Edu Lartzanguren / 2016-05-27 / 1.148 hitz
Euskaratik eratorritako hitzak daude Amerika iparraldeko mi’kmaq lehen nazioaren hizkuntzan. Egin dira filmak euskaldunen eta haien arteko harremanez, espedizioak eta haurrentzako ikuskizunak, baina topikoak gainditzeko ikerketa gutxi. Hori aldatzen ari da: hango eta hemengo adituak informazio trukean dabiltza.
Stephanie Inglisek (Hallifax, Kanada, 1957) arbaso eskoziarrak ditu, baina, Eskozia Berriko indigenen kulturarekiko eta hizkuntzarekiko miresmenak bultzatuta, Mi’kmaq ikasketen irakasle bihurtu da Cape Breton uharteko unibertsitatean. Donostian egon zen joan zen astean, Jauzarrea euskal kultura ikertzeko eta zabaltzeko elkarteak gonbidatuta, mi’kmaq hizkuntzaz mintzatzeko. «Nik ez dakit asko euskaraz, baina mi’kmaq nolakoa den azaldu nahi dut, gero euskaldunek esan dezaten antza ote dagoen».
Euskarak bezala, mi’kmaq hizkuntzak bizirik irautea lortu du. Amerikako iparraldeko ekialdeko kostaldean mintzo ziren hemezortzi hizkuntza indigenetatik gaurdaino iraun duen bakarra da. Badira beste bi oraindik hiztunak dituztenak, baina gutxiegi bizirik irauteko. Paradoxa ematen du: ekialdeko kostaldean egonik, beste talde indigenak baino askoz lehenago hasi ziren mi’kmaqak europarrekin harremanetan, eta, halere, besteek baino hobeto eutsi diote hizkuntzari.
Mi’kmaqen hizkuntzak ergatiboa du, Inglisek azaldu duenez. «Ez dago he edo she; lehen pertsona singularra [euskarazko ni], ni’n esaten da; plurala -k bat gehituta egiten da…». Mi’kmaw da mi’kmaqen singularra. Misterio bat dago hor. Izan ere, ekialdeko kostaldeko hemezortzi hizkuntza algonkinoek berezitasunak dituzte —edo zituzten, kasu gehienetan— familia bereko erdialdekoekin parekatuz gero. Zergatik? Euskararekiko lotura aipatzen dute hor ausartenek.
Emozioa kontrolatu behar da, ordea. Antzekotasun horiek kenduta, mi’kmaqen hizkuntza ezin arrotzagoa da euskaldunentzat. Adibide batzuk: hizlaria etxe baten aurrean badago eta hura handia dela esan nahi badu, meski’k esango luke, hau da, handia da. Baina etxea atzo ikusi balu eta hitz egiteko orduan hari begira ez balego, meski’kek esango luke. Hizlaria etxe hartan bizitakoa bada, baina orain beste norbait bizi bada han, meski’kip adieraziko luke. Eta hizlariaren etxe ohia bada, baina eraitsi badute, orduan, meski’kipnek. Esamolde horiek guztiak handia da legez itzuliko lirateke euskarara.
Halere, baditu hizkuntzak hainbat hitz euskaratik hartutakoak: atla’i esaten diote atorrari, aniaq erabiltzen dute anaiak adierazteko, kessona gizona da, makia makila eta pilotoy aztia, euskaldunen itsasontzietako pilotutik. Denera, 30.000 mi’kmaq inguru daude ofizialki erroldatuta. Horietako 8.000 inguruk hitz egiten dute hizkuntza.
Ziburutik Mi’kma’kira
Ados, euskarazko hitzak daude mi’kmaqen hizkuntzan. Baina ba al dago Kanada aldeko indigenen mintzairaren arrastorik euskaran? Erantzuna bilatu nahi du Ihintza Marguiraultek. Ziburukoa (Lapurdi) da itzultzailea, eta prest dago abuztuan Mi’kma’kira —mi’kmaqen herrialdera— joateko hizkuntza ikastera. Eskaera egina du Montrealgo Unibertsitatean, baina haien oniritzia behar du. Erantzunaren zain dago.
Itzulpengintza masterrerako lan bat egin behar zuen, eta, «ziburutarra izaki», Balearen arrantza XVI. mendean: euskaldunak Ternuan gaia aukeratu zuen. «Egundoko atea ireki zitzaidan», esan du. Bost mende geroago mi’kmaqen hizkuntzan euskararen aztarnak egoteak liluraturik dauka Marguirault, eta horiek ikertu nahi ditu, gero doktore tesia egiteko. «Harreman estua izan zen, eta ez dut uste zentzu bakarrekoa izango zenik. Beraz, baliteke geuk ere izatea haien aztarna itsasoarekin loturiko hiztegian». Baina, horretaz jabetzeko, bi hizkuntzak ezagutuko dituzten ikertzaileak behar dira. Montrealen onartzen badute, Marguirault izango da horietako lehena. «Euskaraz erabiltzen dugun mi’kmaqerazko esamolde, hitz edo egituraren bat aurkituko banu, altxor bat litzateke».
