Pauso bat elkartasun bidean

Ihintza Elustondo / 2016-04-07 / 994 hitz

Errefuxiatuei laguntzeko, hainbat kanpaina abiarazi dituzte Euskal Herrian. Besteak beste, Kabi Etxeetan ume-eramaileen bilketa egiten ari dira; Zaporeak egitasmoa egunero otordu bat izango dutela ziurtatzen saiatzen da, eta Donostia Kultura katiuskak jasotzeaz arduratzen da.

Gerratik ihes egin nahi, eta ezin. Amets bat izanez gero, haren alde borroka egin behar dela esaten dute. Eta horretan ari dira hainbat eta hainbat. Bakearen atzetik, indarrak ahitu arte. Garrasi egiten dute, baina isiltasuna da hesiek bueltan itzultzen dieten oihartzun bakarra. Ez da samurra haientzat aurrera egitea: gosea aguantatu behar dute, hotza sufritu behar dute, eta, batez ere, beldurra irentsi behar dute. Ez dakite hurrengo egunak zer ekarriko dien. Inor oroituko ote den haiekin. Eta, hala ere, eutsi egin behar. Ulertezina da askorentzat errefuxiatuekin gertatzen ari dena, eta, inpotentzia horrek eraginda, haiei laguntzeko hainbat kanpaina abiatu dituzte Euskal Herrian. Bakoitzak bere hondar alea jarri nahi baitu elkartasunerako bidean.

Kilometroak eta kilometroak egiten dituzte iheslariek oinez, eta, askotan, haurrak lepotik zintzilik eramaten dituzte gurasoek: bat, bi edo baita hiru ere. Irudi horiek burutik ezin kenduta, ume-eramaileak biltzeko kanpaina bat jarri zuen martxan Marian Bernal Kabi Etxeak elkarteko kideak, Nagore Garcia de Vicuñarekin batera. Ameriketako Estatu Batuetan martxan zegoen Carry The Future egitasmoaren berri izan zuten —ume-eramaileak bidaltzen dituzte errefuxiatuen kanpalekuetara—, eta Donostian antzeko zerbait egin zitekeela pentsatu zuten. Madrilgo AAPS Asociacion de Apoyo al Pueblo Sirio erakundearekin harremanetan jarri ziren orduan, eta elkarlanean ari dira geroztik. Erakundeak mota askotako baliabideak bidaltzen ditu Siriara, eta, tartean, kanpainak bildutako ume-eramaileak ere bai. Bernalek azaldu duenez, Carry The Futureren lanaren ondorioz, Greziako kanpalekuetara nahikoa ume-eramaile iristen dira; horregatik, haiek Siriara bidaltzea erabaki dute.

Otsailaren 23an abiatu zuten bilketa Donostiako Kabi Etxeetan, eta, aldi berean, sare sozialetan eta Whatsapp bidez egitasmoaren berri ematen hasi ziren. Bi egunen buruan, Madrilgo denda bat jarri zen haiekin harremanetan, kanpainan parte hartu nahi zuela esanez, eta, egun batzuk geroago, Peruko negozio bat. Pixkanaka-pixkanaka, informazioa hedatu zen, eta bilketa gune pila bat sortu dira gaur arte, Euskal Herrian eta atzerrian. Orotara, ehun bilketa gune inguru dira: Gipuzkoan hemeretzi daude; Bizkaian eta Nafarroan, bosna, eta Araban, bat.

Aste honetan bertan egin dute lehen bidalketa Madrildik Siriara. Bilketa gune bakoitza arduratu da ume-eramaileak Madrilera bidaltzeaz, eta Bernalek ez daki oraindik bakoitzak zenbat bidali dituen. Galdetu die, baina batzuek ez dute oraindik erantzun. «20 erantzun jaso ditugu, eta, haien artean, 2.000 ume-eramaile inguru bidali dituzte. Guztira asko izango direla kalkulatzen dugu». Euskal Herriko datuak honako hauek dira: Arabatik 265 bidali dituzte; Nafarroatik, 202; Gipuzkoatik, 200, eta Bizkaitik, 189.

Internetek ahalbidetu du kanpaina hain azkar hedatzea, Bernalen arabera. «Hau, lehen, dirutza kostatuko zitzaigun, eta, orain, Internetekin, sinestezina da nola hedatzen diren gauzak». Horrez gain, identifikazioa izan da arrakastarako beste gako bat, haren ustez. «Ume-eramailea erabili dugun gurasoontzat, oso garrantzitsua izan da gure bizitzan. Ez digu soilik askatasuna eman: haurrarekin genuen lotura izan da. Askoz lasaiago dago haurra gure besoetan; gure berotasuna eta gure lasaitasuna sentitzen ditu. Nik uste dut amei enpatia sortu zaiela; identifikatuta sentitu dira. Jende askori kosta egiten zaio bere ume-eramailea ematea, ez delako tela zati bat soilik. Nik uste hor ukitu dugula jendearen sentsibilitatea, eta hortik sortu dela arrakasta».

