Elixabete Garmendia / 2016-05-11 / 464 hitz
Gasteiztik kanpo, azterketa botaniko-geologikoa egiten dizu jendeak esaten duzunean gasteiztarra eta euskalduna zarela. Rikardo Arregi Ortiz de Zarate poetak Argian (2.505 zenbakia, 2016/05/01). Eta aurrerago: «Lehen jende askok lotzen zituen euskara eta ruralitatea. Behiak?, eta nik, ze behi?. Euskaraz egiteak ez nau baserritar egiten. Orain beste aurreiritzi mota batzuk egongo dira, baina hori ez».
Araban ez, Gipuzkoako Goierrin gertatzen zitzaigun hori duela hamarkada batzuk. Ordizian, batxilerreko ikaskide zenbaitek euskaraz entzuten zigutenean, galdera: «Zer moduz behiak zaintzen?». Gaztelaniaz botatzen ziguten hori, jakina, eta dena esateko, burlaize maltzurrez. Haientzat euskara asteazkenetan perira joaten ziren baserritarren kontua zen, ez besterik. Gure herrira hurbildu izan balira ohartuko ziren baserriak eta behiak baino gehiago fabrikak ageri zirela han, eta euskaraz mintzatzen zirela maoizko jantzia zeramaten gizon eta emakume gehienak. Aurreiritzia lotsagabea da eta ezjakintasunean dauka sorburua.
Modu zoragarrian azaltzen du hori dena Chimamanda Ngozi Adichie idazle nigeriarrak Ted Talks-eko The danger of a single story (Istorio bakarraren arriskua) hitzaldian. Gaztetxotan, Estatu Batuetako unibertsitate batera joan zenean ikasketak egitera, gelakideak berehala galdetu omen zion —hizkuntza berriro ere abiapuntuan— ea non ikasi zuen ingelesa hain ondo hitz egiten. Txundituta geratu omen zen neska Chimamandak esan zionean ingelesa hizkuntza ofiziala dela Nigerian. Ikasle amerikarrak afrikarrekiko zeuzkan aurreiritzi pilaren hasiera besterik ez zen hori. Gelakideak —dio Chimamanda Ngozi Adichiek- «Afrikari buruzko istorio bakarra zeukan: katastrofearena. Istorio bakar horretan ez zen posible afrikarrak bere antzekoak izatea; ez zen posible haiekiko gupidaz haratagoko sentipenik izatea; ez zen posible pertsona berdinen arteko loturarik egitea».
Istorio bakarra, dena den, ez da zibilizazio boteretsuko kide sentitzen diren haien ondare esklusiboa. Istorio bakarra, berdin izan dezakete zibilizazio eta kultura menostuetako kideek, baita beren buruaz ere. Idazle nigeriarrak kontatzen du haurtzaroan liburu ingeles eta amerikarrak bakarrik zeuzkala irakurtzeko; eta idazten hasi zenean, artean umea zela, bere ipuinetako pertsonaiak zuriak eta begi urdinak izaten zirela, elurretan jolasean aritzen zirenak, eta sagarrak jaten zituztenak. Gerora, idazle nigeriarren liburuak irakurtzen hasi zenean, ohartu omen zen bera bezalako txokolate koloreko jendea ere izan zitekeela protagonista literaturan.
Konplizitate keinuak eragin dizkit Chimamanda Ngozi Adichieren jardunak. Guk, umetan, azal kolore berdineko pertsonaiak topatzen genituen liburuetan, baina ez ziren gure hizkuntzan mintzatzen. Ezagutzen genituen ibaiak eta mendiak eta itsasbazterrak ez ziren azaltzen eskolako geografian. Dena zen urrutiko eta arrotz. Aztarrika bilatzen genuen euskal abizenen bat, gertuko zerbaiten aipamena, doinu ezagunen bat, oihartzun galdu bat… ginenaren zirrimarra iheskor bat, besterik ezean. Izan ere, gure errealitatea ez zen existitzen ez liburuetan, ez zineman, ez telebistan. Ukatu egiten gintuen istorio bakar ofizialak, eta horrek utzi zizkigun barruan iltzatuta besteratze —eta erbesteratze— sentipen sakonak.
Istorio bakar ofizialak amore eman behar izan du —neurri batean bakarrik, gogo txarrez—, eta a zer nolako ostikoak jotzen dituen oraindik. Urrutirago joan gabe, azken asteotan lagin benetan esanguratsuak erakutsi ditu: Eurovisionek ikurrina satanizatzea, Nafarroan Euskal Telebistaren seinalea debekatzea… Aurreiritzia lotsagabea da, ezjakintasunean dauka sorburua eta primeran moldatzen da boterearekin.