Iker Tubia / 2016-06-04 / 1041 hitz
Ez da etorkizuneko kontua. 3D inpresioa osasun alorrean sartu da dagoeneko, eta Euskal Herrian ere hasiak dira horrekin egindako modeloak erabiltzen. Adituek uste dute medikuntza irauliko dutela luze gabe; izan ere, enpresa batzuek diote organoak inprimatzea lortu dutela.
Patenteak bukatu eta prezioa murrizten hasi denetik, han eta hemen sartu da 3D inprimagailuen teknologia, eta abiadura bizian berritzen ari da sektorea. Horrek modua ekarri du sektore askotara iristeko: besteak beste, medikuntzara. Euskal Herriko ospitaleetan erabili dituzte dagoeneko, hainbat aferatarako. Horrek aldaketa handiak ekarri baditu ere, onena etortzear dago. Adituek uste dute benetako iraultza gertu dagoela. Enpresa batzuek diote gai direla organoak hiru dimentsiotan inprimatzeko.
Gaur bukatuko da Makina-erremintaren Biurtekoa, eta aurten sektore horretan oihartzun handia lortu duen teknologiak bere txokoa izan du, lehenbiziko aldiz, fabrikazio aditiboari eta hiru dimentsioko piezen produkzioari buruzko azoka antolatu baitute. Han dira, besteak beste, Domotek enpresako kideak, beren teknologiaren berri ematen. Besteak beste, medikuntzaren alorrean aritzen dira, Koldo Artola enpresaren sortzaile eta arduradunak azaldu duenez. «Medikuak egunero ari dira teknologia hau gehiago ezagutzen, eta aprobetxatzen».
Ez da afera berria. Duela 30 urte ere baziren 3D inprimagailuak, baina oso garestiak ziren. Hiru urte igaro dira patenteak bukatu zirenetik: horri esker jaitsi ahal izan dira prezioak, eta makina eta material berriak atera dira. Gainera, etengabe ari da berritzen. Artolak esan duenez, bizpahiru egunez despistatuz gero, gauza berriak sartzen dira merkatuan oharkabean.
Gurutzetako ospitalean hasiak dira 3D teknologia erabiltzen. Hainbat probaren ondoren, inprimagailua erostea erabaki dute, nahiz eta horrek bere mugak badituen. Izan ere, erabileraren arabera, gailu mota bat edo beste bat behar da. Ruben Garcia Biocruces osasun ikerketa institutuko berrikuntza teknikaria da, eta azaldu du bost modelorekin lan egin dutela orain arte. Tumakerrekin aritu dira. «Kasu gehienetan balio digu teknologia aditiboak, baina beste batzuetan behar ditugun teknologia batzuk garestiagoak dira. Baina badira horrelako makinak dituzten enpresak inguruan», esan du.
Lehenbizi, pediatria kirurgian lan egin zuten. Ahosabai irekia duten haurrek igeltsu bati koska egin behar izaten diote, ikusteko pitzadura zer-nolakoa den. Gero, aldakako hezur zati bat paratzen diete masailezurrean. 3D inprimagailuekin egindako modeloekin ez da beharrezkoa igeltsu bati koska egitea. Gainera, kirurgia prestatzeko ere balio du, batez ere kasu zailenetan.
Toraxeko tumore baten inpresioa ere egin dute. Kasu horretan, ehun bigunak erabili behar izan zituzten, eta horrek denbora gehiago eskatzen du. Tumorea oso handia zen, birika bat kolapsatzen ari zen, eta zain-arterien inguruan zegoen; beraz, kirurgia prestatzeko egin zuten hiru dimentsioko modeloa. «Asko laguntzen ahal du, oso konplexua baita. Tumorea moztu eta banatu egin behar dute, eta minbizia kentzen duten heinean beste odol hodi batzuk ageri dira». Bizkarrezur baten modeloa ere egin dute traumatologiarako, hil honetan eginen duten operazio baterako. «Teknologia aditiboarekin egin genuen, baina baita erretina batekin ere. Horrek kalitate handiagoa ematen dio, nahiz eta gehiago balio duen». Aurpegi-masaileko kirurgiarako ere egin dute lan. Titaniozko plaka pertsonalizatua egin zuten, perone hezurretik abiaturik masailezurra berregiteko.
Dagoeneko badute beste proiektu bat esku artean: burmuin baten zuntzen banaketa, estruktura nolakoa den fisiologikoki aztertu ahal izateko, eta neurrira egindako modelo bat izateko. Segmentazioa lan zaila da, eta hori egiteko ardura du Biocruceseko Biomedikuntza Kuantitatiboaren taldeak. Inprimaketa kanpoan eginen dute.