Era guztietako beharrak dituzte errefuxiatuek, eta, horien artean, funtsezkoena jatea da. Horregatik, Greziako Kios irlan otorduak banatzen dituzte Intxaurrondoko gastronomia elkarteak (Donostia) sortutako Zaporeak egitasmoko kideek. Fagor eta Lacor enpresek sukalde bat jartzeko behar zuten guztia eman zieten, eta janari bilketa bat egin zuten. Hori guztia kamioi batean bidali zuten uhartera, martxoaren hasieran, eta, egun batzuen buruan, lau lagun joan ziren hara. Han sukaldea muntatu zuten, eta egunean 1.700-2.000 otordu artean banatzen hasi ziren. Boluntario batzuk itzuli dira, eta beste batzuk joan dira, baina ez da gelditu proiektua ordutik.

Marian Zuloaga buru-belarri murgilduta dabil kanpainan, nahiz eta ez den Greziara joan. Yolanda Uranga lankidearekin batera, Euskal Herritik lan egiten du, han ezer falta ez dadin. Boluntarioak biltzen dituzte, garraioa kudeatu… Joan den larunbatean, esaterako, janari bilketa bat egin zuten Oiartzungo Alcampo supermerkatuan (Gipuzkoa), eta 5.673 kilo elikagai jaso zituzten. Datorren larunbatean, berriz, gauza bera egingo dute Donostiako Super Amara supermerkatuetan.

Oztopoak oztopo, aurrera

Intentzio onenarekin ari diren arren, oztopoak jarri dizkiete errefuxiatuei janaria banatzean; higiene faltagatik, janaririk ezin zutela eman esan zieten kanpalekuetan. «Higienea badugu, baina zer esango dute kontzentrazio esparru horretan, edateko urik ere ez dute eta!», azaldu du Zuloagak. Trabak traba, argi dute handik ez direla mugituko: «Guk esan genuen Kiostik ez genuela alde egingo, proiektu bat genuela, jendeak ez zuela jaten, eta gu jendeari jaten ematera joan ginela hara».

Jendeak egindako ekarpen ekonomikoei esker lortzen du proiektuak aurrera egitea. «Mundu guztia oso ondo ari da erantzuten; harrigarria da», azaldu du Zuloagak. Baina, haren arabera, gogorra egiten ari zaie aurrera egitea. «Oso handia egiten ari zaigu hau, baina aguantatuko dugu; gure helburua inor jan gabe ez gelditzea da. Egun bat iristen bada bost bazkari bakarrik ematen dituguna, ba, begira, bost pertsonak jan dute. Baina guk han jarraituko dugu».

Donostia Kulturako langileak bilera batean ohartu ziren zerbait egin behar zutela errefuxiatuei laguntzeko. Pixkanaka batzen hasi ziren, eta katiuska bilketa bat egitea erabaki zuten. Miren Valverde San Telmo museoko komunikazio arduradunaren arabera, beste zerbait biltzea ere posible izan zitekeen arren, oinetakoen alde egin dute beraiek. «Kanpaleku batzuk oso leku lokaztuetan daude, eta oso zaila egiten zaio jendeari oinak lehor edukitzea. Gainera, gaixotu egiten dira horrela». Hasieran, katiuskak soilik biltzen hasi ziren, baina berehala ohartu ziren mendiko botek eta kiroletakoek ere balio zutela.

Jendeak ondo erantzun du, Valverderen arabera. «Hasieratik nabaritu dugu jendea ez dagoela ados eta zerbait egin nahi duela errefuxiatuei laguntzeko. Jendeak oso ondo hartu du kanpainan parte hartzea proposatu diegunean: Tabakalerak, Donostia 2016k, hainbat elkartek eta enpresak…». Oinetako bilketaz gain, hausnarketa bultzatzeko jarduerak ere antolatuko dituzte. «Barrutik ateratzen zaigun desadostasun hori agertzeko bideak ireki nahi ditugu».

Apirilaren 5ean hasi zen bilketa Donostiako hainbat gunetan, eta hilaren 15ean amaituko da. Helburua lehenbailehen botak kanpalekuetara bidaltzea da. Basque Lifeguards elkartearekin harremanetan daude, eta haien bidez ziurtatu dute iritsiko direla. Apirilaren 17an, berriz, errefuxiatuei elkartasuna adierazteko ekitaldia egingo dute, Zuloaga plazan, 12:00etan. Zuhar Iruretagoiena artistak ekintza bat egingo du, eta bidalitako bota guztiekin argazki bat aterako dute jarraian.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.