Oier Zeberio eta Iñaki Barcena / 2016-04-26 / 708 hitz
Txernobylgo hondamendi nuklearra gertatu zenetik 30 urte pasatu dira. Ziur aski munduan gertatu den larriena eta ondorio soziopolitiko sakonak ekarri zituena, Ukrainan, Sobietar Batasunean eta mundu osoan. Glasnost —gardentasuna— eta perestroikaren —berregituraketa— urteak ziren Mikhail Gorbatxovek gobernatzen zuen sistema sozialistan, eta Txernobylgo istripuak inflexio puntu bat suposatu zuen «sozialismo errealaren» gainbeheran.
Energia nuklearraren segurtasunaren mitoak indar handia zuen Sobietar Batasunean. Anatoli Aleksandrov akademikoak ondorengoa zioen: «gure zentral nuklearrak ez dira arriskutsuak. Plaza Gorrian ere eraiki ahalko ziren. Gure samovarrak [ura irakiteko balio duen ontzia] baino seguruagoak dira». Istripuak maiz gertatzen ziren, ordea. Griegori Medvedev ingeniariak dioenez, «iritzi publikoari zentral nuklearrek zituzten matxurak ezkutatzea norma bilakatu zen P. S. Neporozhni Energia eta Elektrifikazio ministroa zenean. Matxurak ez zitzaizkion populazio zibilari eta gobernuari bakarrik ezkutatzen, baita zentral nuklearretako langileei ere. Hori oraindik eta arriskutsuagoa zen. Esperientzia negatiboen inguruko informazio faltak ondorio ezin txarragoak dakartza eta. Axolagabekeria eta ohartasun falta sortzen du pertsonalarengan. Neporozhniren ondorengoak, A.I. Mayoretsek, isiltasunaren tradizioarekin jarraitu zuen».
Griegori Medvedev ingeniariaren arabera, laugarren erreaktorearen leherketa eragin zuen esperimentua Txernobylgo N.M. Fomin ingeniari nagusiak diseinatutako programa bati jarraituz egin zen. Programak segurtasuna bermatzeko beharrezkoak ziren erreaktorearen babes sistemen desaktibazioa eskatzen zuen, eta horrek oso arriskutsua bilakatzen zuen. Inork ez zuen kontrakotasunik adierazi. Medvedeven arabera, horren arrazoia esperientzia negatiboen inguruko gardentasunik eza zen. Hori dela eta, bazirudien matxurak ez zirela inoiz existitu. Guztia segurua zen, ez zegoen inongo arriskurik. Esperimenturako erreaktorea prestatu eta esperimentua egin zuen taldeak, arrisku maila are eta gehiago igotzen zuten neurriak hartzean, istripu larri bat izateko probabilitatea oso txikia zela uste zuen. Faktore horien guztien batuketak eragin zuen 1986ko apirilaren 26an, goizeko ordu batak eta hogeita hiru minutu eta berrogeita hemezortzi segundoan, laugarren erreaktorearen leherketa.
Istripua izan eta ordu gutxira iritsi ziren Moskuko funtzionarioak. Apirilaren 26 goizerako zuten istripuaren berri Gorbatxovek eta beste lider nagusi batzuek. Sobietar Batasuneko Ministroen Kontseiluko Presidentea zen Nikolai Ryzhkoven zuzendaritzapean zegoen Politburoaren barneko talde bat antolatu zen istripuari aurre egiteko. Horrez gain, Ministroen Kontseiluko Presidenteordea zen Boris Stxerbina buru zuen komisio berezi bat sortu zen goiz hartan bertan istripuaren kausak ikertzeko. Komisio horrek berehala hartu zuen larrialdiaren erantzunaren eta errekuperazio lanen zuzendaritza.
Akats oso larriak egin ziren krisiaren kudeaketan. Erreaktoretik hiru kilometrora dagoen Pripiat hiriko 47.000 biztanleek ez zuten istripuaren inguruko informaziorik jaso. Ez zen euri erradioaktiboarengatik babesteko neurririk agindu. Apirilaren 26an umeak lasai zebiltzan parkean, jolasean, erradioaktibitate maila oso altua zen bitartean. Istripua izan eta 36 ordu beranduago ebakuatu zuten Pripiat. Askorentzat beranduegi zen. Erreaktoretik 103 kilometrora dagoen Kieveko 2,5 milioi biztanleei ez zitzaien arriskuaren berri eman istripua izan eta bederatzi egun pasatu arte. Maiatzaren 1eko ospakizuna normaltasun osoz ospatu zen Kieven. Igor Kostinek dion bezala, milioi bat pertsona atera ziren kalera kutsadura erradioaktiboak bere gailurra jo zuen bitartean. Autoritateen iritziz festa ezeztatzeak izua zabal zezakeen. Erreaktoretik 15 kilometrora dagoen eta milaka pertsona bizi ziren Txernobyl hiria maiatzaren 5ean ebakuatu zuten, erradioaktibitate maila oso altua zenean. Bertan ere Maiatzaren 1eko festa ospatu zen. Guztira 335.000 pertsona ebakuatu zituzten, baina ez kutsadura handia jaso zuten guneetan bizi ziren beste milaka eta milaka pertsona.
Txernobylgo istripuak sortutako kalteaz, datu asko eman dira, eta kontrajarriak oso. Batzuentzat, hildako gutxi suertatu ziren; Errusiako Zientzien Akademiak ateratako txostenaren arabera, eztandak 200.000 lagun inguru akabatu zituen, hots Hiroshima edo Nagasakiko bonbardaketen parean. Agerian geratu dena, aldiz, informazio eta gardentasun falta itzela da. Zentral nuklearren inguruan «sekretismoa» da nagusi, Txernobyl lekuko.
Izan ere, 1986ko apirilaren 26tik gauza asko aldatu ziren munduan. Ukrainaren iparrean sortutako hodei nuklearrak ez zuen pasaporterik behar muga politiko estatalen gainetik Europa osora erradioaktibitatea zabaltzeko. Hiru egun geroago Suediako Forsmarkeko zentraleko langileen arropetan aurkeztutako erradioaktibitate mailak, hodei erradioaktibo ukrainarraren ebidentzia ekarri zuen. Eta Moskuko gobernuak ezin zuen gehiago estali gertatutakoa. Teknologia nuklearraren kontrako iritziak eta mugimendu ekologista eta antinuklearraren legitimazioa ere zabaldu ziren, baina aldaketa nabarmenenak Sobietar Batasuneko aldean izan ziren. Bost urte geroago Batasuna desagertu zen, eta Ukraina eta Errusiaren arteko harremanak konplikatu ziren. Moskutik etorritako aginduak ez ziren berdin ikusiko, eta Europako Batasuna eta Errusiaren proiektu kapitalisten arteko tentsioek Ukraina bera apurtu dute.
Hori bai, ozenki esan ziguten Txernobylgoa bakarrik sistema sozialista zaharkitu eta herdoilduan gerta zitekeela. Alabaina, Tokaimuran (Japonia) 1997an, KasHiwaZaki-Kawiran (Japonia) 2007an, Tricastin-en (Frantzia) 2008an eta azkena Fukushima-Daiichi-n 2011n izandako istripuek agerian utzi dute megamakina nuklearraren dekadentzia eta etorkizunik eza. Etorkizunean aldiz, Txernobyl eta Fukushimaren sarkofago garestiaz aparte, hondakin nuklearren herentzia arriskutsua kudeatzea utziko diegu gure ondorengoei.