Urtzi Urkizu / 2016-04-22 / 509 hitz
Gaztetan sei urtez soldatzaile lanetan aritu zen Ricardo Romero (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1978). «Bizitza esperientzia gisa garrantzitsua izan zen buzo urdinarekin ibiltzea, alor guztietan». Arrakastaren aparrean da orain, eta politikari askoren ahotan.
Sekulako basakeria eta bidegabekeria izan zen. Ez zuen ez hanka ez buru izan. Zoritxarrez, halako ankerkeria judizialetara ohituta gaude herrialde honetan.
Mozal legea dago orain indarrean. Jendea beldurtu nahi dute?
Nahi dutena da jendeak bi aldiz pentsa dezala manifestazio batera edo mobilizazio batera joan aurretik. Begien bistakoa da herritarrak beldurtu nahi dituztela.
Arnaldo Otegik, espetxetik atera zen egun berean, Los Chikos del Maiz aipatu zuen. Zuen kanta batean ageri den «terrorismoa Fraga Iribarne da, Gasteizen langileak hiltzen» esaldia gogoratu zuen.
Ilusioa egin zigun; ondo egon zen. Dagoeneko ez da soilik Pablo Iglesias gure hitzak aipatzen dituena. Seinale ona da; gauzak aldatzen ari diren seinale.
Eta Iglesiasek Espainiako Kongresuan esan zuen PSOEk S eta O hizkiak entregatu behar dituela.
Hori ere ondo egon zen [kar-kar]. Bizi garen garaien sinbolo bat. Zorionez, orain politikan ez daude bakarrik betiko dinosauroak, betiko gorbatadun gris horiek.
Zuen azkeneko kantan, PPko diputatu Pablo Casado aipatu duzue, eta asaldatu egin da. Hasiera ona da maiatzean aterako duzuen Trap Mirror maxirako?
Martxan hasi gara. Harritzen nau Casadorenak, oso azal finekoa baita. Gizon hori ezkerreko jendea iraintzen ibili izan da, esanez beti hobi komunen gaiarekin dabiltzala. Uste dut Casado eta kantarenak ez duela gehiagorako emango.
Maxiaren ostean, zer asmo duzue Los Chikos del Maiz gisa?
Kontzertuak ematen ibiliko gara, eta taldeari agurra emateko birarekin bukatuko dugu urtea. Datorren urtean, Riot Propaganda-Habeas Corpusen proiektuari helduko diogu. Bakarkako proiekturen bat ere iritsiko da.
Podemos Espainiako Kongresuan da. Baina ez al zeuden Espainian kaleak beroago duela hiru urte gaur egun baino?
Bai, kalea desmobilizatu egin da, eta hori Podemosek berak aitortzen du. Bide elektoralaren aldeko apustua egin da. Podemos makina elektorala da, bai. Baina, hauteskundeen ostean, alderdia sortu behar zuen, hau da, oinarria eta militanteak sortu, baina, oraingoz, ez du halakorik. Ez dago alderdirik. Eta oinarriak ez badaude, erori egin daiteke.
Ekainaren 26an Espainiako Kongresurako hauteskundeak badaude, inkestek PP ematen dute irabazle…
Baikorra izan behar da. Podemosek eta IUk bat egiteak mesede egingo luke. PSOEk Ciudadanosekin bat egiteak min egingo zien PSOEko boz-emaile langileei. Aurretik, Pedro Sanchezek esaten zuen Ciudadanosekoak PPko Nuevas Generaciones zirela. Ea zer gertatzen den.
Umorea jartzen jarraitu beharko duzue, kantan bezala Maria Dolores de Cospedal Sarri, sarri dantzan jartzen den arte.
Bai, nahiz eta egoera gordina izan, tresna oso baliotsua da umorea, eta min egin dezake.
Ezkerra ere kritikatzen duzue, umorearekin.
Noski. Denentzat banatu behar da. Bekaturik gabe dagoenak jaurti dezala lehen harria.
Zuen hitzak ez al dira duela hamar urte baino feministagoak?
Zalantzarik gabe. Garapen pertsonal bat izan dugu. Gizartea ere kontzienteagoa da. Garapen paraleloa izan dugu, gizartearekin batera.
Zinemazale amorratua zara. Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zenuen, soldatzaile aritu ostean.
Aitari esker zinema asko ikusi nuen, eta gogoko nuena ikasi nuen, 26 urterekin. 18 urterekin zure bizitzan zer egin erabakitzea huts bat dela uste dut, eromena. Abantaila da unibertsitateko ikasketak beranduago egitea.