Jon Torner Zabala / 2016-06-09 / 795 hitz
Kalapita ederra sortu du ditxosozko gabarrak. Badakizue, Athletic-eko neskek Liga irabazi dute baina ospakizunen baitan itsasadarrean barrurako ibilaldia ez sartzea erabaki zuen klubak, gizonezkoek iaz Superkopa irabazi zutenean ere ez zelako halakorik izan, gaizki ulertu ez badut. Entzungo zenituzten erreakzioak. Zale asko haserre agertu dira mutilek Liga irabazi dutenean –azkenekoz 1984an– gabarra atera delako, baita alderdi politiko eta erakundeetako ordezkariak ere. Zenbait kazetarik ere gogor kritikatu dute erabakia, epelago beste batzuek
Bere aldetik, Athletic-eko presidente Josu Urrutiak instituzioen eta hedabideen aurka egin du, emakumezkoen futbola laguntzeko nahikoa egin ez eta gainera komeni zailenean soilik agertzen direlako lehen planoan. Herritarrak ere seinalatu ditu, urtean zehar emakumezkoen futbola ikustera joan ez eta gabarraren kontuarekin bero-bero azaldu direlako. Bien bitartean, jokalariek, benetako protagonistek, adierazi dute inportanteena egindako lanaren fruituez disfrutatzea dela, polemikez gaindi. Halaber, taldeak urtetan emandako babesa eskertu dute.
Klubak, federazioak, instituzioak, hedabideak, zaleak, jokalariak… jarrai dezakegu parean duguna seinalatzen, eta gure buruak salbuesten, baina horrela alferrik gabiltza. Norberak duen erantzukizuna bere gain hartu ezean… Gurpil bat bezalakoa baita hau. Hedabideek luzera begira egin behar dute apustu, emakumeen kirolaz –haien lorpenez, eta ez fisikoaz, esaterako– apurka-apurka baina etengabe informatu; interesa areagotuko luke horrek, ispilu izango diren erreferente gehiago sortu, babesleak erakarri eta emakumezko kirolarien profesionalizaziorantz urratsak ematen lagundu, Mikel Ibargoien Info7 irratiko eta Gaur8 kazetako kolaboratzaileak Berdintasuna kirolean erreportajean, komunikabideen gaineko atalean, azaldu zigun moduan. Zentzu horretan, erantzukizun handiagoa du EITBk, hedabide publikoa den heinean, beharturik baitago berdintasun irizpideak errespetatzea. Egiari zor, esan beharra dut euskarazko irrati eta telebistetan bederen aurrerapauso politak ikusten ari garela.
Laguntzen kontua berdin aplika dakieke klub edota federazioei. Agian demagogia egitea leporatuko didazue, baina, berdintasunaren alde lan egiten ez duenari, diru publikorik ez. Eta kitto. Kasu honetan ere arriskutsua izan daiteke orokortzea, zenbait eragile lan eskerga handia egiten ari baitira, baina…
Kontu honi buruz zera adierazi zigun erreportaje berean Ainhoa Azurmendi berdintasun gaietan aditu eta Avento aholkularitza-enpresako kideak: “EAEko Berdintasun Legearen artikulu batek dio erakunde publikoek ezin dezaketela diruz lagundu emakumeak diskriminatzen dituen kirol jarduerarik. Oso tresna ona da, marko bat ematen du, baina kontua da, oro har, hori kontrolatzeko nahikoa ahalegin ez dela egiten; gainera, trafiko legea ez bezala, Berdintasun Legeak izaera punitiboa ez duenez… Administrazioek zorrotzago kontrolatu beharko lukete federazioek-eta haien aurrekontuen aplikazioan edota komunikazioan genero inpaktua aintzat hartzen ote duten, hizkera sexista baztertzeko neurriak aplikatu eta parte-hartze programak garatzen ote dituzten… Hori guztia aztertzeko bitartekoak behar dira, ordea. Federazio eta klub batzuek eman dituzte pausoak, baina koordinatu gabeko urratsak dira; ez dago apustu bateraturik. Oinarrizko formazioa falta da, plangintza orokorra egitea, zer eta nola aplikatu jakitea. Ezinbestekoak dira aldaketa estrukturalak”.
