Mikel Garcia Idiazkez / 2016-05
“Autoeraikuntzan trebatu ginen eta guk geuk egin genituen gure etxeak. Esan ziguten ez ginela kapaz izango, zailtasunak jarri zizkiguten”, mehatxuak eta asmo txarrez eragindako suteak tarteko, baina 98 etxebizitzako auzoa sortu zuten. Kolonbiako gatazka bortitzaren biktimak dira, Emakume Desplazatuen Ligakoak, eta babestuta sentitzeko gunea lortu dute: Emakumeen Hiria.
Emakumeen Hiria, hala deitzen diote Turbaco herri kolonbiarreko auzoari. Datu ofizialen arabera 220.000 hildako eta sei milioi desplazatu baino gehiago utzi dituen gatazkaren erdian, biolentziak kolpatutako emakumeek sortu zuten auzoa, adreiluzko etxeak eraikiz. Artikulua kaleratu berri du BBCk.
Emakume bortxatu bat eguneko
Kolonbian, egunean emakume bat bortxatzen dute gatazkaren ondorioz. Emakume Desplazatuen Ligako kide guztiek jasan dute sexu gehiegikeriaren bat: asko bortxatu egin dituzte, batzuk haurdun geratu dira bortxatu ostean, beste hainbatek ezin izan du ordutik sexu harreman osasuntsu eta atseginik izan… “Gerrak emakumeen sexualitatea suntsitu du”, dio Patricia Guerrero abokatuak. Guerrero funtsezkoa izan zen Emakumeen Hiria sortzeko, eta horretarako dirua ere berak lortu zuen, Kolonbiatik kanpo.
Etxeak egiten hasi zirenean, mehatxuak jaso zituzten, zentro komunitarioa erre egin zieten –gero berriz eraiki zuten–, hilotzak uzten zizkieten emakumeek landutako baratzeetan, kideetako baten mutil-laguna asasinatu zuten… Baina aurrera egitea lortu dute, eta alaba eta bilobei lan hau guztia transmititzeaz gain, komunitateko partaide diren mutil eta gizonek ere genero ikuspegitik munduaren ikusmolde orekatuagoa garatzen dute.
“Botere politikoa nahi dugu”
“Botere politikoa lortzeko bidean aurrera egitea da gure asmoa, uste dugulako hori dela modu bakarra emakumeentzat gauzak aldatu daitezen –diote–. Dagoeneko ez gara behartutako desplazamenduaren biktimak, ingurua eraldatu dezakegun emakumeak gara, emakume politikoak gara”.