Iker Tubia / 2016-05-21 / 1020 hitz
Uda ez da bakarrik turismoa egiteko sasoia. Batzuek nahiago dute oporretan aktibismo politikoan edo lan sozialetan aritu, edota haien jakintza beste batzuei eskaini. Hori izaten da brigadisten eta boluntarioen kasua. Esperientzia gogoangarria da halako egitasmoetan parte hartu dutenentzat.
Aurten nora joan? Uda bistan dela, hori izaten da oporrak etxetik kanpo egiten dituztenen buruan dagoen galderetako bat. Baina bada helmugan pentsatu beharrean xedea zein izanen den pentsatzen duenik. Hori izaten da atzerriko mugimendu sozial eta politikoen berri izateko hegazkina hartzen duten brigadisten kasua. Beste batzuek, ohatzearen eta janaren truke, haien jakintza eskaintzen dute. Badira maleta lan sozialak egiteko prestatzen dutenak ere. Oporretan, lana dute helmuga. Gogoz egiten den lana.
Denborarekin antolatu beharreko bidaiak izaten dira horiek, martxo-apiriletan baitira izena emateko epeak. Orain, bidaia antolatzen dabiltza. Urtero, hainbat gazte joan ohi dira Askapenak antolatzen dituen brigadetara. Chiapas, Mendebaldeko Sahara, Brasil, Venezuela, Palestina, Herrialde Katalanak… hamaika herritan izaten dira aktibistak. Horretan esperientzia du Miriam Diaz de Tuestak. Gasteiztarra da, eta bitan joana da brigadista. Aurten berriro joango da.
AKTIBISMO POLITIKOA
Brigadak
«Herrialde baten egoera ezagutzeko modurik onena brigada batean joatea da. Urte osoan egiten dudan lan politikoa osatzeko eta prestakuntza gehiago jasotzeko bidea da, eta esperientzia berriak bizitzeko modua», azaldu du Diaz de Tuestak. Argentinan eta Uruguain izan zen orain dela hiru urte, eta Brasilen iaz. Aurten, Greziara joanen da, eta, seguruenik, azkenengo brigada izanen du. Nahiz eta aitortu duen brigadek «harrapatu» egiten dutela. Grezian, langile mugimenduarekin bilduko dira, lantegiak okupatzen izaten ari diren esperientzia ezagutzeko, besteak beste. «LABeko liberatua naiz, eta hor ikas dezakedana oso ondo etorriko zait Euskal Herrira ekartzeko».
Lan politikoa da brigadena. Diaz de Tuestaren aburuz, zaila da beste lurraldeetan gertatzen dena zehaztasunez jakitea, komunikabideen bitartez «ideia hegemonikoa» zabaltzen delakoan. Alderantziz ere, beraz, brigadak baliagarri dira kanpoan Euskal Herriari buruzko informazioa izan dezaten. «Toki batzuetan ez dute ezagutzen Euskal Herriko egoera, eta asko harritzen dira preso politikoen egoera, komunikabideen itxierak, torturak eta legez kanporatutako alderdiak aipatzen ditugunean».
Askapenaren bidez joaten dira brigadistak atzerriko herrialdeetara. Han, herri mugimenduekin bilerak izaten dituzte, eta tokian tokiko egitasmoak bertatik bertara ezagutu ohi dituzte. Gainera, batzuetan, haien egitasmoetan parte hartzen dute. Adibidez, Diaz de Tuestak lur okupazio batean parte hartu zuen, Brasilen. «Inoiz ahaztuko ez dugun esperientzia izan zen. Horrek ez du preziorik». Uruguain Filtroko manifestazioa antolatzen lagundu zuten, kartelak paratzen eta.
Brigadista joateak lana eskatzen du. Ez joandako herrialdean bakarrik. Aurretik, badira prestakuntza saioak, eta, ondoren, hitzaldiak ematen dituzte Euskal Herrian, atzerrian ikasitakoa gainerakoekin partekatzeko. Hala ere, Diaz de Tuestak argi du esperientzia gomendagarria dela: «Onartu behar da oso neketsua dela, nekatuta itzultzen zara, eta denbora inbertitzea eskatzen dizu, joan aurretik eta ondoren ere. Baina hori konpentsatuta ikusten duzu guztiz, ikasten duzunarekin, ezagutzen duzun jendearekin, eta brigadako kideekin. Esperientzia ikaragarria da, ez dakit nola azaldu, baina inoiz ez duzu bizi izango brigadan bizi izan duzuna».
