Zuriñe Maguregi / 2016/06 / 1895 hitz
‘Maker’ terminoak 2005ean sortutako ‘Make’ aldizkarian jatorria badu ere, betidanik ezagutu izan dugu eskuekin trebea den baten bat; trasteatzen orduak ematen dituena eta altxor gisa gordetzen duena beste edonork zaborrera botako lukeen hori. Zaila izaten da, ordea, maker profila zehaztea. Izan ere, gutxitan ematen da ezagutzaren elkarbanatzea eta kode irekiaren filosofia partekatzearen fenomenoa hain estilo ezberdineko profesionalen artean: artisauak, konpontzaileak, zaleak, asmatzaileak… makerrak gaur egungo ‘egileak’ dira. Oraingoan lau profesional, lau metodologia eta lau helburu ezberdin ezagutuko ditugu.
Hainbeste profil ezberdin ikusita, saia gaitezen denon artean maker-aren definizio argi bat osatzen…
Iñaki Albistur: Definizio zorrotzara helduz gero, gauzak fabrikatzeko prozesuan teknologia aplikatzen duena da makerra.
Paola Guimerans: Maker terminoak berez, ez du definizio zehatzik. Izan ere, jende ‘egilea’ esan nahi du. Maker bat gauzak egiten dituena da baina, ideia hau oso subjetiboa da…
Orduan, edonor maker izan daiteke?
Raquel Ares: Maker kultura DIY* mugimenduan oinarrituta badago ere, teknologia berriaz baliatzeko aurre ezagutza maila bat beharrezkoa da; kasu gehienetan diseinatzen jakin behar da, programatzen… Entzun izan dut guztiok maker bat dugula barruan, baina hori asko esatea da. Egia da edonork marrazteko gaitasuna duela baina ondo marrazteko teknika ikasi behar da.
Ivan Blasco: ‘Maker’ hitzaren ordez ‘mainatsua’ erabiliko bagenu, egokia litzateke. Izan ere, betidanik izan dira aparailuekin trastetazen ibili diren pertsonak baina horri ‘maker’ esaten zaio orain. Ezberdintasuna interneten datza, edozer gauza sortzeko behar duzun informazioa sarean topa daiteke eta horrek etengabe gauzak ikasteko aukera ematen dizu.
Oscar Martin: Garrantzitsuena espiritu sortzailea izatea da; kontsumitzaile hutsa izateari utzi zure gauzak fabrikatzeko, hori da gehien asebetetzen duena.
Nork bere produktuak sortzeko behar dituen erremintak eta ezagutza eskura izanik, ez dugu fabrikante handien menpe egoteko beharrik… baina, horrek ez al du hainbat profesionalen lana arriskuan jarriko?
Ivan: Ez dut uste. Izaera kontua dela iruditzen zait, DNAn sartuta daramagu. Internet sortu aurretik, zerbait apurtzen zitzaidanean konpontzen saiatzen nintzen, profesionalengana jo gabe. Ezagutza lortzeak esfortzu handia eskazten du eta gaur egungo etsai handiena denbora falta dugu, ez dugu diseinatzen edo programatzen ikasteko denborarik. Gainera, oso maker gutxi gara. Bilbao Makers-en esaterako, 27 bazkide gara eta horrek ez du arlo porfesionalarentzat inolako mehatxua suposatzen. Dena den, litekeena da merkatuan aritzeko estiloa aldatzea, hau da, pieza edo produktu bat erosi beharrean, etorkizunean produktua fabrikatzeko argibideak baino ez ditugu erosiko.
Iñaki: Maker baten ekoizpen ahalmena ezin da multinazionalenarekin parekatu. Artisau bat produkzio industrialarekin konparatzea bezalakoa lizateke. Gainera, makerrek ere arlo ezberdinetan profesionalizatzeko joera izango dute datozen urteetan.
Lorenzo Chavalet: Maker kulturaren alderik onena zera da, gauzak egiten ikasteko birusa txertatzen diola jendeari, ezagutza lortzeko grina. Maker tailer batean beste norbaitek montatutako aparailu bat ikusi eta pentsatzen dute: “Nik ere halako zerbait egin nahi dut!” eta kode irekiaren filosofiari esker, jarraitu beharreko urrats guztiak eskura izango dituzte.
Maker kultura deskribitzeko aditz bat erabili beharko bazenute?
