Bidatz Villanueva Etxague / 2016-09-21 / 984 hitz
Iraganeko bizitza itxuratzean datza paleoartea. Datu zientifikoetatik abiatuz, ahalik eta era zehatzenean birsortzen dituzte desagertutako izakiak. Lan bakartia da, eta ezezaguna gizartearen gehiengoarentzat, baina ezinbestekoa zientzialariek aurkitutako aztarnen informazioa gizarteari helarazteko.
Gizartean ezkutuan geratzen den diziplina da paleoartearena. Ilustratzaileak, zizelkariak, animazio egileak edo beste izan daitezke. Historiaurreko bizitza itxuratzen dute artearen bidez. Eztabaida sor dezake horrek: zerk du garrantzi handiagoa, lan artistikoak ala iraganaren balio informatiboak? Mark Hallet AEBetako paleoartistak asmatu zuen kontzeptua, nahiz eta lehen paleoartistak XIX. mendean hasi ziren. Paleoartisten lanetan, irudiaren kalitateaz gain, zehaztasun zientifikoa balioesten da.
Mauricio Anton paleoartista (Bilbo, 1961) oreka mantentzen saiatzen da. Hau da, transmititu nahi duen informazioari eta kalitate artistikoari balio bera ematen die. «Artea eta zientziaren arteko bereizketa, erreala baino gehiago, artifiziala da. Aukeratzera behartzen gaituen lan egituratik datorren bereizketa da». Antonek ilustrazioak egiten ditu, gehienbat. Paleoartista garaikideen artean ezagunenetakoa da. Society of Vertebrate Paleontology elkartearen Lazendorf saria irabazi zuen, nazioartean lor daitekeen aitorpen handienetakoa. Harentzat, ordea, jarraitutasunarekin lortzen da aitorpena. «Enkarguak izatea, museo eta editorialek zure lana balioesteaz gain, beharrezkotzat jotzen dutela ikustea da benetako saria», adierazi du. Espainiako Natur Zientzien Museoarekin lan egiten du.
Hertsiki egiten du lan zientzialariekin. «Erreplika bat egitea taldeko lanaren ondorio da», Antonen hitzetan. Paleontologoekin egon ohi da, eta aholkuak jasotzen ditu haiengandik. Are, ikerketa paleontologikoetan parte hartzen du zenbaitetan. Dena den, paleoartistaren aukera da hori. Batzuek nahiago dute informazioa ikerturik dagoela jaso.
Garai Mesozoikoa eta historiaurrea jorratu ohi dituzte paleoartistek. Paleontologoek aurkitzen dituzten aztarna eta fosilak dituzte oinarri iragana berregiteko. Egungo aurrerapen teknologikoek zeharo erraztu dute lana. Hala uste du Antonek: «Alde batetik, garapen teknologikoak iragana berregiteko modu berriak eskaintzen ditu. Beste aldetik, fosilen erreplika egiteko prozesua ikertzeko bestelako moduak garatu dira. Gaur egun, hiru dimentsioko datuak eskaneatuta bidali ahal dizkidate, fosilenak eta berreraikitzearen etapenak».
Teknologia berrien alde txarra aipatu du, ordea. Haren ustez, «jarduera liluragarria» da paleoartea. Hori dela eta, jende anitz erakartzen du zaletasun moduan, baina ez hainbeste profesionalki. Foro anitz daude, eta, batzuetan, zaila izaten da informazio profesional eta zehatza zaletasun moduan egiten duten horiengandik bereiztea. Bestalde, paleoartista profesionalek bakarrik egiten dute lan gehienetan: «Nahiko independenteak gara. Egiteko dugun ikasgaia da gure lanbiderako jarraibide bat sortzea».
Ugaztunak irudikatzen aditua da. Txikia zelarik, sable horzdun tigre bat ikusi zuen Venezuelan, han bizi zela. Harrezkeroztik, desagertutako animalia hark liluratu du. Onartu du haren ilustrazioak dituela gustukoen. Madrildik gertu, sable horzdun tigreen ohiz kanpoko hobi bat topatu zuten, eta hainbat urtez indusketa lanetan parte hartzeko aukera izan zuen. Horrez gain, fosilak lurpetik atera, aztertu eta marraztu zituen. «Zalantzarik gabe, nire animaliarik gogokoena denaren inguruak ikasteko aukera izan dut».
Kontzientzia sortu nahian
«Ez dut nahi nire lana bitxikeria moduan gera dadin, iraganeko lamina huts moduan. Nire lanari zentzua ematen diona naturaren iraunkortasuna da», azaldu du Antonek. Film batekin alderatu du biodibertsitateaz dugun ikuspegia: «Atzera begiratuz gero, fotograma bat bestearen atzetik ikusiko dugu. Egun, fotograma bakarra ikusteko gai gara. Orainaren eta iraganaren arteko denbora ikuspegi horrek kontserbazionista bihurtzen gaitu». Antonen gaur egungo mundu ikuspegia biodibertsitatearen kontserbazioan oinarritzen da.
