Ion Cerezo / 2016-04-22 / 305 hitz
Dieta guztiz begetala daramagunoi, askotan begano deitzen den dieta hori daramagunoi (dieta baino jarrera politikoa bada ere) gure jarrerari aurre egiteko argumentu horietako bat da hau. Naturala zer den definitzea oso zaila iruditzen zaidanez naturala ez dena definitzen hasiko naiz lerro hauetan, ondorioren bat ateratzeko asmoarekin.
Ez da naturala jaiotzatik jatera behartuta izatea, metalezko lau pareta tartean bizitzea eta eguzkia ikusten duzun lehen aldia hiltegira eramango zaituen kamioian ikustea. Ez da naturala egunean hirutan artoa eta koipea zuzenean sabeleraino sartzea gibela gaixotu eta hau saltzeko. Ez da naturala behi, txerri edo ardi bati, edo beste edozein animaliari, tutu bat baginatik sartu eta beste animalia har baten semena sartzea, bortxatzea alegia. Ez da naturala kumeak izatera behartu eta hauek amarengandik banatzea jaio eta egun gutxira. Ez da naturala beren familiarekin bizitzeko eskubidea zapaltzea guk esplotatu nahi ditugulako. Ez da naturala milaka animalia pilatuta izatea, bata bestearen gainean, horrela gizakiok haien arrautzak saltzetik ateratzen dugun etekina handiagoa izateko. Ez da naturala txekorrari bitamina eta antibiotikoz betetako elikagaiak eman behar izatea berarentzat zen esnea saldu nahi dugulako. Ez da naturala txerrikumeei hortzak eta buztanak anestesiarik gabe kentzea gizentze zeldatan sortzen dien estresaren ondorio den kanibalismoa ekiditeko.
Animalien esplotazioa ez da naturala, hori argi daukat. Hauek justifikatzea ordenagailuak, mobilak, kotxeak eta beste milaka gauza “ez natural” egunero erabiltzen ditugunean aitzakia eta argumentu hutsala iruditzen zait gainera. Edozein zapalkuntza defendatzen duenak, konfort zonaldetik atera nahi ez duen horrek, aitzakia ugari aurkitzen ditu bere pribilegioak alde batera ez uzteko: “ez da naturala”, “emakumeek beti zaindu dituzte umeak”, “landareek sentitzen dute”, “beti egin da horrela”…
Agian beganismoa ez da naturala, eta zer? Dieta guztiz begetala eramatea posible da, animalia esplotazioa eta honen ondorioak boikoteatzea eta osasuntsu izatea posible da. Beganismoak bilatzen duena justizia, sentitzen duten beste norbanako batzuen duintasuna eta askatasuna da, baina dirudienez, eta zoritxarrez, egun anti naturala da mundu justuago bat bilatzea.