzipioa» aplikatu dadila eskatu.
«Eztabaida zientifiko baten aurrean eta toxikoa izan daitekeen substantzia batez ari bagara, produktu horren salmenta eten beharko lukete agintariek, badaezpadako neurri gisa», esan du Greenpeaceko ordezkariak. Edonola ere, minbizi kontuetan OMEren irizpidea gailendu beharko litzatekeela gogorarazi du. «Erakunde horrek izan beharko luke azken hitza edozein osasun eztabaidan».
Garciaren aburuz, bestalde, agintari eta ikerlarien arteko ika-mika horretan, «erabakigarria» izan da industriaren barruan lanean diharduten presio taldeek eginiko kanpaina: «Izugarrizkoa izan da lobby-en azpilana. Pestizida enpresen presio taldeak urteak daramatza haren interesen aurkako zientzialarien izen ona zikintzen, haien lanak gutxiesten, Europako Batzordeko kideekin sekretuan negoziatzen edota epeak neurrigabe luzatzen».
TTIP akordioaren negoziazioa ere euren mesederako erabili izana leporatzen die Monsantoren gisako multinazionalei. «Disruptore endokrinoen eta bestelako substantzia kutsakorren inguruan Europako Batasunak dituen irizpideei kezkaz begiratzen diete AEB Amerikako Estatu Batuetako enpresa talde handiek. Segurtasun printzipioa, esate baterako, negoziorako oztopo gisa ikusten dute, eta dozenaka bilera egin dituzte Europako nahiz AEBetako gobernuekin, traba horiek guztiak kentzeko», adierazi du Ekologistak Martxan-eko kideak.
Alternatiben zerrenda
Garciak aitortu du «beldurra» ematen diela pestizida toxikoen aurkako kanpainaren ardatz bakarra glifosatoa izatea, «egiazki, dozenaka baitira arriskutsuak diren substantziak». Hori dela eta, glifosatoa ordezkatzeko tenorean, beste gai kimiko toxikoago batzuk erabiltzen hasi diren erakundeen jarrera kritikatu du. «Kontua ez da marka bat beste batekin ordezkatzea. Aukera ugari ditugu eskura».
Besteak beste, substantzia naturalak aipatu ditu Garciak: «Ozpina, azido zitrikoak, burdinan edo gatzean oinarritutako herbizida naturalak, olio zitotoxikoak…». Horiek aplikatzeko, baina, langile gehiago kontratatu behar direla aitortu du. «Eta enpresa askok ez dute hori begi onez ikusten». Segurtasuna eta ekologiaren gisako kontzeptuak negozioarekin ez nahasteko eskatu du.