Ez dira egunik lasaienak 16 urteko nerabe batentzat maiatzeko azkenak eta ekaineko lehenak. Azterketa garaia da. Muriel Ruiz de Larramendi ere (Huarte, Nafarroa, 1999) buru-belarri ari da azterketetan, baina eskaladarekin bateratzen ditu. Ahizpa gaztearen eskalada saioak ikusi, eta probatzea erabaki zuen, duela bost edo sei urte. Europako Kopako proba batean parte hartu du, Austrian. Iaz, Euskal Herriko Txapelketa, Espainiakoa eta Espainiako Kopa irabazi zituen, 18 urtetik beherakoen mailan.
Zein dira eskaladan zure ezaugarririk onenak?
Teknika eta helduleku txikiak hartzea. Indar handia daukat behatzetan. Bideak blokeak baino hobeto egiten ditut, batez ere blokeetan beti pauso luzeak eta dinamikoak topatzen ditudalako.
Eta zertan hobetu behar duzu?
Dinamikoak egiteko orduan hobetu beharko nuke: gutxiago pentsatu, eta zuzenean pauso luzeak dinamizatu.
Lehiaketa asko irabazitakoa zara, baina lehiaketa zalea al zara?
Bai, lehiaketa zalea naiz. Lehiatzeak sortzen didan zirrara ez dut beste inon topatu. Zeure burua neurtzeko modu bat ere bada. Asko gustatzen zait lehiatzera irten aurreko adrenalina puntu hori.
Kirol eskaladatik zatozen arren, harrizko horman ere ibiltzen zara. Zein horma duzu nahiago?
Etxauri daukat gertuen, eta leku ederra da. Hala ere, joaten naizen leku guztiek liluratzen naute: Siurana eta Margalef [Tarragona, Herrialde Katalanak], Rodellar [Huesca], Asturias…
Gorka Karapeto azpeitiarra duzu entrenatzailea. Zein da haren ezaugarririk onena?
Bihotz handia du. Oso pertsona ona da, eta nitaz asko arduratzen da. Oso eskuzabala da.
Zer txapelketa irabaztea gustatuko litzaizuke?
Europako lehiaketaren bat irabaztea ametsa da niretzat. Boulder txapelketaren bat irabazteak ere ilusio handia egingo lidake, gehien kostatzen zaidana baita.
Zein dira zure asmoak aurten?
Udan, ahalik eta gehien eskalatu nahi dut arrokan. Leku ezezagunetara bidaiatzea atsegin dut; betiere, eskalatzeko aitzakiarekin.
Nola uztartzen dituzu ikasketak eta eskalada?
Nahiko ondo, egia esan. Ikasketetan emaitza onak lortzen ditut, nahiz eta batzuetan estuegi ibiltzen naizen biak bateratzeko. Ondo moldatzen naiz; hori bai, etxerako lan gutxiago bidaliko balituzte, hobe [barreak].
Gaur egun, munduko eskalatzaile onenekin ibiltzen zara lehian. Zein aipatuko zenituzke?
Jain Kim korearra asko gustatzen zait: eskalatzen duenean, erraza dirudi, dantzan dabilela dirudi, eta era politean eskalatzen du. Ashima Shiraisi estatubatuarra ere gustatzen zait: gaztea da, ez oso handia, txikia hobeto esanda, eta izugarrizko eskaladak egiteko gai da, benetan mirestekoa. Eskalatzaile gazte aipagarri asko daude.
Neska gehienek eskalada uzten dute 18 urte betetzean. Zuk jarraitzeko asmorik baduzu?
Ez zait burutik pasatu ere egin eskalada uztea. Orain, gustuko dudana egiten dut, eta horrekin gozatzea da garrantzitsuena.
16 urterekin eskaladan serio ibiltzeak gauza asko galtzen ari zaren sentipena uzten dizu?
Ez dut sentitzen ezer galtzen ari naizela; bestela, ez nuke egingo. Ez du ezertarako balio gauza bat egin nahi izateak eta beste gauza bat egiten aritzeak.
Europako Txapelketan non ikusten duzu zeure burua?
Lehen postuetatik nahiko urrun. Oraindik asko daukat hobetzeko, Europako mailara iristeko, baina ez da ezinekoa.
Noiz galdu zenion beldurra eskalatzeari?
Beldurra? Ez dut halakorik gogoratzen. Noizbait hegan egiteak beldurra eman dit, baina berehala beldurrak gainditzen saiatzen naiz aurrera egiteko.
Zein dira arrokan egin nahi dituzun bideak?
Ez dut helburu zehatzik. Edonora joanda ere, ni pozik.
Kuadrillakoek eta lagunek zer esaten dizute Europako onenekin lehiatzen ikustean?
Zorte ona opa didate; harritu ere egiten dira.
Zer sentitu zenuen 8b+ (Tekken bidea) igo zenuenean?
Poz handia, ordura arte eskalatu nuen biderik zailena baitzen, baina, batez ere, ez bainuen espero.
Zer da beldurra Muriel Ruiz de Larramendirentzat?
Gainditu beharreko zerbait. Beldurrak soilik mugatu egiten zaitu, zure ametsak betetzeko oztopoak baino ez dira, ez dute ezertarako balio. Hitzak berak ere ez luke existitu beharko, horrek esan nahiko lukeelako beldurra ez dela existitzen.