Oinarrian bertan lan egin behar
Eta aldaketa estruktural horiek, oinarritik bertatik hasita eman beharko lirateke, gogoan izanik neska eta mutilak jaiotzatik sozializazio modelo desberdinen arabera hezten direla, eta horrek eragina duela gerora bakoitzak ariketa fisikoa eta kirolarekiko izango duen jarreran, zenbait adituk azaldu duenez. Ideia horren bueltan ari da, neurri batean, Eusko Jaurlaritzak 2010ean plazaratutako Goi mailako emakumezko kirolarien egoeraren azterketa genero ikuspuntutik txostena.
“Kirola tradizioz gizonezkoen eremua da”, dio txostenak, 2009an BAT (Basque Team) fundazioaren beka lortu zuten 25 emakume eta 28 gizonen bizipenak ardatz dituenak: “Sexu bakoitzari jartzen zaizkion estereotipoak bere egiteaz gain, emakumeek kirolean duten presentzia urria justifikatu eta betikotu egin du, neskek kirola egiteko, lehiatzeko edo esfortzu fisikoa egiteko gai ez diren ustean oinarrituta. Aitzitik, gaitasunari eta trebetasun fisikoei dagokienez, argi geratu da gizonezkoen ustezko nagusitasun horrek, funtsean, arrazoi kulturaletan eta heziketan duela jatorria. Hala ere, emakumeek diskriminaturik jarraitzen dute kiroleko maila guztietan. Izan ere, gaitasun fisikoak garatzeko emakumeek ahalmenik ez dutela dioen mito horrek bultzatuta, gizarteak beste zenbait ideia ere legitimatu ditu: interes falta, arriskua ekiditeko joera edota eraginkortasunik ez izatea kiroleko arlo desberdinetan, izan hura praktikatzean, kudeaketa edota zuzendaritza postuetan, zein epaile-lanak egitean, besteak beste”.
Zaleen papera
Mikel Ibargoienek dioenez, beharrezkoa da emakumeek hedabideetan duten presentziaz kexu diren herritarrek nesken partidak-eta zuzenean ikustea eta haiei buruzko informazioa kontsumitu eta zabaltzea. “Telebistak partida bat eman eta harmailak hutsik ikusten badira…”
Gabarra bai/ez?
Bai, badakit erantzukizuna guztiona dela esan dudala, baina argi utzi nahi dut nire ustez Atheltic-ek hanka sartu duela gabarra ez ateratzearekin. Mutilekiko aldea agerian uzteaz gain, futbolean dabiltzan edo ariko diren neska gazteek ez dute aukerarik izan euren idoloek merezi duten ospakizuna jasotzen dutela ikusteko, gutxiago ez direla sentitzeko, areago, hobeak direla sentitzeko, egun batez bederen. Oroimen kolektiboan luzaroan iltzaturik geratuko litzatekeen irudia da errekan gora gabarra ikustea, gainean emakumezkoak doazela. Autobusez egindako ibilaldia hor dago, baina gabarrarena askoz ere bereziagoa da; bestea talde guztiek egiten dute.
PostData I: Testua idazten ari nintzela irratian entzun dut Espainiako Futbol Federazioak Madrilen dituen futbol zelaietan jokatuko dela Erreginaren Kopa, hiri bakar batek ere ez duelako nahikoa diru jarri txapelketa jaso ahal izateko. Jokatuko duten taldeen artean Reala eta Athletic daude…
II: Idatzi ostean topatu dut Mikel Ibargoienen txio hau. Erabiltzaileek iritzi interesgarriak laga dituzte.