Game Erauntsia / 2016-09-01 / 444 hitz
‘The vanishing of Ethan Carter’, ‘Braid’ eta ‘Ark’ bideo-joko ezagunak euskaraz gozatu daitezke dagoeneko. Itzulpen fitxategiak gamerauntsia.eus webgunean daude eskuragarri.
Azken aldian Game Erauntsia komunitatearen baitan hainbat joko euskaratzeko dinamikak hasi dira sortzen. Hasiera batean joko zaharrak, retro deritzotenak izan genituen jo puntuan. Alex Kidd in Miracle World, Metroid Zero mission, Super Mario Bros., The Legend of Zelda eta Pokemon Ruby (erdizka bada ere) besteak beste euskaratuta daude.
Hala ere, joko hauek euskaratzeak lan handia eskatzen du eta oso jokozale eta nostalgikoentzat balio badute ere, gaur egunean argitaratzen dituzten joko motekin ez dute inolako zerikusirik. Eta euskarak hor hutsune handi bat duela ikusten genuen. Joko zaharrak euskaratzearen “kutixia” joko berriekin ere egin genezakeela pentsatu genuen.
Gainera, gaur egunean joko modernoak itzultzea askoz lan errazagoa da. Askotan online dauden tresnak erabiliaz eta taldean itzul daitezke edota kasurik txarrenean, fitxategi soil bateko lerro batzuk itzultzea besterik ez da. Ez dute batere zerikusirik lehengo retro joko horietako byte-ak itzultzearekin!
Horrela itzuli ahal izan dugu adibidez The vanishing of Ethan Carter, 2014. urtean argitara eta hurrengo urtean PlayStation 4 kontsolan berrargitaratua izan zen joko puska. Jokoaren audioa ingelesez eta polonieraz bakarrik badago ere, hainbat hizkuntzetara azpititulatu dute. Orain, abentura grafiko honetan, Red Creek Vally herri misteriotsuan desagertu den 12 urteko Ethan Carter mutikoaren bila ibiliko den Paul Prospero detektibearen abenturez euskaraz ere gozatu ahal izango dugu. Grafiko ikaragarriak eta istorio paregabea ditu jokoak.
Sustatu.eus | Braid, hodeizko zubia © cc-by-sa: gamerauntsia
Baina ez da itzulitako joko bakarra izan. Jonathan Blow indie garatzailea 2008an arrakastara eraman zuen Braid ere eskura dugu gure hizkuntzan. Plataforma eta puzzleak nahasten dituen jolas honetan, Tim protagonista, printzesaren bila ibiliko da. Mundu honetan denbora eta espazioa ez dira beti eskutik joaten eta buruhauste askori eman beharko diogu buelta. Ordenagailu eta XBoxerako joko hau maisulantzat jota dago eta kritika bikainak jaso ditu.
ARK Survival Evolved prehistorian oinarritutako biziraupen jokoa izan da azkena itzuli duguna. Ikaragarrizko lana izan du atzean eta orain arte itzulitako jokorik luzeena izan da testu aldetik. Bide batez, Pospolos erabiltzaileari eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu hartutako lan handiagatik! Beste bi jokoekin alderatuz, joko honen berezitasuna online jolasten dela da. Aurten (2016an) argitaratutako joko honetan, ia bilutsik eta dinosaurioz betetako mundu batean esnatuko gara. Helburua online dauden beste jokalariekin batera, mundu horretan dauden baliabideak erabili eta gero eta indartsuago izatea, bizirautea da. Baita horretarako dinosaururen bat etxekotu behar badugu ere! Jokoan aurrera egin ahala beraz, oinarrizko tresnak egiten, sua erabiltzen edota ekoizteko zailagoak diren armak egiten ikasi beharko dugu.
Joko guztien itzulpen fitxategiak Game Erauntsiaren webgunean zintzilikatu ditugu. Azken hau online itzuli dugunez gainera, joko ofizialean bertan txertatuko dute laster. Eta adi, beste hainbat estatu hizkuntza eta euskara baino hiztun gehiago dituztenen aurretik izango dugu euskaldunok joko hau jolasteko aukera!