Ivan: Elkarbanatu, dudarik gabe. Gaur egun ezagutza ez da arlo akademikora mugatzen eta orain arte ezkutatzen ziren fabrikazio prozesuak guztion eskura daude sarean. Ni 12 biztanleko herri batean bizi banaiz ere, nahi dudana fabrikatzeko aukera dut.
Raquel & Iñaki: Elkarbanatu eta egin.
Paola: Ikasi. Etorkizunean oraindik ezagutzen ez ditugun profesional profil berriak sortuko dira, eta ezinbestekoa da ikastetxeetan ezagutza teknologiko hau txertatzen hastea.
Oscar & Lorenzo: Ezagutza elkarbanatu. Enpresa munduan oso zaila egiten zitzaigun gure lan prozesua eta izandako arazoak konpontzeko jarraibideak modu irekian partekatzea. Baina gerora konturatu ginen gure lana dagoeneko beste norbaitek egindako lanaren jarraipena zela eta gurea beste norbaitek hobetu dezakeela ere.
Bateragarriak al dira ezagutzaren elkarbanatzea eta komertzializazioa?
Ivan: Komertzializazioa eta kode irekia bateragarriak izan daitezke. Egindako lana norbaiti eskaini diezaiokegu, aldaketak eta hobekuntzak egiteko askatasun osoz. Gerora, saltzea erabakitzen badu, hobekuntza horiek publikoak izatea da eskatzen den bakarra. Halere, batzuek gauzak nola egiten diren ikasi eta enpresa bat montatzen dute publikatu gabe. Hori erabat mespretxagarria iruditzen zait.
Oscar & Lorenzo: Industriek etekin ekonomikoak lortu behar dituzte hobekuntzak eta proiektu berriak finantziatu ahal izateko. Halere, duela bost urte pentsaezina iruditzen zitzaigun gure inpresoren lan prozesua eta izandako arazoen konponbideak publiko egitea. Azken urtean 10.000 inpresora saldu ditugu, eta gorantza doan merkatua izanik, kode irekiak enpresa eta proiektu berrien sorrera ahalbidetzen duela esan dezakegu.
Batzuek industria iraultza berri baten hasiera dela aurreratu dute…
Paola: Iraultza gertatzen ari da baina ez gara konturatzen, prozesu aldaketa motela delako. Teknologia bigunekin hasi nintzenean lau katu ginen eta gaur egun sekulako eklosioa izaten ari da.
Oscar: Orain sortzen ari diren teknologia hauek etorkizunean mantenduko dira, industria arloan bereziki. Hiru dimentsiotako inpresorak aeronautikarako oso baliagarriak izango dira, besteak beste, pieza arinagoak fabrika ditzaketelako. Dena den, fabrikazio prozesu berriaz ari gara, ez industria iraultza orokorraz.
Ivan: ‘Industria iraultza’ hitz potoloak dira. Benetako iraultza lan egiteko modua eta ezagutza partekatzean datza. Ezagutzarik ez izatea jada ez da oztopo.
Gauzak nola egiten diren ikasteko esfortzua egin behar da, jakina, baina norberak markatuko du noraino heldu nahi duen. Egia da gauza asko aldatzen ari direla, baina zenbatek dakite Arduino* bat programatzen edo 3D inpresora bat erabiltzen?
Iñaki: Nik uste iraultza ematen ari dela baina poliki-poliki. Fordek muntaketa-katea martxan jartzearen prozesua ez zen egun batetik bestera eman. Industria iraultza baino, ‘industria etxean’ esango nioke, gertatzen ari dena gauzen digitalizazioarekin oso lotuta baitago. 10-15 urte barru jendeak gauzak etxean fabrikatuko ditu.
Etorkizunaz ari gara, baina zein izan da orain arte maker mugimenduak izandako hitorik garrantzitsuena?
Ivan: Inflexio puntu bat izan zen Arduino sortu zenean, oso arkitektura sinplea duen automata programagarri txiki bat da, makinari aginduak emateko balio duena. Duela urte batzuk Arduinoek 200-250€ inguru balio zuten eta gaur egun 3€ren truke eros daitezke.
Paola: Krisi garaiak eragin handia izan du maker mugimeduaren sorreran. 2008an AEBetako gobernuak maker mugimedua ekonomikoki babestea erabaki zuen, 20-30 urte barru sortuko diren ogibide berriek beharko dituzten gaitasun teknologikoak bultzatzeko helburuz. Ordurako Maker aldizkariak Do It Yourself egiteko hainbat tutorial publikatzen hasi zen.
