Patxi Azparren / 2016-05-30 / 297 hitz
Gure aiton-amonak bezala, ez naiz bereziki urzalea, baina uda partean likido gardenaren beharra gehiago sumatzen dut. Katalunia aldean oporretan egon naizenetan, litroka edan ohi dut eta hainbat komeria izaten dut, iturrietako ura biziki txarra baita han. Katalunian serio aztertu beharko dute independentzia prozesuan nola geldiarazi zenbait pribatizazio prozesu, eta horietako larriena, uraren pribatizazioa, eskualde askotan ur edangarria lortu ahal izateko supermekatuera jo behar delako, derrigorrez.
Plastiko nazkagarrian bildutako ura edan behar izatea, berez, nahikoa higuingarria iruditzen zait, nik behintzat zapore arraro xamar hartzen diot. Tabernetan, iturrikoa ez bada sekula ez dut eskatu, lotsagarria baiteritzot ura gasolinaren prezioaren halako bost ordaintzeari.
Haatik, gaurkoan uraren pribatizazio hiltzailea salatzeaz gain, beste mota bateko kexa ere plazaratu nahi dut, aurreko asteburuan taberna batean botila bat ur ikustean ahoa bete hortz geratu nintzen eta.
Mahai gainean, plastiko urdinezko litrobeteko Alzola botila bati erreparatu nion. “Alzola Basque water”, “hara ! beste bat!” esan nion neure buruari. BEC, Bird Center, Basque Fest, Basque Country…zerrenda luze horretara gehitu beharreko beste tontakeria bat.
Enpresa horrek ur gehiago saltze aldera “euskal ura” jarri izan balio, inozokeriatzat joko nukeen. euskaraz mintzo den ura izango ote zen?, batek daki; euskal-labedun ura agian?, auskalo. Alabaina, kasu honetan inozokeria baino, irainaren eremura iritsi direlakoan nago. Alzola ur elgoibartarrak “eusko labela” saltzeko moda berrari heldu dio, “basque country” modari , alegia.
Zer esanik ez, etiketaren gainontzeko azalpen guztiak gaztelera peto-petoan zeuden, gaztelera hutsez, Elgoibarko ura oso “basque” baita, ez euskalduna, ordea. Izan ere, hori da “Basque Country” modak aldarrikatzen duen eredua. Euskal Herri-ohiaren museoa, non euskara eta euskal kultura turistentzako souvenir besterik ez diren. Azken finean, hori ere bada pribatizazioak bultzatu dituzten eragileen proposamena: hirugarren sektorera bideratutako tokia.
Industria birrindutakoan, lehenengo sektore ekoizlea itoarazitakoan, Euskal Herriari herri aberatsagoetako turistentzako eskaparate bat izatea egokitu zaio, eta erakusleiho horretan euskaldunak soberan gaude “basquecountrytarrak” oso otzanak, jatorrak eta barregarriak direlako.