What3Words, munduko edozein toki hiru hitzekin kokatua

Sustatu / 2016-06-15 / 282 hitz

Munduko 4.000 milioi biztanle inguruk ez daukate posta helbiderik eta, ondorioz, zailtasunak dituzte gutunak jaso, larrialdi-laguntza hartu edota tramite administratiboak egiteko (hala nola, bankuan kontu bat ireki). Mongolian egoera honetan bizi dira. Herrialde handia da, gehienbat hutsa edo biztanlebakoa, eta mongoliarren laurdena nomada da. Kale-izen gutxi daude bertan, baita Ulan Bator hiriburuan ere. Horregatik, Mongoliako Posta zerbitzua What3Words sistema erabiltzen hasiko da helbide zehatz erabilgarriak eman ahal izateko.

Erresuma Batuan sorturiko enpresa bat da What3Words eta euren ideia da errazagoa dela 3 hitzek osatzen duten konbinazio bat oroitzea GPS kokapen bat osatzen duten zenbakiak baino. Horregatik, mundu osoa 9 metro koadratutako 57.000.000.000.000 laukitan banatu dute, eta lauki bakoitza 3 hitzek osatzen duten esaldi bat da. Hasi, ingelesez hasi ziren 3 hitzen konbinazioak egiten, eta alemanera, gaztelera, frantsesa, swahilia, portugesa, suediera, turkiera eta errusieraz ere badago. Aurki mongolieraz ere egon beharko da, noski. 3 hitzeko konbinazioak ez dira itzultzen hizkuntza batetik bestera, independenteak dira, eta What3Words-en sistemak guztiak ezagutu eta GPS kokapen-datuetara bilakatuko ditu (bere latitude eta longitudearekin).

Horrela, Baigorriko Etxauzia “muffle.scandal.outdo” da ingelesez, “roulotte.quoique.impôt” frantsesez eta “desagradar.morsas.desarrollaron” gazteleraz. Gorbea mendiko gurutzea “föranledd.mosse.sans” da suedieraz. Esan bezala, ez du ardura zein hizkuntzatan erabiltzen ditugun 3 hitz hauek, What3Words-en kokapen zehatza emango digu mapa batean. What3Words-ek mapa-zerbitzua eskaintzen du sarean, aplikazioa (Android eta iOS) eta API bat garatzaileentzat.

Garraio-enpresak, larrialdi zerbitzuak edota GKEak dira What3Words-en bezeroak, besteak beste, oroitzeko eta erabiltzeko erraza (zenbakiak baino errazagoak direla diote haiek) eta unibertsala den sistema bat behar duten erakundeak.

Negozioa bere konbertsio sistemari esker egiten du, hau da, 3 hitz horietatik GPS kokapen zehatzera (latitudea eta longitudea) pasatzean. What3Words ekimena kritikatzen dutenek diote gobernu batek ezin duela bere helbide-sistemaren kontrola enpresa pribatu baten esku laga, helbide-sistema datu ireki eta librea izan behar dela.

Behean ikus daiteke What3Words zerbitzuaren azalpen-bideoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.