Unai Ugartemendia / 2016-04-12 / 1534 hitz
Bide berriak kateatu zituen Bereziartuk Euskal Herriko eskaladarentzat, eta munduko onenetakoa izan zen. Goi mailako kirola utzi zuen, eta urte haiei buruzko gogoeta egin du, eskaladaz eta eskaladak eragindako barne borrokez.
Goi mailako eskalada utzi zuela urte batzuk pasatu badira ere, kirola ez du inoiz utziko. Egunero behar duen zerbait da Josune Bereziarturentzat (Lazkao, Gipuzkoa, 1972). Goi mailan aritzen zeneko presioa alde batera utzi, eta gozatzen ari da. Argazkia ateratzeko zerbait ekartzeko esan, eta, autoa ireki orduko, agerian geratu dira katu-oinak, txirrindularitzako oinetakoak, igerilekuko txapela eta korrikarako oinetakoak. Ez da denbora alferrik pasatzen uzten duten horietakoa.
Noiz ipini zenituen lehenbizikoz katu-oin batzuk?
Oso ondo gogoratzen dut, bai. Egun zehatza zein izan zen ez, baina bai jarri nituen une hura. Sekulako emozioa sentitu nuen. 17 urte nituela uste dut. Garai hartan, kirol estandarretatik irtetea izan zen, kirol arruntetatik ateratzea, alajaina. Katu-oin haiek janzteak desberdina nintzela sentiarazi zidan. Gauza berrien bila hastea izan zen une hura. Oso presente daukat oraindik.
Egia al da dokumental bat ikusi ondoren hasi zinela eskalatzen?
Bai eta ez. Oso neska geldigaitza nintzen, eta, horrelako dokumentalak ikusita, neure burua mundu berrietara zabaltzera eramaten ninduten, esperientzia berrietara, abentura berrietara? Garai hartan, eskalatzera joatea edo mendira joatea infernura joatearen parekoa zen. Oso gauza zaila zen mendira joatea; jendeak gauza zail baten gisa ikusten zuen. Programa haiek nire grina areagotzen zuten. Oso gustuko nituen horrelako programak eta filmak. Mugimendua behar izaten nuen.
Aurretik zertan ibiltzen zinen?
Betidanik oso kirolaria izan naiz. Futbolean eta saskibaloian ibilitakoa nintzen. Orduan hala egiten zen; kirol errazak zirelako izango zen. Taldekako kirolak ziren, eta orduan hori zen eredua.
Eskaladan hasi, eta ikaragarrizko markak egin zenituen. Esaterako, 1997an Fetuccini bidea kateatzea lortu zenuen (8b+ zailtasuna), orduko marka. Zer ekarri zuen hark?
Ondo gogoratzen naiz. Orduan oso inkontzientea nintzen. Gose handiarekin hasi nintzen eskalada munduan, eta aurrerapauso handiak egin nahi izaten nituen denbora gutxian. Eskaladaz maiteminduta nengoen, eta eguneko ordu guztiak horretan pentsatzen pasatzen nituen. Berezkoa ere banuen. Ez nintzen konturatu ere egiten lortutako gauzez. Iñaki Marcok zailtasun hori lortzeko aukera handiak nituela esaten zidan, eta, egun batean, bere bultzadarekin, igotzea lortu nuen. Orduan, ni ere neure buruari hau esaten hasi nintzen: «Ikusten Josune, nola egin zitekeen!».
Igoeretako zailtasunak hainbesteko garrantzia al zuen garai hartan ere?
Bai, dudarik gabe. Garai hartan, esaterako, Baltzolako koba [Dima, Bizkaia] ez zen existitzen. Eskalatzeko aukera batzuk ez ziren erabili ere egiten. Orduan kobetan eskalatzeak ezinezkoa zirudien. Eskaladak asko eboluzionatu du. Orduan graduak eta errekorrak oso garrantzitsuak ziren.
2002an, berriz, oso jauzi handia egitea lortu zenuen, 9ko gradua lortu eta gero. Zer oroitzapen duzu?
Oso jauzi handia izan zen hura. Aldaketa ikaragarria zen, horma handi bat igarotzearen antzekoa. Mentalitatea ere aldatu zitzaidan, nik erabakitako gauza izan baitzen, gainera. Ni joan nintzen haren bila. Zezena adarretatik hartzeko ordua zela iruditu zitzaidan, eta horretan saiatu behar nuela. Orduan inork igo gabeko bidea zen, erantzukizun handia. Garai hartan, 9ko gradua lortzea goia jotzearen parekoa zen. Mundu guztian zailtasun horretako horma bat igo zuen zazpigarrena izan nintzen. Oihartzun handia izan zuen komunikabideetan. Italian eta AEBetan izugarrizko elkarrizketa pila egin behar izan nituen. Oso polita izan zen hura lortzea, atzetik egina nuen lanaren ordaina izan zelako. Argi esanda, zama pixka bat ere kendu nuen [barreak]. Aurrera jarraitzeko sekulako indarra eman zidan, eta gauza handiak egin nitzakeela pentsatzera eraman ninduen. Neure buruari behin eta berriz esaten nion: «Joe, Josune, oraindik zenbat gauza dituzun egiteko eskalada munduan!».
