Asier Garcia Uribarri / 2016-06-17 / 543 hitz
Gaztetxetik gaztetxera. Lelo hori erabili dute Iruñeko Alde Zaharreko gaztetxeko kideek Compañia kaleko eraikinetik Caparrosoko txaletera doazela ospatzeko. Hau da, udalarekin sinatutako hitzarmen bati esker gune egonkor bat izango dutela ospatzeko. Hala ere, leku aldaketa ez da behin betikoa. Joxe Abaurrea Hiri Bizigarri eta Etxebizitza zinegotziak adierazi duenez, heldu den ikasturtean lehiaketa publikora deituko dute eraikinaren kudeaketa emateko. “Espazio hori gazteentzat izango da. Hori kontuan hartuta, edonor aurkeztu daiteke”.
Berri horrek “ezustean” hartu ditu Oihana Idoate eta Marc Fernandez gaztetxeko kideak. Fernandez udalarekin bilera egin duten gaztetxeko kideetako bat da. Haren arabera, lehiaketaren gaia “gainetik aipatu” baino ez du egin udalak, eta prozesu osoan izandako jarrera salatu du: “Udalak beti hartu ditu erabakiak bere kabuz. Leku aldaketa onartu genuenean, berehala publikatu zuten prentsan nolakoa izango zen akordioa eta udal teknikariak egongo zirela bertan. Prentsaurreko bat egin behar izan genuen hori gezurtatzeko. Espazioaren inguruko akordioa lortu genuelako, ez erabilerari buruzkoa”. Oraindik ez dute batzarrean lehiaketaren inguruan hitz egin, baina Idoatek eta Fernandezek ez dute begi onez ikusten. “Ezin dira herri ekinbideak lehiaketa publikora atera. UPNk Jai Gunearekin egiten zuen gauza bera da”.
Gazteek abenduan okupatu zuten Compañia kaleko eraikina, eta, ordutik, udalarekin eginiko negoziazioek luze jo dute. “Luzeak eta nekagarriak izan dira negoziazioak. Udalarekin akordioa onartu genuenean, esan ziguten astebetean lokal berria izango genuela. Baina, azkenean, hilabeteak izan dira”, azaldu du Fernandezek. Idoateren arabera, negoziazioek barne mailan ere asko eragin diete. “Eztabaidak etengabe errepikatu behar genituen, egoera aldatzen zelako. Horrek asko erretzen du jendea, bereziki negoziazioetan aritu direnak”.
Gazteek adierazi dute bizitako negoziazio prozesuak baieztatu egin dituela euren hasierako tesiak. “Gure helburua udalarekin hitzarmena egin eta espazio bat lortzea zen. Okupazioa presio neurri bat baino ez da izan, espero genituen traba legal eta burokratikoak saihesteko”. Euren arabera, legeriak interes batzuei erantzuten die, eta uste dute herri mugimendua ezin dela horren zain egon. “Legeriari so baldin bagaude, blokeatuko gaituzte. Guk lokala behar genuen, eta biderik zuzenena hartu genuen. Ez genuen beste leku batzuetan bezala urteak zain egon nahi”.
Idoatek eta Fernandezek azaldu dutenez, gaztetxeak hiru funtzio nagusi bete ditu. Alde batetik, auzoko gazteentzako erreferente berri bat dela diote, “taberna eta etxabetatik harago”. Bestetik, auzoko herri mugimendua batzeko aukerak sortu ditu. “Kolektibo bakoitza bere lokalean zegoen, besteak beste, feministak Txoko Feministan, internazionalistak Zabaldin eta auzo elkartekoak Auzoenean. Gaztetxeak errealitate horiek batzeko balio izan du”. Azkenik, gaztetxea sorkuntzarako toki gisa ere definitu dute. “Dinamika, borroka eta iniziatiba ugari sortu dira gaztetxean: besteak beste, euskara eskolak, talde feminista, bertso eskola, gimnasioa eta antzerki taldea”.
Auzoarekin harremana
Alde Zaharra aberatsa da herri mugimenduetan, eta, gaztetxeak sei hilabeteko ibilbidea baino ez badu ere, bere tokia hartu du. AZ ekinbidea auzoko herri mugimendua batzeko ekinaldia da. Toni Iragik bertan parte hartzen du, eta gaztetxearen jarduna begi onez ikusten du. “Euskal Jai desagertu zenetik, behar bat zegoen auzo honetan, eta gaztetxe berria hori betetzeko sortu da”. Gaztetxeak AZ ekinbidearekin bat egin du, sortzen ari diren auzo eredu berrian gazte ikuspegia txertatuz.
Gaztetxeko kideek adierazi dute ez dutela arazo berezirik izan auzokideekin. “Zarata izan da auzokideen beldurretako bat. Alde Zaharra oso masifikatua baitago. Horregatik, neurri zehatzak hartu ditugu: besteak beste, kontzertuak 21:00etan eta pintxo-poteak 22:30ean bukatu ditugu”.
Sei hilabeteko ibilbidea du gaztetxeak. Bidean negoziazio luzeak eta hamaika ekinbide sortu dituzte. Orain, lokal berrian proiektuan sakontzen jarraituko dute. Arazo burokratikoek jarraituko badute ere, bihar gaztetxe berria zabalduko dute.