Garikoitz Goikoetxea / 2016-06-01 / 1072 hitz
Kataluniako UOC unibertsitatea hartu du eredu modura, eta lankidetzan ari da harekin. Ikerketa egin du eskariaren inguruan, eta graduko ikasketak eskaini asmo ditu. Erakundeei elkarlana galdegin die.
Gero eta indar handiagoa hartzen ari dira Internet bidezko ikasketak. Aurrez aurreko eskolara joan ezin dutenentzat irtenbide egokia da unibertsitateko ikasketak egiteko. Euskaraz on line ikasteko ez dago aukerarik, ordea. Horretarako proposamen bat jarriko du mahai gainean UEU Udako Euskal Unibertsitateak datorren astean: euskarazko on line unibertsitate bat sortzea. Ikerketa bat ere egin dute proiektuaren bideragarritasunaz: uste dute badagoela aukera dozena erdi bat gradu eskaintzeko. Ezinbesteko jo dute, ordea, instituzioen eta gainerako unibertsitateen lankidetza. UOC Kataluniako Unibertsitate Irekia hartu dute eredutzat. Datorren astean aztertuko dute gaia Donostian, jardunaldi baten bitartez.
Proposamena orain gizarteratuko dute, baina azterketa batzuk eginak dituzte aurreko urteetan. Ernamuina 2003koa da. Iñaki Alegria UEUko zuzendariak azaldu du urte hartan lankidetza hitzarmen bat sinatu zutela Eusko Jaurlaritzarekin eta UOCrekin; helburua zen unibertsitate ikasketak on line eskaintzeko proiektu bat prestatzea. Taxutu ere egin zuten egitasmo bat; bi gradu jartzea aurreikusi zuten. «Baina gobernu aldaketa etorri zen», dio Alegriak. Bidean geratu zen dena.
Hurrengo mugarria 2008an iritsi zen. Fundazio bat sortu zuten Euskal Unibertsitatea bultzatzeko. Zortzi kide ziren: UEU bera, AEK, BERRIA Taldea, Elkar fundazioa, Ikastolen Elkartea, Ipar Hegoa fundazioa, Kontseilua eta Nazio Eztabaidagunea. Campus bat jartzea ere aipatu zuten orduko hartan, baina «geratuta» dago egitasmo hura, UEUko zuzendariaren arabera. Krisia jarri du argudiotzat. Internet bidezko unibertsitateari buruz hausnarketa eragile horiekin ere egin dutela azaldu du. Elkarlanaz mintzo da: «Haiekin eta beste askorekin batera egin behar da proiektua».
Unibertsitate arloan euskaraz nolako eskaintza dagoen ikusita, sumatu dute Interneten dagoela gabezia: «Euskal Unibertsitateari begira, behar handienetako bat, eta errealistak izanda bete daitekeena, hau da: on line unibertsitatea. Dedikazio osorik gabe, bertaratu gabe euskaraz ikasi nahi baduzu, ezin duzu. Ez dago».
Bideragarritasunari begira
Hamar urte lehenago egin bezala, 2013an berriro sinatu zuten lankidetza hitzarmen bat UOC unibertsitatearekin, eta Gipuzkoako Diputazioarekin ere bai. Proiektuari buruzko azterketa egitea zen helburua. Batetik, eskaintza: unibertsitateko ikasketak eskaintzeko gaitasuna. «Irakasle-tutoreak aurkitzeko arazorik ez da aurreikusten», azaldu du Alegriak. Are gehiago, irakasleen arloan abantailak ekarriko lituzkeela nabarmendu du: «Unibertsitatean ditugun arazo biri irtenbidea bideratzen lagun dezake halako egitasmo batek: irakasleen batez besteko adina etengabe handitzeari eta ikerlari gazteak unibertsitate sisteman integratzeko zailtasunari».
Eskaria da beste zutabea. Euskaraz Internet bidez ikasi nahiko lukeen nahiko jende ba ote den. Inkesta bat egin dute Aztiker enpresaren bitartez, eta baiezkoa da erantzuna, gradu batzuk jartzeko adina jende badagoela. Faktore bat izango litzateke giltzarri: prezioa. Alegriak dio «erabaki politikoa» behar dela, eta prezio publikoak izan behar liratekeela, gaur egun UNED Urrutiko Hezkuntzako Espainiako Unibertsitateak dituenen gisakoak, adibidez: 600 bat euroan dago 30 kredituko jarduna. UOCen ere katalanezko adarretan prezioak publikoak dira.
Horren arrazoia ez da bakarrik gainerako unibertsitateen lehiari aurre egitea. Beste argudio bat hartu du ahotan Iratxe Esnaolak —UEUko talde eragileko kidea da, eta on line ikasketen inguruko jardunaldia bultzatzen ari da—: «Honek zentzua du proiektu eskuragarria eta herritarra bada. Ez dugu gehiago zaildu behar euskaraz ikastea».
Egia da eskolak aurrez aurre ematen dituzten unibertsitateetan ere ari dela zabaltzen sarearen bidezko irakaskuntza, baina Alegriak azaldu du Internet «modu osagarrian» erabiltzen dutela, ez oinarri gisara. Batez ere graduondoetan dago zabaldua sarearen bidezko irakaskuntza; graduondo batzuk ematen ditu UEUk berak lankidetzan. Ordutegi aldetik ere malgutasun handiagoa dute.