Goi mailako eskaladan 10 urte igaro zenituen; 1997tik 2006ra, gutxi gorabehera. Zein izan zen urte haietako garairik gozoena?
9koa lortu eta hurrengo lau edo bost urteak. Ikaragarriak izan ziren. Oso indartsu sentitzen nintzen urte haietan. Hala ere, arantza bat banuen: bistara marka handi bat egitea falta zitzaidan, eta horretan saiatu nintzen buru-belarri. Baziren egun batzuk, energia handiarekin jaikitzen nintzena: emakume garaiezin baten moduan sentitzen nintzen. 27 urtetik 32ra arteko urteak izan ziren. Fisikoki ere asko indartu nintzen. Orduan edozer gauza egiteko gai ikusten nuen neure burua. Bide handiak egin nituen, pauso handiak, bistara ere bide batzuk? Gauza berri asko egiten ari nintzen. Hala ere, bistara 8b+ lortu nuenean, jabetu nintzen jada lortu nuela lor nezakeen gehiena. Hutsik geratu nintzen, eta neure buruari zera galdetzen hasi nintzen: «Eta orain zer, Josune?». Oso egun kontrajarriak izan ziren haiek. Orduan eman nuen alpinismorako jauzia. Bertan berriro ere bizirik sentitu nintzen. Gauza berriak egiteko aukera ikusten nuen.
Eta urte haietako garairik okerrena?
Asko. Eskaladak, bakarkako kirola denez, arrisku handi bat dauka: oso zeurekoia bihurtzea. Munduaren erdigunea zu zarela pentsatzera eraman zaitzake, ondoko guztiek zure menpe egon behar dutela? Bestalde, eliteko kirolaria izateko, sentimenduek ez dute balio. Denak oso logikoa eta arrazoizkoa izan behar du. Hortik asko du kirol eskaladak. Gainera, asko zaindu behar izaten da: janaria, estresa, izaera? Oso pertsona hotza bihurtzen zara, eta, ondoan duzunak hori guztia ulertzen ez badu, arazoak izan ditzakezu. Gauza horiek asko zaindu behar izaten dira, egunero eman behar zaie jaten.
Noiz erabaki zenuen goi mailako eskalada uztea?
Ez zen izan egun bateko kontua. Aseta nintzela esan dezaket. Gainera, nire esfortzu guztiak beste gauza batzuetarako gordetzen hasi nintzen, eta 38 urteren inguruan motibazio falta sentitzen hasi nintzen. Egunero gauza bera zen. Beste kirol batzuk egiten hasi nintzen: korrika, mendiko eskia.Orain kirol eskalada gutxi egiten dut. Mendia eta alpinismoa bai, baina eskalada oso gutxi.
Askotan nazkatu al zinen eskalatzeaz, goi mailan zeundenean?
Bai, bai, askotan. Zenbatetan pentsatu ote dut: «Hau da kaka zaharra! Oso nekatuta nago; gosea dut gainera?!». Zenbat katu-oin atera ote dira airean! [barreak]. Uneak izaten dira. Baina bost minutura, arnas pixka bat hartu, eta zera pentsatzen nuen: «Baina hau da eta gustatzen zaidana!». Aldeko egunak ere asko izan ditudan moduan, txarrak ere askotan izan dira. Eta aurkakoa esaten duena gezurretan dabil.
Profesional izan zinen urteetan sakrifizio handiak egindakoa al zara?
Kanpotik ikusita, sekulakoa ematen zuen. Ondokoek askotan esaten zidaten ea horrek guztiak merezi zuen. Obsesio puntu batekin ikusten ninduten, baina, niretzat, ez zen beste munduko ezer. Niretzat, jarraitu beharreko bidearen zati bat zen, eta ahaleginak merezi zuen.
Eskaladako profesionala zinenean ere ez zenuen zure lanbidea utzi. Zergatik?