Raquel: Euskal Herrian, 2011n Artelekuk eta Tabakalerak tailer batzuk antolatu zituzten Tresnak Tools izeneko ziklo baten barruan. Ikastaro ezberdin hauen helburua teknologia berriak eta sormena uztartzea zen, hardware eta software erreminten bidez. Tailer batean 3D Rep-Rap* inpresora bat fabrikatu genuen. Ordukoa izan zen estatu mailan antolatzen zen lehenengo ikastaroa eta gerora maker munduan lan egin dugun hainbat eragilek parte hartu genuen bertan.
Orduan, testuinguruak eta lekuak maker kulturaren zabalkundean badu eraginik?
Ivan: Bai, hala da. Maker mugimendua oso modu ezberdinetan garatu daiteke lekuaren edo egoeraren arabera, baina modu batean ala bestean, garatzeko aukera izaten da beti. Edozein arloko jendeak elkarlanean aritzeko gogoa izaten du (medikuntza, nekazaritza, ikerketa…) bakoitzak helburu, balore eta erreminta ezberdinekin.
Raquel: Maker kultura nola txertatzen den edo norengana iristen den, lekuaren ezaugarrien araberakoa izaten da. Industria ingurune batek adibidez, bestelako eragina izan dezake prozesuaren nolakotasunean. Bilbo bezalako hirietan maker mugimendua kalean sortzen da eta beste lekuetan, ordea, erakundeen babesaren ondorioz, Donostian gertatu den bezala…
Barkatu ezjakintasuna baina, ‘irekia’ eta ‘doakoa’ gauza bera al da?
Ivan: Ez, inondik inora. Doakoak ez du zertan irekia izan eta alderantziz, doako produktu pila daude ekonomikoa ez den beste modu batean kobratzen direnak; Google adibidez, doako bilatzailea da baina trukean zure interesak, ohiturak, bizilekua eta antzeko mila datu jasotzen ditu. Bestalde, programa ireki batengatik ordaindu dezakegu, CD edo USB batean eramateagatik edo mantenu zerbitzuagatik.
Paola: Irekia ez da doakoa eta sekula ez da izango eta kulturak badu horretan eragin handia. Gogoratzen dut hamabi urteko ikasle batek led argiekin soineko polit bat egin ondoren saldu zezakeela pentsatu zuela. Niri ondo iruditu zitzaidan baldin eta ideia nondik hartu zuen aipatzen bazuen. Neskatoak, ordea, ezetz esan zuen, ideia kopiatuko ziotelakoan!
Raquel: Jendeak uste du librea den guztia doakoa dela eta pena bat da, debalde diren gauzei balioa ematen ez dietelako. Lizentzia mota asko jartzeko aukera dago (egilea aipatuz, editatzeko baimena emanez…etab) egindako lanari merezi duen balioa eman ahal izateko.
Ba al dira euren lanak modu irekian publikatzeko erreferenterik maker kulturan?
Ivan: Mugimendu hau naturala izanik, edonor izan daiteke egiten ari den lanerako erreferente eta orain arte egindakoa hobetzeko aukera izatea da saririk handiena. Baina maker munduan Madrilgo Carlos III unibertsitateko Juan González Obijuan robotika irakaslea da maker munduko erreferenteetako bat. Bere inpresorarekin sortutako piezak oparitzen zituen nork berea fabrika zezan eta ikasten duen guztia interneten publikatzen du bideo tutorialen bidez. BQ enpresak kontratatu zuen eta orduz geroztik enpresa honek fabrikatzen duen guztia modu irekian publikatzea lortu du.
Paola: Maker munduan hainbeste profil ezberdin daude, edonor izan daitekeela beste norbaiten erreferente. Nire kasuan STEAM-STEM mugimendua bultzatu zuen John Maedaren lanaren jarraitzaile amorratua naiz.
Iñaki: Nik Dirk Vander Kooij holandesen lana dut gustuko, baita Belgikako unfold.be proiektua ere. Bartzelonako IAAC Fab Laba* da ikasketa zentru erreferente bat estatu mailan.