Inglisen Cape Breton unibertsitatea txikia da: 3.000 ikasle inguru ditu, eta horietako 200 inguru dira mi’kmaqak. Baina abantaila handia da haientzat, etxean bizi daitezkeelako ikasten duten bitartean. Izan ere, Kanadako eta Quebeceko iragan beltzeko mamuek lotura handia dute eskola sistemarekin. 1870eko hamarkadatik, haur indigenak euren familietatik eta kulturetatik urruntzeko eta kultura ofizialera asimilatzeko, barnetegi eskolak (Indian Residential Schools) eratu zituen Kanadako Gobernuak. Batez ere Eliza katolikoak kudeatzen zituen, eta, kultura ukatu ez ezik, haurrak esplotatzen zituzten. Haur indigenen %30 pasatu ziren eskoletatik, 150.000 inguru. 6.000 hil ziren horietan. Azkena 1996. urtean itxi zuten. Vatikanoak «samina» adierazi zuen egindakoarengatik, 2009. urtean.
«Quebec haien Espainia da»
Kanadako Gobernua AEBetakoa bezain gogorra edo gogorragoa izan da lehen nazioekin. Hala uste du Aitor Esteban Zuzenbide irakasleak. EAJren eleduna da Espainiako Kongresuan. Ipar eta Erdialdeko Amerikako Historia eta Kultura Indigena irakatsi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta luze idatzi du horren inguruan. Askotan ibili da Mi’kma’kin. Txikitatik dago maitemindurik herri indigenekin, indio eta cowboytara jolasten zenetik. «Horretaz irakurtzeko ikasi nuen ingelesa», esan du.
Estebanek azaldu duenez, Kanadako erreserbak oso txikiak dira, eta asko daude. Indigenak zatitu egin dituzte, eta hango nazioek ez dute gutxieneko lurralde oinarririk. «Apropos egin du hori gobernuak, lehen egunetik». Bestalde, indigenatasuna galdu egiten zuen emakume batek zuri batekin ezkonduz gero, edo ikasketa agiriren bat lortuz gero. «Erroldatik desagerrarazten zituzten, populazioa murrizteko, gero eskubideak ukatzeko». Orain, politika asimilazionistak aldatu egin dituzte, 1970-80ko hamarkadetan indigenak matxinatu egin zirelako.
Edonola ere, Europako ideiekin hara joanez gero huts egiten dela esan du Estebanek. Indigenen artean askotan gehiago da familia sentimendua nazio sentimendua baino. «Self-determination hitza erabiliko dute, baina ez dute geuk bezala ulertzen».
Iritzi berekoa da Xabi Otero argazkilaria. «Hemengo alderdiak ez dira jabetzen han gertatzen denaz», esan du. Asko ibili da Mi’kma’kin 1983. urtetik, eta berak sortu du Jauzarrea elkartea. «Joan Jose Ibarretxe han egon zen, eta esan behar izan nion ez esateko ezer Quebecen independentziaren alde. Quebec, Mi’kmaqentzat, guretzat Espainia dena da». Oterok dioenez, Quebecen ez dute onartu ere egiten indigenak frantsesak baino lehenago zeudela han. Mespretxu osoz jokatzen dute Quebeceko nazionalistek lehen nazioekiko. «Izan ere, independentzia erreferenduma galdu zuten lehen nazioetako 80.000 biztanleek ez zutelako bozkatu. Ez zieten eskatu ere egin».
Estebanek azaldu du egoera: «Tratatu nahi duzun gobernua gero eta urrutiago badago, hobeto zuretzat. Madril, 4.000 kilometrora balego, hobeto guretzat». Mi’kmaqek nahiago dute zuzenean Kanadako Gobernuarekin tratatu, neutralago gisa ikusten dutelako, euren aferetan sartzeko Montrealek baino tentazio gutxiago duelakoan. Berdin AEBetan: lehen nazioek nahiago dute gobernu federalarekin tratatu estatuekin baino. «Indigenak orain harro sentitzen dira; ez zen horrela lehen. Guri berdin gertatu zaigu», esan du Estebanek.
Harrotasuna berreskuratutako helduak mi’kmaq hizkuntza irakastean ari dira Cape Bretongo unibertsitatean. «Gizartean gogoa sumatzen da hizkuntza berreskuratzeko», esan du Inglis irakasleak.
Kanadan eta Quebeqen 1,4 milioi indigena daude —30 milioi biztanletik, %4,3—. Pobrezia maila handia dute, eta bizi itxaropen txikiagoa. Albiste ikaragarriak heldu ziren handik martxoan. Suizidio larrialdia deklaratu zuen Ontario (Kanada) eskualdeko Attawapiskat nazioak. Izan ere, hil horretan 28 indigena saiatu ziren euren burua hiltzen; irailetik zenbatuta, 100 suizidio saio. Indigena bakarra hil zen, baina martxoko egun bakar batean hamaika lagun saiatu ziren euren buruez beste egiten.
Duela zazpi urte halako suizidio izurria izan zuten Cape Bretonen. «Mi’kmaqak oso ondo antolatuta daude, eta berehala elkartu ziren horri aurre egiteko». Kanadako eta Quebeceko beste talde indigenekin parekatuta hobeto daude, Inglisen arabera. Datuek erakusten dute: gazte mi’kmaqen %82k amaitzen dute lizeoa —Kanadan, oro har, %31-36ko arrakasta maila dute indigenek—.
8.000 hiztun oso zenbaki txikia bada ere, Inglis baikorra da. Sakelakoetarako eta tabletarako aplikazioak eta liburu elektronikoak badituzte mi’kmaq hizkuntzan. «Nahiago nuke pizkundea duela hogei urte gertatu izan balitz, hiztun zahar gehiago bizirik zeudenean. Baina hurrengo belaunaldia prest dago mota guztietako gauzak egiteko». Ikasleei esaten die: «8.000 hiztun baino ez daude, eta horietako 25 gela honetan zaudete. Ez ahaztu etxera itzultzean: zuek zarete hizkuntza».