Berritasuna hor luke UEUren proposamenak: batez ere graduko ikasketak eskaini nahi dituzte.
Nolako ikasleak?
Lehia handiagoa ekarriko ote du Euskal Herriko gainerako unibertsitateentzat? Ezetz uste dute bultzatzaileek, aurrez aurreko unibertsitateetan ez dagoen ikasle tipo bat izango lukeela on line bidezko unibertsitateak. 24-60 urteko herritarrak dituzte gogoan: aurrez ikasketa batzuk eginak dituztenak, eta beste titulu bat lortu nahi dutenak. Krisiak, hala ere, gazteagoak erakartzea ekar dezake, Alegriaren arabera: «Ikastera beste leku batera joateko muga gehiago daude, eta gazte batzuk eroso sentitzen dira on line. Gero eta gehiago izango da publiko hori, baina beti izango da gutxiengo bat». Jende helduxeagoak jotzen du gehiago halako unibertsitateetara: «Nahiko okupatuta dauden pertsonak, edo langabezian geratu direnak. Edo bere garaian ikasketak utzi zituztenak, ekin nahi diotenak, baina okupatuta daudenak denbora aldetik».
Aztikerrek 24-60 urteko euskaldunen artean egin du inkesta Hego Euskal Herrian. %4k agertu dute nahia Internetez euskaraz ikasteko —23.000 lagun pasatxo lirateke Hegoalde osoan—. Nolako soslaia dute? Bostetik lauk beste karrera bat egina dute aurretik; hirutik bi 24-39 urte bitartekoak dira; eta bostetik hiru emakumeak dira. Ikasketei ekiteko asmoaren oinarrian batez ere nahi pertsonala dago —bi herenek argudio hori aipatu dute—; atzerago daude lanarekin lotura duten arrazoiak.
Emaitzak ikusita, aurrera egiteko oinarri bat badagoela uste du UEUk, eta graduko ikasketak eskaintzeko modua jar daitekeela. Graduondoetan «sakabanaketa handiagoa» dago, Alegriaren esanetan; eskaintza ere zabalagoa denez, gutxieneko ikasle kopurua izatea zailagoa litzateke.
Kontuan hartzekoa da Internet bidezko ikasketak pisu handia ari direla hartzen. Besteak beste, indar handia hartu du Unir Errioxako Nazioarteko Unibertsitateak (Espainia); 2009an hasi zuen bidea, eta hamazazpi gradu dauzka —baita ehun bat graduondo ere—.
Eredu gisa UOC hartu du UEUk. Ibilbide luzea dauka Kataluniako unibertsitate horrek, hogei urte pasatxokoa. Hura nola sortu zuten ekarri du gogora Alegriak: «Autonomiari buruzko negoziazioetan, UNED transferitzeko eskatu zuen Kataluniak. Estatuak ezetz esan zuen». 1995ean sortu zuten UOC. «Partzuergo bat egin zuten: unibertsitateak, bankuak, gobernua… ». Eskaintza Internet bidez egitea erabaki zuten, etorkizuna hori zelakoan. «Nahiz eta baldintzak oso txarrak izan hasieran, hori erabaki zuten. Nazioarteko erreferente bihurtu ziren berehala, eta orain ere hor daude».
Elkarlana, ezinbesteko
Sorrera hura gogoan, Euskal Herrian ere elkarlana ezinbestekoa izango dela ohartarazi du Alegriak. Alegia, lankidetza beharko dela erakundeetatik eta gainerako unibertsitateetatik. Egitasmoa orain atera dute plazara, baina lehenagotik ari dira harremanetan, bereziki Eusko Jaurlaritzarekin. UEUko buruak azaldu duenez, gobernuari mahai gainean jarri zioten pare bat titulaziorekin lanean hasteko aukera. «Baina ez da aurrera atera proiektua». Hala ere, Euskal Herriarentzat garrantzi handiko egitasmoa dela uste du. «Buru-belarri jarraituko dugu».
Interneten euskarazko unibertsitate bat edukitzearen «garrantzia eta beharra» gizarteratzea nahi dute orain, Esnaolaren esanetan. Mahai gainean jarri nahi dute gaia, kontuan izanda, gainera, udazkenean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ere izango direla. Bozetara aurkezten diren alderdi politikoekin hitz egin nahi dute, proiekturen berri emateko. Esnaola: «Gai hau UEUren edo unibertsitate munduaren baitatik instituzioetara eraman behar da. Bada garaia horretarako».
Martxan jartzekotan proiektuak sendotasuna eduki behar duela nabarmendu du Alegriak. «Proiektu estrategiko bat da: ezin da hiru-bost urtera planteatu». Elkarlana mamitzea ezinbesteko da, haren iritzirako. Izatez, Esnaolaren esanetan, elkarlanerako urratsa egitea, hori soilik falta da euskarazko on line unibertsitatea bidean jartzeko: «Gainontzeko guztia egiteko eta antolatzeko gai gara. Eskariaren azterketarekin eta UEUk dituen sareekin, ez dugu zalantzarik hori guztia martxan jartzeko gai garela. Baina instituzioen eta gainontzeko unibertsitateen eskutik joatea soilik falta zaigu».