Joseba Erkizia / 2016-05-28 / 625 hitz
Euskarak hirurehun mila hiztun baino gehiago irabazi ditu hiru hamarkadetan. Horietatik, bi heren hezkuntza sistematik datozkio eta heren bat helduen euskalduntzetik.
Hiztunak behar ditu euskarak, era guztietakoak: euskaldun zaharrak eta euskaldun berriak; oinarrizko erabiltzaileak, aurreratuak eta adituak; euskara ondo dakitenak, erdizka dakitenak eta zertxobait dakitenak. Denetarikoak.
Euskal hiztunen tipologia asko aldatu da azken urteotan. Duela berrogei urte, euskaldun gehienak euskaldun zaharrak ziren, euskara etxetik zekitenak. Gaur egun, ordea, euskal hiztunen artean, gero eta gehiago dira euskara bigarren hizkuntza gisa eskuratu dutenak: eskolan edo euskaltegian ikasi dutenak, batik bat. Berrogei urtetik beherakoetan, une honetan, euskara bigarren hizkuntza gisa ikasi dutenak gehiago dira euskaldun zaharrak baino.
Zorionez, esango nuke. Euskarak, hazkundea iraunkorra izango badu, etxe edo familia transmisiotik datozen hiztunak ez ezik, hiztun berriak behar dituelako; euskaldunok hiztun berriak behar ditugulako. Gure gizartean bi hizkuntza ofizialek bizi duten desberdintasuna orekatu nahi badugu, hizkuntza elkarbizitza egokiagoa eraiki nahi badugu, euskaldun berriak behar ditugu.
Euskararen Aholku Batzordeak onartu berria duen Eta hemendik aurrera zer? dokumentu bikainean, hogei urte barru zer hizkuntza egoera izan nahi dugun eta izan dezakegun iragartzeko ahalegina egin da. Eta horretara iristeko oinarriak eta markoa irudikatu da. Helburu horri begira, azpimarratu da —besteak beste, noski— hemendik hogei urtera ere helduen euskalduntzearen sareak euskaldun berriak ematen jarraituko duela, euskaldun berria teknikoki honela definituta: abiapuntua Hizkuntzen Europako Markoaren A2 maila edo txikiagoa izanik, B1 maila edo handiagoa eskuratzen duena. Azken bost urteetan 22.885 euskaldun berri atera dira euskaltegitik. Hogei urte barrurako proiekzioan ere, urtean 4.500 euskaldun berri sortzen jarraitzea aurreikusten da. Hala izan dadin lanean ari gara HABEn eta euskaltegietan, curriculuma berritzen, eskaintza hobetzen, A1 eta A2 mailak sortzen, euskaltegien ahalmen akademikoa handitzen.
Pertsona elebidunek duten hizkuntza gaitasun erlatiboan (hizkuntza bakoitzean duten maila desberdina) erabakigarria izaten da ikasitako lehen hizkuntza eta bigarren hizkuntza zein den. Bigarren edo hirugarren hizkuntza ikasi duen edonor jabetzen da horretaz. Esan izan ohi da, esaterako, heldutan ikasitako hizkuntza bat ikasteari ez zaiola inoiz uzten (egia esan, horrek lehen hizkuntzarentzat ere balio du, neurri txikiagoan bada ere). Garbi dago, beraz, elebidunen hizkuntza gaitasun erlatiboa zaindu beharreko faktorea izango dela etorkizun hurbilean. Baina eduki dezagun garbi, baita ere, halako hiztun asko izatea hazkundearen adierazlea dela. Izan ere, gaur egun, elebidunen artean asko dira euskara bigarren hizkuntza dutenak, bai. Baina euskarak hiztun asko irabazi dituelako gertatu da hori. Hazkunde positibo nabariaren ondorioa da, gertakari beharrezko eta onuragarri baten ondorio saihetsezina. Kosta egiten zaigu, ordea, horrela ikustea.
Orokortzea bidegabea izaten den arren, esan genezake gure gizartean —batik bat euskaldun zaharron artean— izan dela pertzepzio edo joera zabal bat: euskaldun berria hizkuntza gaitasun mugatuarekin identifikatzea eta, ondorioz, haren meritua eta ekarpena gutxiestea. Kalte handia egin digu horrek. Euskaldun berriari —eta bidez batez euskarari- egin dakiokeen mesederik handiena aintzat hartzea eta euskaraz egitea baita. Euskara erabiltzea, berarekin partekatzea. Hori delako modurik onena, hain zuzen ere, ahalegin pertsonal handiaz eskuratzen ari den hizkuntza gaitasunean aurrera egiten laguntzeko.
Gizarte zabalean euskaldun berriaren ahalegina eta ekarpena balioesteak elebakar gehiago ekarriko lituzke euskararen ezagutzara. Euskaldun zaharron aldetik, bereziki garrantzitsua da euskaldun berriekin euskaraz aritzeko ohitura, joera, eskaintza, abegi ona izatea. Haien gaitasuna —eta gurea ere- hobetzeko errezeta egokiena horixe baita: erabiltzea, eginez ikastea.
Iazko Euskararen Nazioarteko Egunean ekimen eredugarria zabaldu zuten, elkar hartuta, Euskadiko erakunde publiko guztiek, Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta Eudelek: «euskaldun berria» izena ematea herriko kale, plaza, lorategi edo zeinahi espazio publikori. Hainbat herritan daude jadanik halako izendapenak.
Egin dezagun aurrera: kale-plazetan egin zaien aitortza eraman dezagun gure arteko harremanetara, euskaraz aritzeko aukera gehiago emanez, gurekin euskaraz egitera gehiagotan gonbidatuz, euskaraz aritzeko beldurra eta lotsa uxatuz, euskaraz egiten lagunduz. Euskararen txantxangorria beraiekin partekatuz.