EZAGUTZA EMAN
Hator hona egitasmoa
Brigadistak ez ezik, beste batzuk ere joaten dira Argentinara. Necocheako euskal etxeak Hator hona egitasmoa antolatzen du urtero. Hala, Euskal Herriko hainbat laguni ohatzea eta jatekoa ematen diete, haien jakintzen trukean. Euskara, dantza, trikitia… irakasten diete, edota saskibaloian. Helburua Necochean dauden euskaldunek Euskal Herria gertuago sentitzea izaten da. Hainbat urtez antolatu dute egitasmoa, eta aurten ere bost lagun joanen dira. Iaz, Argentinan izan zen Maddi del Campo. Oporrak beste modu batera bizitzeko hautua egin zuen. «Oporrak aprobetxatzeko beste modu bat da, beste kultura batzuk ezagutzeko eta nik ere nire ekarpena egin ahal izateko», esan du.
30 urtetik beherako gazteak uztail eta abuztu artean egoten dira Necocheako euskal etxean. Norberak dakiena erakusten du, eta Del Campok trikiti eta euskara eskolak eman zituen. Dioenez, ez dira hainbeste eskola orduak; beraz, tartea badute hango gazteekin batera egoteko eta inguruak ezagutzeko. Necocheako familien etxean hartzen dituzte, eta hasiera-hasieratik beste kide bat balira bezala tratatzen dituzte. «Pasada bat da. Lehen egunean iritsi, eta aurreskua dantzatu ziguten, denak gure zain zeuden. Nik ezin nuen sinetsi, izugarrizko ongietorria egin ziguten». Harritu ere egin zen, han Euskal Herria zenbateraino ezagutzen zuten ikusirik. Are, hemengo batzuek baino informatuago ziren Euskal Herriko errealitateaz.
Gero konturatu zen zergatik zuten interes hori: «Euskal Herri txiki bat dago han, eta hemendik hara norbait joatea loturari eusteko modu bat da haientzat». Hara joaten diren euskaldunek ere asko ikasten dute, besteak beste, Argentinako kultura bertatik bertara ezagutzeko aukera izaten dutelako. Del Campok motxila bete esperientzia ekarri zuen etxera. «Ikasteko beste modu bat da, oporrak pasatzeko beste modu bat, eta, nahiz eta gauzak erakusten aritu, gustura egiten den lana da. Azkenean, hezkuntza eta hazkuntza pertsonalerako ezin egokiagoa da».
GIZARTEARI LAGUNTZEN
Auzolandegiak
Udan jendea eta toki berriak ezagutzeaz gainera aletxoa jarri nahi duten gazte askok Auzolandegien alde egin ohi dute. Gizarte lanak egiteko aukera ematen dute, atzerrian zein Euskal Herrian bertan. Horietako bat da Alba Benitez, iaz bestelako oporrak pasatu nahi izan zituena. Atzerrira joateko asmoa zuen hasieran, baina azkenean Tertangara joan zen, Arabara. Han errota bat berreraikitzea egokitu zitzaien. «Lehenengo eremua garbitu genuen, belarrak moztu eta harriak kendu, eta gero bidea egin. Hau da, dena garbitu behar izan genuen». Talde txikitan banatu ziren, eta txandaka aritzen ziren beharrean. Hala, lau orduko lanaldia zuten egunean. «Ez zen oso neketsua», aitortu du.
Gainerakoan, denbora dezente izan zuten bidaiaz gozatzeko. Txango anitz egin zituzten, inguruko herriak bisitatzeko eta beste errota batzuk ikusteko. «Oso ondo zegoen, lana egiten zenuelako, baina baita txangoak ere. Erabat osatua eta atsegina zen». Bi auzolandegi mota daude: batean, Hego Euskal Herriko, Galiziako, Herrialde Katalanetako eta Espainiako gazteek parte hartzen dute, eta bestean, mundu osokoek. Eginbeharrak ere, ez dira beti berak. Arkitektura ondarea berreskuratzeko, arkeologia lanak egiteko, naturari lotutako beharretarako eta gizarte ekintzarako auzolandegiak daude. Gazteentzat dira, 18 eta 30 urte artekoentzat; eta ohatzea eta janaria ematen zaie parte hartzaileei.
Harremanak. Horixe da Benitezek nabarmendu duena auzolandegiez mintzatzean. Izan ere, lan egitea ez ezik, jendea ezagutzea ere bada egitasmo horren helburua. «Oso sentsazio onarekin itzuli nintzen. Denok denekin oso ondo moldatzen ginen. Valentziakoak, Madrilgoak… zeuden, eta leku ezberdinetako esperientziak partekatu genituen. Oraindik harremana dugu», azaldu du. Esperientzia gogoangarria izan du, beraz. Argi du zer esanen liokeen oporretan lan egitea ulergaitz zaionari: «Oporrak pasatzeko modu ezberdina da, eta baita aktibo egotekoa ere, askotan oporretan ez dugulako ezer egiten. Lan egin eta esperientzia berri bat izateko balio du, eta konturatzeko dena ez dela sofan etzanda egotea».