Ihintza Elustondo / 2016-06-24 / 633 hitz
Euskaltzaleen Topaguneak abian jarritako Auzoko egitasmoko partaideen esperientziak bildu dituzte ‘Auzokoak’ dokumentalean. Jatorri askotako biztanleak euskarara gerturatzea da asmoa.
Euskaltzaleen Topaguneak eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak kezka bat zuten: Euskal Herrira jatorri askotako jendea zetorrela ikusita, ea nola kudeatu euskararen gaia. Nola adierazi hemen hizkuntza bat dagoela, eta nola egin harrera hizkuntza horretara. Ardura horretatik jaio zen Auzoko egitasmoa, eta Itsaso Lekuona da haren arduraduna (Hondarribia, Gipuzkoa, 1986). Astean behin elkartzen dira euskarara gerturatu nahi dutenak eta haiei laguntzeko prest daudenak. Auzokoak dokumentala sortu dute gaiaren inguruan sentsibilizazioa sustatzeko. Iñaki Alforja iruindarrak zuzendu du.
Atzerritarrak euskarara hurbiltzean, huts egiten duen hanka askotan euskaldunena izaten da.
Auzokidea deitzen diogu euskarara gerturatu nahi duenari, eta auzotarra euskalduna izan eta laguntzeko prest dagoenari. Auzokideak badaude herrietan, baina auzotarrak falta dira maiz. Eta nahiz eta auzokideak euskara ikasten ahalegindu, jendeak gaztelaniaz egiten die kalean. Hori askok esan digute. Esaterako, saharar batek euskara ikasi, eta mundu guztiak gaztelaniaz egiten dio. Hor, gu ari gara muga jartzen. Euskaraz baldin badaki, oso jokabide itsusia da. Hori guri ere egin diezagukete: norbaitek erabakitzea itxuragatik espainolak garela.
Eta ez badaki euskaraz?
Ez diozu erakusten hemen beste hizkuntza bat dagoela, eta ez du beharrik ikusiko ikasteko. Batzuek ez dute ikusten beharrik, hori errealitate bat da. Beraiek ez dute atxikimendurik hizkuntzarekiko, eta, gainera, inork ez die hizkuntza horretan hitz egiten. Orduan, zergatik hasiko dira ikasten? Euskaldunok nahi dugu denek ikastea, eta, orduan, erraztu diezaiegun geuk bide hori.
Ingalaterrara joaten denak oso argi du ingelesa ikasi behar duela.
Eta hona etortzen denak, ez. Zergatik? Ez diegulako beharrezko egiten. Hortik sortu da dokumentala.
Dokumentaleko kideek argi dute euskara ikasi behar dutela. Zer motibazio dituzte horretarako?
Askotan, motibazio praktikoak dira: lan bat lortzea; hemengo askok daukaten motibazio berdina. Beste askok azpimarratzen dute errazago integratzen direla; euskaraz eginda jatorragotzat hartzen dituztela. Batek aipatzen du hizkuntzaren bidez hobeto ulertzen duela jendea eta herria. Beste batek dio: «Nik sentitzen dut errespetatzen ditudala eta beraiek ni errespetatzen nautela».
Errespetuaz sarri hitz egiten da…
Ez da ahaztu behar hemen euskara egoera gutxituan dagoela. Askok aipatzen dute ez zekitela hemen beste hizkuntza bat zegoela. Hemen ez da beharrezkoa euskara ikastea, zeren bizi zaitezke euskara jakin gabe. Eta, halere, euskara ikasteko erabakia hartzen duenak errespetu bat erakusten die hizkuntza hau mantentzeko borrokan dabiltzan guztiei. Euskaldunok asko eskertzen dugu hori. Asko gustatzen zaigu beltz bati euskaraz entzutea.
Baina badago jendea oso herri euskaldunetan bizi arren euskara sekula ikasten ez duena.
Beti egongo da horrelako jendea. Denok euskaraz egingo bagenu, ikusiko lukete ikasteko beharra. Hori da kontua. Gure esku dago haiei euskaraz egitea. Indar hori daukate, talde batera joan, eta guztiek gaztelerara aldatzekoa.
Euskara jakinda hobeto biziko dela uste dute zenbaitek.
Eskubide kontu bat ere bada. Kanpotik datorren pertsona horri ukatzen badiozu euskara ikastea, edo ez badiozu horretarako erraztasunik jartzen, hainbat lanpostu ezingo lituzke inoiz izan. Izan daiteke kazetaria, baina ezingo luke BERRIAn lan egin, administrazio publikoan lanpostu askotan euskara behar da… Eskubide berdintasunean euskara berme bat da. Jendeak esaten du: «Etorkinek nahiko arazo dituzte, eta, gainera, ez diegu beste arazo bat jarriko, euskara ikastearena». Eman diezaiogun horri buelta. Ez badute hizkuntza ikasten, agian beste arazo bat daukate.
Aniztasuna ez da arazo bat, beraz.
Aniztasuna ez da mehatxu euskararentzat. Euskarak nahiko arazo du gaztelera eta frantsesarekin; ezin gara hasi beste hizkuntza guztiekin borrokan; ziur galduko dugu. Hori gure alde jarri behar dugu, euskarak hiztunak behar dituelako. Jendeari ezin diogu aterik itxi; komunitatea ireki behar dugu.
Denei lehen hitza euskaraz egitea da soluzioa?
Norbaiti gaztelaniaz egiten badiozu, erabaki duzu pertsona horrek ez dakiela euskaraz. Euskaldunok etengabe erabakitzen dugu testuinguruaren arabera, janzkeraren arabera, azalaren kolorearen arabera… Oso estresagarria da. Egunean ez dakit zenbat aldiz erabaki behar dugu zein hizkuntzatan egin lehen hitza. Eskoletan dauden beltzak oso euskaldunak izango dira helduak direnean, eta inork ez die egingo euskaraz. Oso frustragarria izan behar du. Errespetuagatik, askoz hobe da lehen hitza euskaraz egitea.