Alkohol, tabako eta joko gehiegi

Gazteberri / 2016-09-01 / 469 hitz

EAE Business School-ek Estatu mailan egindako ikerketa baten arabera Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleek, batez beste, alkohol eta tabakoan gehien gastatzen dituztenen artean aurkitzen dira. Nafarroakoek, berriz, jokoan gastatzen dute gero eta gehiago.

EAE Business School-ek ‘El gasto en tabaco y alcohol y juego 2016’ izeneko azterlanaren emaitzak aurkeztu berri ditu. Bertan, Estatuan zein munduko herrialde garatuenetan ematen den hiru elementu horien kontsumoak aztertzen dira eta, Estatuari dagokionez, emaitzak autonomia erkidegoka ere aztertzen ditu. Datu horiek guztiak Instituto Nacional de Estadísticak (INE) burutzen ohi duen ‘Encuesta de Presupuestos Familiares’ delakoaren azken emaitzetan oinarritzen dira.

Alkohola
Alkoholaren kontsumoari dagokionez, Espainiako biztanleek, batez beste, 709,49€ gastatu zituzten alkohola erosten. Aurreko urteko datuarekin alderatuta gastua % 20an hazi dela azpimarratu behar da. Munduko beste herrialdeekin alderatuta, Espainia alkohol gehien edaten dutenen sailkapenaren erdialdean aurkituko litzateke, batez beste 102 litro kontsumitzen direlarik, hots, astero 1,96 litro.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, bertako biztanleak alkohol gehien kontsumitzen dituztenen artean aurkitzen dira (79,42€ pertsona bakoitzeko). Bere aurretik, balearrak (93,27€), galiziarrak (86,21€), katalanak (84,45€) eta asturiarrak (80,34€) soilik aurkituko lirateke. Nafarroako Foru Erkidegoan, berriz, kontsumoa baxuagoa da (61,7€). Gainera, Nafarren kasuan, azpimarratzekoa da kontsumoa azken hamabi hilabeteetan % 10,42an jaitsi dela, Estatuan izan den beherakadarik handiena.

Tabakoa
Tabakoaren kontsumoari dagokionez, azken urtean, batez beste, espainiarrek 353,81€ gastatu dituzte. Kasu honetan ere, % 20ko igoera eman da aurreko urteko datuarekin (294,64€) alderatuta. Modu horretan, tabakoaren kontsumoa Espainian 2010ean zen kontsumoa baino handiagoa da une honetan. Espainia tabako gehien kontsumitzen duen munduko hamar herrialdeen artean aurkitzen da (1046 zigarro pertsona bakoitzeko urtean, hau da, 52,3 pakete edo 2,86 zigarro egunean).

Tabakoaren kontsumoari dagokionez Nafarroak nahiko emaitza onak azaltzen ditu. Izan ere, Nafarrak tabako gutxien kontsumitzen dituztenen artean aurkitzen dira (104,68€) eta soilik kanariarrek gastatzen dute gutxiago (74,64€). Gainera, tabakoaren kontsumoan gastatutakoa % 22,01ean jaitsi da Nafarroan azken hamabi hilabeteetan.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, batez besteko gastua tabakoan 149,22 eurotakoa izango litzateke, aurreko urtean baino % 7,56 gehiago. Bakarrik Kantabrian eta Extremaduran izan dute igoera handiagoa.

Jokoa
Ikerketak aztertu duen hirugarren aldagaia jokoarena izan da. Kasu horretan, aurreko bi kasuetan ez bezala, igoera nabarmena izan da Nafarroan (% 10,2). Ikerketaren arabera, beraz, nafarrek, batez beste, 61,50 euro gastatzen dituzte jokoan. Azterlanak ez du azken urteko EAEaren inguruko datuak ematen baina 2014. urtean euskaldunek jokoan gastatutakoa 66,58 euro izan ziren.

Profilak
Azterlanak azpimarratzen duenez, Estatuan alkohol edaleen batez besteko profila goi-mailako unibertsitate ikasketak dituen 65 urtetik gorako gizonezkoa da. Tabakoaren kasuan, berriz, batez besteko erretzailearen profila lehen zikloko bigarren hezkuntza mailako ikasketak dituen 16 eta 29 urte bitarteko gizon gaztea da.

Nazioartean
Estatuko datuak ez ezik, EAE Business Schoolek egindako azterlanak herrialde desberdinetako datuak ere konparatzen ditu. Tabako kontsumoaren kasuan, gehien gastatzen duten biztanleak Suedia (830€), Irlanda (540€), Alemania (480€) eta Greziakoak (474€) dira, hurrenez hurren. Tabakoan gutxien gastatzen dituztenak, berriz, Brasil (71€), Mexiko (94€), Errumania (130€) eta Poloniako (218€) biztanleak izango lirateke. Erretzen den zigarro kopurua aintzat hartzen bada, gehien erretzen dituzten biztanleak Txekiar Errepublikakoak izango lirateke (1836).
Alkohol kontsumoan ere txekiarrak dira gehien kontsumitzen dutenak (169 litro). Jarraian, Alemania (144), Errumania (138) eta Irlanda (137) aurkituko lirateke. Alkohol gutxien kontsumitzen dutenak India (5), Txina (53), Grezia (53) eta Mexiko (61) lirateke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.