Edu Lartzanguren / 2016-06-21 / 488 hitz
Espainiaren kolonia izandako Ekuatore Gineako historialari, idazle eta politikari erbesteratuak euskaldunek Afrikako herrialde horren kolonizazioan izan zuten erantzukizuna azaldu du Donostian.
Donato Ndongo-Bidyogok (Niefang, Ekuatore Ginea, 1950) bere herritik ihes egin zuen 1994. urtean, eta ez da itzuli, Teodoro Obiangen diktaduraren beldur. «Segurtasunaren Estatu idazkariak botatzen dizunean hurrengo hildakoa zeu izango zarela, ez duzu gogo handirik izaten itzultzeko», esan du.
Euskaldunek Ekuatore Ginearen kolonizazioan izandako eginkizunaz mintzatu zara, eta ez duzu hitz gozorik izan. Horren gaizto izan ziren euskaldunak han?
Ez daude kolono onak eta gaiztoak, hobeak edo txarragoak. Kolonoak daude, eta aski da horrekin. Hemen heroitzat dituzten pertsona batzuk, kaleak dituztenak, gure herrialdeetan beltz-tratulariak ziren, hiltzaileak. Afrikarra bere lurraldean bertan esklabo izatea da kolonizazioa. Guk ere geure oroimen historikoa daukagu. Hor dago, esaterako, [Pedro] Arriola Bengoa. Txikitan kontatzen ziguten guraso eta aitona-amonek haren krimenak, eta haurrak izutzeko erabiltzen da oraindik haren izena: «Bengoari deituko diogu!». [Auñamendi Eusko Entziklopediak «ehiztari ausarta, pertsona bizia eta organizatzailea» gisa deskribatzen du].
Elgorriaga txokolate enpresaren kasua ere aipatu duzu.
Kakao etxaldea izan zuen Elgorriagak Fernando Poo uhartean. Natur baliabideak ustiatu zituzten, baina baita aberastasun hori ekoizten zuten pertsonak esplotatu ere. Eta ez dugu onurarik atera aberastasun horretatik. Ekuatoreko Gineako agintari kolonial ospetsuenetako bat [Basilio] Olaetxea kapitaina izan zen. Ebebiyinen San Mames futbol estadioa eraiki zuen, baina ezagunagoa da Gineako lehen abertzale independentziazaleak zapaldu zituelako. Literatura jakin batek eta baita, azkenaldian, zinema jakin batek ere harreman idilikoa aurkeztu izan du, gertatua hutsaltzeko.
Euskal abertzaletasunak eragina izan zuen independentzia mugimenduan? Eta alderantziz?
Sabino Aranak Espainiaren kolonialismoa gaitzetsi zuen Marokon, eta Kubaren independentzia ospatu zuen. EAJk kontra egin zuen Espainiak Ifni (Maroko) inbaditu zuenean. Baina, Ginearen kasuan, ez dugu ulertzen euskal abertzaleen isiltasun ozena. Harrigarria da, historia kontuan hartuta. EAJk ez zuen ezer esan 1968ko independentziaz, nahiz eta garai berean Keniaren independentziaren alde agertu. Frantz Fanonen oinarri teorikoa garrantzitsua izan zen orduko ezkerreko abertzaletasunarentzat. Independentziaren ondoren, bi tirania izan ditugu, baina inork ez du hemen ezer esan. Euskal abertzaleen zain gaude oraindik.
Zer sentitzen duzu ikusten duzunean Mariano Rajoy Teodoro Obiang bisitatzen?
Nazka sentitzen dut. Baina nazka bera sentitzen dut [Jose Luis Rodriguez] Zapaterok ia hilero gauza bera egiten duenean, argazkirik ez egon arren. Badakigu hara joaten dela, zuri bat beltzen artean erraz ikusten baita: Miguel Angel Moratinos, Jose Bono, Gustavo de Aristegui… Gineako kontua neokolonialismo afera bihurtu da, eta alderdi eta gizabanako asko ari dira onura ateratzen. Egunen batean jakingo dugu zertara joaten diren.
Ba al duzu itxaropenik jaioterrira itzultzeko?
Obiangek hirutan eskatu dit ministro izateko bere gobernuan. Harro zerbitzatuko nuke nire herrialdea, baina ez nago prest tirania baten morroi izateko. Venezuela egunero dago Espainiako hedabideetan. Baina Gineaz, hitzik ere ez. Saharaz hegoaldeko hirugarren petrolio ekoizlea da, eta hiriburuan ez dago argindarrik, eta, hirietan, iturriko urik ere ez. Obiang munduko pertsonarik aberatsenetako bat da, Forbes aldizkariaren arabera. Egia esatea bizitzarekin ordaintzen ari naiz. Afrikarren ezaugarririk nabarmenetako bat da ez dugula galdu itxaropena izateko ahalmena. Bestela, ezin da azaldu, azken 500 urteotan pasatutakoak pasatuta, nolatan gauden oraindik beltzak munduan.