Independentzia ematen zidalako. Profesional izatea ondorio bat besterik ez zen. Nik egiten nuenarekin gozatzen nuen. Ez nuen laguntzaileengatik edo babesleengatik eskalatzen, nik nahi nuelako eskalatzen nuen. Horregatik tirabira handiak ere izaten nituen, baina argi neukan gauzak horrela egin nahi nituela. Inork ez zidan inoiz zer egin behar nuen esan. Laguntzaileekin harreman ona izaten nuen arren, beti nirea egiten nuen alde horretatik.
Nola egin zenuen goi mailako eskalada utzi osteko trantsizioa?
Pasatu beharreko gauzak dira. Niri ez zitzaidan batere gogorra egin. Bizitzako beste zati bat bezala pasatu nuen; bizitzaren legea da. Ez gara betiko. Goi-goian egotetik, lurrera jaisten zara, eta jauzi handia izaten da. Ni prestatuta nengoen horretarako. Ziklo berriek iritsi behar dute, eta kirolean jarraitzeak asko lagundu dit. Goi mailan nengoenean, gehien gorroto nuen galdera zera izaten zen: «Eta, gero, eskalada uztean, zer egin behar duzu?». Beti gauza bera erantzuten nuen: «Utz iezadazu gozatzen orain; gero gerokoak!».
Beti argi izan al zenuen goi mailan zeundenean utziko zenuela?
Bai. Gauzak ondo utzi behar dira; gaizki zaudenean oso erraza izaten da uztea. Zerbait handi egin duzunean uztea gauza handia da.
Zer eman dizu eskaladak?
Dena. Gaur egun naizena izatea. Nire nortasuna, izateko era? Bi aldeetan bizitzeko aukera eman dit, pasioan eta gogoeta uneetan. Ni, gainera, beti izan naiz oso odolberoa, eta hausnarketarako puntu horrek gauza askotarako balio izan dit. Eskaladan baino gehiago nabaritu dut alpinismoan ibilitakoan.
Eskalatzaile bat bizi osorako al da eskalatzaile?
Bai, dudarik gabe. Mendizalea ere bai. Beti eramango du natura bere barnean; beti joango da ahal duenean mendira. Orain beste modu batera bizi dudan arren, asko joaten naiz mendira, eta askotan bakarrik.
Rikardo Otegi bikotekidea ere eskalatzailea da. Zer du onetik eta txarretik horrek?
Nire kasuan, elkar ezagutu genuenean, gosea eta jateko gogoa elkartuko balira bezala izan zen. Nik garai hartan ikasi nahi nuen, indar handia nuen, gogo handia. Rikar nire neurriko ispiluaren modukoa izan zen. Bien arteko sinergia lortu genuen. Ni baino askoz ere lasaiagoa da, eta elkarren osagarri bihurtu ginen. Bion pasioa mendia zenez, oso ondo elkar ulertzen genuen. Txarretik ez diot ezer aurkitzen.
Zure burugogorkeriak eraman zintuen lortu zenuen guztia lortzera?
Bai. Hala ere, muturreko gauzak ez dira onak izaten. Burugogortasunak, obsesio bihurtzen denean, frustrazioak ekartzen ditu, eta haustura batera eraman zaitzake. Gauzak gris kolorean ikusteak, ez beltz eta ez txuri, asko laguntzen du, eta niri asko balio izan dit.
Zer izan da Josune Bereziartu eskaladarentzat?
Wikipediaren arabera, errekor batzuk eman dizkion emakumea [barreak]. Bromak aparte, eta era oso apalean esan dezaket, eboluzio bat eman diodala. Egiteko ezinezkoak ziruditen gauza asko egin daitezkeela sinetsarazi diet askori. Gainera, printzipioekin, lanarekin, uste osoz, eta emozionalki gauza politak sentituz lor daitezkeela.
Zerk bultzatzen zaitu gaur egun oraindik eskalatzera joatera?
Mendiak berak. Bertan sentitzen den bakardadeak, isiltasunak, naturak, han hausnarketarako hartzen dudan denborak, han ikusten diren gauza arruntek, egunsenti bat ikusteak? Gauza askok bultzatzen naute.
Zein dira gaur egungo zure helburuak?
Jaikitzen naizen aldiro ez haserretzea [barrez], eta pozik bizitzea. Baita aurkituko ditudan gauza ezkorrak alde baikorretik ikustea ere. Hori da nire helburua. Ez du odol txarrik egiterik merezi!
Zertan lan egiten duzu?
Nire kirol ibilbidean laguntzaile izan dudan Petzl markaren [kopetako argiak] agente komertziala naiz, eta, eskalatzen nuenean bezala, aitak zuen aseguruen bezero zerrendari eusten diot oraindik ere. Horrez gain, kirol asko egiten dut: igeri, bizikleta, korrika… Baina ez dut triatloirik egiten [barreak]. Oso kontent eta pozik bizi naiz.