«Historiaurreko mundua hilda dagoen zerbait bezala ikusten dugu, naturaren iraunkortasunari erreparatu gabe», Antonen esanetan. Paleoartisten lanbidea minoritarioa denez, gizarteak haien lana ezagutzen du, aise heltzen baitira gizartearengana. Paleoartistengan, ordea, jendeak ez du pentsatzen. Are gutxiago, iraunkortasunean hausnartzen, Antonen ustez.
Ondare paleontologikoa gizarteari era azkarrenean helarazteko erreminta gisa ere ikusten du paleoartea. Izan ere, iraganeko bizitzaren informazioa kodetua dago fosiletan. Gizarteak ez du materia bizigabe hori ulertuko, baldin eta norbaitek ez badu dekodetzen. Horretan datza paleoartisten zeregina. Bestela, Antonek azaldu duenez, «fosil batek iraganeko bizitzaren inguruan gordetzen duen informazio guztia baliogabe geldituko da».
Ezinbestekotzat jo du paleoartisten lanak ikusgarri egitea. «Bi arlotan ikusten dut iraganeko bizitza berregitearen garrantzia: batetik, gizartean zabalpena izan dezan; bestetik, teknikoan, zientifikoen arteko informazio trukaketa gerta dadin», gaineratu du.
‘Lucy’, gizakiaren aitzindari
Lucy esaten diote inoiz aurkitutako hominido hezur multzo zaharrenetakoari. Duela 3,18 milioi urteko arrastoak dira, 1974an aurkitutakoak, Etiopian. Egungo gizakiaren aitzindaritzat hartzen den hominidoarenak dira. Zehazki, homo espeziearen aurrekoa izan zen australopitekoarenak. Duela hilabete batzuk Baionan erakutsi zuten haren erreplika bat. Guy Martinez zizelkariak egin zuen.
Paleoeskultura kasualitatez ezagutu zuela adierazi du Martinezek, liburuetan begira. «Hasieratik liluratu ninduen. Zientzia eta historiaren zerbitzura dagoen sorkuntza lana da». Lucy-ren lanari hamar hilabete eskaini zizkion. Hasieran, bustoa soilik sortu zuen. Lucy-ren aurkikuntzan parte hartu zuen taldean zegoen Yves Coppens paleontologoarekin elkartzeak lana gehiago garatzera bultzatu zuen. Gorputz osoa egin zuen orduan.
Lucy nolakoa izanen zen informazioa eskaintzen dute hezur puskek, eta paleoeskultoreek horretan behar dute oinarritu balio zientifiko bat aitortzea nahi badute. Hortaz, hainbat ezaugarri hartu zituen kontuan Martinezek, hala nola garaiera (1,10 metro) eta hezurren luzera. Dena den, aitortu du berregite lana hasi zuenean irudimenari ere bide eman ziola.
Martinezek 30 urte baino gehiago daramatza eskulturak egiten. Bakarrik ikasi zuen bere ofizio bilakatu dena. Harria eta metala landu zituen lehendabizi. Buztina ondoren. Horrekin hasi zen animalia eta pertsonen eskulturak egiten. Hala espezializatu zen arlo horretan. Gero eta maizago elkartzen da paleontologo eta zientzialariekin. «Datu zientifikoetatik abiatu eta erreala izan zen izaki bat berregiteak izugarri betetzen nau», azaldu du.
Dena den, uste du paleoartistak, oro har, nahiko bakartiak direla. Ez dauka paleoartista ezagunik inguruan. Bere lanei eta teknika berriak ikasteari eskaintzen die denbora osoa. Hala ere, gustuko du Bordelen (Okzitania) duen tailerrean irakastea, eta ikasitakoa partekatzea: «Mundu hau deskubritzen duena berehala zaletzen da, eta atsegina da pasio bera konpartitzen duzun jendearekin elkartzea».
Lan bakartia den arren, Antonek eta Martinezek, biek ala biek dituzte erreferenteak. AEBetako Charles R. Knight da horietako bat. XIX. eta XX. mendeetan egin zuen lan. Aro Mesozoikoa landu zuen gehienbat. Lan eta mural «ikusgarriak» egiteaz gain, Antonek azaldu du egun arte iraun duen lan molde bat asmatu zuela.
Anton eta Martinezek ugaztunak jorratu dituzte beren lanetan. Asko dira, ordea, dinosauroak irudikatzen dituzten paleoartistak. Are gehiago, hastapenean erreferente ziren gehienen espezialitatea garai Mesozoikoa izan zen. Paleoartera lotzen diren zale askoren gaia ere bada.
Historiaurreko bizitza moduen ezaugarri asko hipotesietan oinarritzen direla azaldu du Antonek. Izan dinosauroak, izan historiaurreko gizakiak, paleoartisten eta zientzialarien artean lortzen dute iragan hura gizartera zabaltzea.