Domotek enpresan ere egin dituzte antzeko modeloak. Dioenez, Osakidetzatik biomodeloak eskatzen dizkiete batik bat. Medikuak erresonantzia bat egin, eta artxiboa bidaltzen die; haiek, orduan, gorputzaren atal hori inprimatzen dute. «Zirujauak plastikozko buruari egiten dio operazioa lehenik, eta, okerrik badago, beste bat inprima daiteke», esan du Artolak. Hortzen kasuan, ahorako eskanerren bidez egin daitezke hiru dimentsioko modeloak.
Horrez gain, Artolak protesien afera nabarmendu du: «Gauza zoragarria da». Innovating the future proiektukoek, adibidez, eskuko protesi diseinua sortu dute, eta Interneten jarri dute doan. «Merkatuan oso protesi onak daude, baina garestiak dira, 18.000-20.000 euro ingurukoak». Protesia Internetetik jaisteko aukera izatea oso egokia da haurrentzat, haiek hazi ahala protesia aldatu behar dutelako. Modu horretan, aukera dute bi urtean behin protesi berria paratzeko.
Medikuak, gogotsu
Carmen Prados haur-zirujaua kontent dago 3D inprimagailuen teknologiarekin. «Eskanerraren 3Dko berregitea aurrerapauso handia izan zen, baina inprimatzeko aukera izatea izugarrizko aurrerapausoa da», esan du. Ahosabaia irekia duten haurrekin aritzen da, eta abantaila asko ikusi dizkio teknologiari. Operazioak prestatzeko balio dute modeloek, baita besteei egin behar dutena irakasteko ere —adibidez, mediku egoiliar berriei—, eta, noski, entrenatzeko. «Guretzat ez da gauza bera erradiografian ikusi edo ukitzeko aukera izan: zirujauok nahiago dugu ukitu».
Garrantzi handia ematen dio pazienteei egoera azaltzeko eskaintzen duen erraztasunari, batez ere gazteei. «Nerabe bati esaten badiozu aldakako hezurra kendu eta masailezurrean jarriko diozula, ez dakizu zer pasatzen zaion burutik. Baina modeloekin azaltzen diozunean, harritu eta kontent jartzen dira, hori besterik ez dela ikusirik». Lehen, marrazkiekin egiten zuten, baina Pradosek dio askotan ez zutela ulertzen. «Nerabeek behar dute jakin zer eginen diezun, eta hau bezalakorik ez dago».
Oraindik ere, teknologia hori ez dute asko erabili, eta oso modelo gutxi egin dituzte. Beraz, zenbaitetan beste batzuen modeloekin erakusten diete pazienteei zer egin behar dieten. Egoera aldatuko dela aurreikus daiteke, materiala ez baita oso garestia eta «nahiko azkar» egiten baitituzte. «Tumore batekin, adibidez, berehala egiten ahal badigute ekoizpena modu sistematikoan martxan dagoelako, laguntza oso handia litzateke».
Material organikoarekin inprimatzeko aukera erakutsi diete berriki medikuei. Adibidez, eskaner batekin zuloa ikusi, eta aldakatik zatia hartu beharrean, forma eta tamaina zehatzeko hezur-ehuna egin, eta dagokion tokian jartzea. «Hori zoragarria da, eta egin daiteke», dio zirujauak.
Etorkizuneko erronkak
Teknologia oso azkar ari da garatzen, administrazioak eta legeak horretara egokitzeko erritmoa baino askoz ere azkarrago. Horrek arazoak ekar ditzake. «Ez dira estandarrak, elementu bakoitza ezberdina da. Beraz, ezin da legea egin X produktua modu honetara egiteko. Joko arauak aldatzen hasi dira, eta, legea hain zurruna izanda, zaila izanen da garai teknologiko berri honetara egokitzea», azaldu du Garciak.
Protesietan ere ailegatuko dira aldaketak, medikuntza pertsonalizatuan aurrera egiten den heinean. Neurrira egindako protesia hobeki egokitzen da, eta arazo gutxiago ematen ditu. Inprimagailuetan erabiltzen diren materialetan ere «aldaketa garrantzitsuak» izanen direla uste du Artolak. Haiek ere horretan lanean ari direla azaldu du.
Bioinpresioa ere ailegatzear da: 3Dko elementu biologiko bat sortzea ehun ingeniaritzarekin loturik dago. AEBetan, hezurrak, kartilagoak eta giharrak inprimatu dituzte, zelulak erabilita. Wake Forest medikuntza zentroan sortu dute bizirik dagoen materiala erabiltzen duen inprimagailua. Oraindik ezin da kirurgiarekin paratu. Baina, paziente baten ama zelulak hartu eta egokitutako organo bat sortzeak ez dirudi dagoeneko zientzia-fikziozkoa. Garciak gertu ikusten du iraultza: «Horra ailegatzea urruti dagoela dirudi, baina ez da hainbesterako, asko baitira horretan lanean ari direnak. Hori lortzea litzateke eztandarik handiena».