Raquel: Bitxikeria gisa, aipatuko nuke eraikuntzari aplikatutako teknika digitalak erabili zituen lehenengo arkitektoa Frank Ghery izan zela, 90ko hamarkadan Bilboko Guggenheim museoa eraikitzeko. Arkitektura munduan diseinu parametrikoa eta fabrikazio digitala erabili zituen lehenengo aldiz. Bestalde, gurean ere badira hainbat maker aipagarri: Iker Etxaniz, Dani Artamendi (Arteleku), Josianito (Hirikilabsen sustatzailea), Donostiako arkitektura eskolako Alex Mitxelena, Aitziber Eizagirre –Tumaker enpresakoa–, Arteklabeko Jaime de los Ríos eta Dani Tirado, BilbaoMakers…
Halako izen askoren lana Maker Faire delakoetan ikusteko aukera izango da. Nolakoak izaten dira azoka hauek eta zein modutan laguntzen dute maker kultura zabaltzen?
Ivan: 2015ean eskala handiko lehenengo Maker Faire* antolatu zuten Bilbon eta ni horren sustatzaileetako bat izan nintzen Open Espacio eta Social Soundekin batera. Honen helburua AEBetako eredua gurera ekartzea zen eta niretzako esperientzia gazi-gozoa izan zen. Gozoa batetik, ni bezalako sortzaile asko ezagutzeko aukera izan nuelako. Baina, bestetik, desengainu puntu bat izan nuen ekitaldiari jarraipenik eman ez zitzaiolako eta ekitaldi hutsean geratu zelako esperientzia. Halako azokak komunitatearentzat antolatu behar direla iruditzen zait, elkarrekin sortu nahi dutenentzako topagune gisa eta etxean bakarrik lanean dabilen pertsona berezi bat izateari uzteko.
Raquel & Iñaki: Halako azokak interesgarriak izaten dira kontaktuak egiteko baina egia esan, guri gehiago gustatzen zaigu bisitari gisa joatea bertan parte hartzea baino.
Oscar: Ni ez naiz maker azoka askotara joan baina egia da gure esperientzia 2012an BECen izandako antzeko azoka batean hasi zela. Bertan tipo batek muntatu zuen 3D inpresora bat ikusi nuen lehenengo aldiz eta pentsatu nuen “halako zerbait egin behar dugu guk!”. Bestalde, egon naizen azken azokan bi alde bereizita zeudela ikusi nuen: enpresak dauden alde komertziala batetik, eta maker gunea bestetik. Azken honek nahiko parte-hartze txikia zuela sumatu nuen, agian oraindik maker munduko merkatua txikia delako.
Paola: Onartu behar dugu hemengo maker mugimenduak ez duela zerikusirik AEBetan sortu zenarekin. Kulturalki zeharo ezberdinak gara eta hemen halako ekimenek ez dute finantzazio publikorik jasotzen.
Erakunde publikoen babesik gabe, nola aurreikusten duzue maker kulturaren bilakaera datozen urteotan? Ikastetxeetan txertatzeko beharra ikusten al duzue?
Ivan: Maker etiketaz ezagun bilakatzen hasi den joera hau moda bat baino ez da, jendea aspaldi dabil etxean piezak fabrikatzen eta. Moda hau desagertuko da eta betidanik trasteatzen ibili garenok berdin jarraituko dugu. Dena den, azkenaldian hezkuntza arloa apustu nabarmena egiten ari dela ikusi dut.
Paola: Gaur egun fabrikazio digitalarekin zerikusia duten ikasketak arlo ez-formalean kokatzen dira eta horrek balioa kentzen dio. Etorkizunean hezkuntza formalean jasoko dela uste badut ere, hemengo hezkuntza publikoa legealdiaren arabera aldatzen da eta horrek ekarriko du maker kulturarekin lotutako edukiak ikastetxe pribatuetan txertatzea, hau da, hezkuntza pribatua ordaintzeko dirua dutenek bakarrik jasoko dute ezagutza mota hau.
Lorenzo: Umeei teknologiaren germena txertatu behar zaie eta bideo-jokoen kontsumitzaile hutsak izatetik harago, ikusi behar dute zenbat gauza egiteko gaitasuna duten. Etorkizunean, oraindik ezagutzen ez ditugun teknologiaz eta robotez inguraturik biziko gara eta hauek programatzen, diseinatzen eta konpontzen dakiten pertsonak beharko ditugu. Ingelesa ikastea garrantzitsua da, bai, baina teknologia alde batera utzi gabe.