Mikel Garcia Idiakez / 2016-06-20 / 163 hitz
Txistuak, komentario iraingarriak, jarrera desegokia, sexu eraso zuzenak… Emakumeen %87k jazarpena jasan dute metroan edo trenean, Frantziako Estatuko 6.000 emakume baino gehiagori egindako inkesta baten arabera.
Garraio Erabiltzaileen Elkarteetako Federazio Nazionalak (FNAUT) egin du ikerketa eta emaitza larriak azaleratu ditu. Hona datuetako batzuk:
– Emakumeen %72 garraio publikoan eraso egin diezaioketen beldur da.
– %54k onartu du ordu jakinetan ez duela garraio publikoa hartzen, beldurragatik.
– Inkestatuen %34k metroa beharrean motorra, taxia edo autoa erabiltzen dute, jazarpena saihesteko.
– Erasoen %86 lekukoen aurrean egin dira.
– Lekukoak egon diren kasuen %89tan, jendeak ez du ezer egin erasoen aurrean.
– Emakumeen erdiak janzkera aldatzen du: gona beharrean galtzak. Eskotea bufanda batekin estaltzea ere ohikoa da.
Zer egin honen aurrean?
Erasotzaileen inpunitateak ematen du arreta gehien (lekukoen aurrean gertatzen dira jazarpen gehienak, eta inork ez du ezer egiten): inpunitate horrexek errazten, ahalbidetzen eta elikatzen ditu erasoak, eta hori moztea izan daiteke arazoari aurre egiteko neurrietako bat.
New Yorkeko metroan, joera berri bat ari da hedatzen: emakumeek mugikorrarekin erasotzaileari argazkia atera eta zabaldu egiten dute sarean.