Marian Iriarte / 2016-06-19 / 236 hitz
Ikasturtea amaitzear dago, ikasleak estresatuta, irakasleak nekatuta, baina gutxi falta da. Animo! Azkenengo astean denon ahotan ibili dira unibertsitatera sartzeko probetan azterketa batekin izandako gorabeherak. Ez naiz hasiko zutabe honetan haren alde edo aurka eztabaidatzen, ez da hori nire asmoa. Baina bai ikasleek batzuetan irakurritakoa ulertzeko duten zailtasunari buruz. Mundu espezializatu honetan, batzuen ustez ingeniaria izan nahi duen ikasleak ez luke denbora zertan galdu letretako beste jakintzagai batzuetan. Zertarako filosofia? Edo, hain garrantzitsua al da txukun idaztea? Batzuek eta besteek aitortu dute ditxosozko azterketa horretan edukia baino gehiago forma izan dela arazo nagusia.
Urte dezente daramatzagu unibertsitatean gure ikasleak gauzak egiten trebatu behar ditugula entzuten, ez da garrantzitsua edukia bera, egiten jakitea baizik. Eta, horregatik, irakaskuntza bera aldatu behar da, ikasleak problema edo egoera jakin batzuen aurrean ipini behar dira, eta arazo edo egoera horri aurre egiten jakin behar dute. Hori horrela, azterketetan ere eguneroko bizitzan gertatzen diren egoerak planteatzen zaizkie. Eta, askotan, hor dator arazoa. Nire 18 urteko ikasleen artean frogatu dut hori. Azterketa erraza izanagatik ere, batek baino gehiagok kale egiten du ariketa bera ulertzen ez duelako. Datu batzuk eman eta zerbait kalkulatzea baino gehiago, benetako egoera baten aurrean jarri, eta problema nola ebatzi jakin behar dute. Eta hortxe koska. Hizkuntza komunikatzeko behar dugun tresna da, eta beste edozein jakintzagai behar bezala ulertu eta menderatzeko ezinbestekoa da. Horren harira, filosofiako irakasleek filosofia bigarren hezkuntzatik baztertua ez izateko kanpaina batean sinatu dut. Ea lortzen dugun!