Ainhoa Ugartetxe / 2016-05-31 / 488 hitz
Zer da hasiberriari eginiko txantxa bat? Beteranoek hasiberriei egiten dizkieten txantxa horietako bat, gehienetan gustu txarrekoa; batez ere unibertsitate, eskola nagusi eta armada eremuetan ematen dena. Hauxe da hasiberriarena, gaztelaniaz “novatada” bezala ezagutzen dena, frantsesez “bisutage”.
Edozein gaitan gertatzen den moduan, honetan ere badaude jarraitzaile leial eta zintzoak eta etsai sutsu eta amorratuak. Hona hemen hainbat defendatzaileren argudio aldekoak eta salatzaileen beste horrenbeste kontrako arrazoi:
“Ez baduzu joan nahi, ez zaitez joan… Inork ez zaitu behartzen”.
Hasiberri askok eta beterano askok esaten dute txantxa hauek eta jai hauek ez direla derrigorrezkoak.
Iritzia: Bai eta ez. Inork ez zaitu pistola batekin joatera behartzen baina joatea edo ez joatea erabaki askea dela baieztatzea ere ez da erabat zuzena. Baldintzatzaile nabarmena dagoela kontuan hartzen badugu: klaseko lagunek gainerako ikasturte osoan baztertzeko beldurra eragin handia du ikasle berriengan.
“Tradizioa da”.
Ikasle askok tradizio bezala hartzen dute eta horrek justifikazio nahikoa du hasiberri txantxak egiten jarraitzeko.
Baina argudio honekin jarraituz, zer esan beharko genuke animaliak zauritu edo hil egiten diren ikuskizunak debekatzeko edo aldatzeko? Lekeitioko Antzara eguna, adibidez, zergatik ez dugu jarraitzen ikuskizun hau bizirik dauden antzarekin egiten?
Edo emakumeen ablazioa?
Jarduera baten iraupena, mendetakoa bada ere, ez da argudioa nahikoa bere alde egoteko.
“Sozialki zu bertakotzeko balio dute. Lagun asko egiten dira”.
Edo bestela esanda: ondorio positiboek soberan gainditzen dituzte ondorio negatiboak. Hala ere, lagunak egiteko ez da beharrezkoa inor irainduta sentitzea; nahikoa litzateke barbakoa erraldoia, mozorro jaia, burkoen gerra edo “litroak egitea”. Bakoitzak berea ordaindu eta denak berdin amaitu.
“Ondo pasatzen duzu”.
Argudio hau beharbada onena eta erantzunezinena da, nire ustez. Azken batean, zubi batetik bere burua botatzen dutenek ere (gomasalto delako horretan), antza, ederto pasatzen dute. Hala ere, baieztapen hau ez da izango norbere buruari iruzur egitea edo defentsiban jartzea?
…
Honen inguruko ikerketak.
Hasiberrikeriak sufritzen dituztenek, ondorio psikologiko larriak jasan ditzakete. Ziurtasun honetatik abiatuta, hainbat adituk – haien artean Ana García-Mina, Comillaseko Unibertsitateko Errektore ordea eta Psikologia irakaslea– bere ikuspegiak eskaini zituzten “NOvatadas” liburuan. Gure gizarterako erronka” jardunaldietan, El Escorial-en garatu ziren Udako Ikastaroetan, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseak antolatuta.
Hiru jardunaldietan zehar aztertu ziren jauntxokeria bezalako alderdiak, biktimengan ondorioak, hasiberrikerien oihartzun soziala eta portaera hauen tradizio eta sustraitzeko alderdia.
Garcia-Minak esan zuen hasiberrikeriak bortizkeria interpertsonala eta nagusitasun-menpekotasun dinamika ekartzen dituzten jauntxokeriak direla. “Jarrera iraingarriak dira, umiliagarriak; biktimak tratu txarrak jasotzen dituztela sentitzen dute” – esan zuen Errektoreordeak- jarrera hauek “desberdintasun-erlazioak legitimatzen dituzte eta ikasleen duintasuna eta eskubideak urratzen dituzte” gehitu zuen.
Zer dio legeak?
2014ko irailaren bukaeran, Espainiako Senatuaren Osoko Bilkurak hasiberrikerien kontrako neurriak hartzea erabaki zuen eta Gobernua premiatzen duen mozioa onartu zuen. Heziketa kontuetan Legealdiaren lehen akordioa bihurtu zen, Alderdi Popularrak gainerako alderdiekin itundutako ekimena.
Senatuak Gobernua premiatzen zuen “hasiberrikerien biktimak defendatu eta babesteko, beharrezkoa duten informazioa, arreta psikologiko edo poliziala emanez.”
Alderdi politiko guztiek Gobernuari neurri zehatzagoak eskaintzeko hausnarketa egin behar zutela azpimarratu zen, jarrera hauek saihesteko, biktimak babesteko eta errudunak pertsegitzeko. Beste herrialde askotan kartzela suposatzen du, Frantzian adibidez.
Lerro fina dago txantxaren eta delituaren artean eta muga zeharkatzea oso erraza da.