Mikel Garcia Idiakez / 2016-04-04 / 718 hitz
Seme-alaben zaintzaren eta lanaren artean kontziliazioa lortzeko, eta kontziliazio hori gizon eta emakumeek maila berean partekatu dezaten, eredu ona izan daitezke Suedian hartu dituzten neurriak. Salvados telebista saiotik jaso ditugu:
– Gaixotu den haurra zaintzeko baimen bereziak. VAB hitza sortu dute Suedian, “umea zaintzen etxean geratuko naiz” esaldiaren siglekin osatua. Haurra gaixo badago, gurasoetako batek lanera deituko du, lanera ez dela joango adierazteko, ondoren horretarako dagoen webgunean sartu, eta klik bidez adieraziko du egun horretan VAB egin duela. Gizarte Segurantzak ordainduko dio egun hori, ez enpresak, “eta lankideek ulertu egiten dute, eurei gertatzen zaienean nik ere ulertzen dudalako. Umea gaixo badago, harekin geratzea da logikoena, ez?”, dio Suedian bizi den elkarrizketatuak, David Pallarès katalanak (bi seme ditu, 2 eta 6 urtekoak). “VAB egiteko legez urtean hiruzpalau hilabete dituzu haur bakoitzeko”. Jendeak iruzurrik egiten al duen galdetuta, suediarrek lanarekiko erantzukizun handia dutela argitzen du Pallarèsek, eta gainera lana bizitzan asebetetzen dituen eginkizuna dela gehienenentzat.
VAB asko eginez gero, ez al du kolapsoa eragingo zenbait lanetan? Antolatzea da kontua eta adibide bila Suediako ospitale batera doa aurkezlea. Sigrid Latham, ospitaleko Osasun saileko arduradunak dio langileek bajak hartzea ez dela arazo, “normala da familia-bizitza egitea, ordezkoa bilatzea da gakoa. Esaterako, jubilatu asko dugu noizbehinka lan egiten dutenak, goizean dei diezaieket eta galdetu egunean bertan etorriko al diren lanera. Orduka kobratzen dute, eta ezetz esan dezakete lasai asko, beste planen bat badute egun horretarako”.
– Haurtzaindegi sare egokia. Suedian, 7 urtera arte ez dira eskolan hasten haurrak, eta adin horretara arte haurtzaindegira joan daitezke. Haurtzaindegi sare handia dute eta denak dira publikoak. Gurasoen soldataren arabera ordaintzen dute: Pallarèsen kasuan, 120 euro ordaintzen dute lehenengo haurragatik eta 40 euro gehiago bigarrenagatik, eta bueltan, Estatuak 140 euro ordaintzen dizkie haur bakoitzagatik, 8 urte bete arte. Haurtzaindegietan, bost ikasleko irakasle bat izan ohi dute, eta gutxi gorabehera 6:30ean ireki eta 17:30ean ixten dituzte ateak.
– Gurasotasun baimen zabalagoak eta orekatuagoak. Amatasun eta aitatasun baimena, bien artean 16 hilabetekoa da eta umeak 8 urte bete arte banatu dezakete. Lanbide batzuetan baimen hau ia modu parekidean banatzen dute amak eta aitak (unibertsitateko irakasleek, adibidez), baina Estatuan batez beste baimenaren %75 amak hartzen du eta %25 aitak. Halere, lehen desoreka erabatekoa zela eta hamar urtetan aldaketa handia izan dela azpimarratu du elkarrizketatuak. Oreka bilatze aldera lege zehatzak dituzte Suedian. Hala nola, baimenaren egun kopuru jakin bat aitak baino ezin du hartu, gizonak gutxieneko kopuru bat har dezala ahalbidetuz (hiruzpalau hilabete); parekidetasun bonoaren bidez berriz, baimena zenbat eta parekideago hartu (alegia, gizonak zenbat eta egun gehiago hartu oreka lortu arte), orduan eta hobeto ordaintzen dio Estatuak bikoteari.
– Jasangarria ekonomikoki. Aurreko puntuetan aipatu moduan, Estatua da (eta ez enpresak) haurra zaintzeko bajak, haurtzaindegia edota gurasotasun baimenak ordaintzen dituena. Hori guztia Estatuarentzat jasangarria al den galdetuta, baietz dio Pallarèsek, zerga asko ordaintzen dituztelako, zuzenak eta zeharkakoak. Gainera, “hemen inoiz ez litzaidake bururatuko errenta aitorpenean iruzur egitea, inork ez du egiten eta lotsatzeko zerbait da gizarte suediarrean. Jendea oso legala da horretarako, eta kontrakoa egitea besteei traizio egitea da”. Bestetik, eraginkortasun kontua dela dio, dirua ondo gestionatzea eta inbertitzea, ustelkeriarik, AVE modukorik… ez egotea. “Tranbia zaharrak ditugula? Bai, baina prestazio sozial altuak”.
– Lana planteatzeko modua. Lanaldi jarraitua egiteko aukera eta ordutegi malguak berme onak dira kontziliaziorako. “Suediara iritsi nintzenean, harrigarria egiten zitzaidan lankide batek esatea ‘umearen bila noa eskolara’, eta bat-batean desagertzea; gauza ohikoa da hemen”, dio Erika Mata elkarrizketatuak. Ospitaleko langileen kontratazioaz arduratzen den Sigrid Latham-ek berriz, azpimarratzen du legez debekatuta dagoela emakume bati galdetzea ea haurdun geratzeko asmorik duen. “Haurdun geratzen dena ez da soilik emakumea, bikotea da haurdun geratzen dena. Ardura bien artean partekatu behar dute”. Sakonean, “nik ez dut haurdunaldia arazo gisa ikusten –dio–, ez badugu haurrik ez dugu gizarterik izango. Aldiz, umeak izateko adinean dauden emakumeak lan merkatutik baztertzen baditugu, arriskua dugu langile on asko eta asko galtzeko. Norbait kontratatzen dudanean, gurekin urte asko egingo dituela pentsatzen dut, eta umeak txikiak direnean aldenduago pasa duen denbora huskeria da, guztira hemen lanean eman duen denborarekin konparatuta”.
– Kultura barneratua. Gaia barneratuta izatea da eraginkorrena, lege eta bestelako neurrietatik harago, norbere egunerokoan kontziliazio parekidearen bide horri ekitea. Pallarès eta haren bikotekide Emma Carlsonek igande gaueko solasaldia aprobetxatzen dute etxeari eta seme-alabei lotutako hurrengo asteko lanak modu orekatuan banatzeko. Eta bietakoren batek –laneko bidaiaren bat dela medio, adibidez– aste horretan gutxiago egingo badu, hurrengoan orekatu behar du. Bestela, ariketa kontzientea egin ezean, joera lan horiek emakumearen gain uztea dela argi du David Pallarèsek.